Aretxabaletako jaietan zein Irurakoetan; Donostiako Aste Nagusian zein Zelatuneko ostatu txikiaren alboan. Erromeriak beti izan dira Euskal Herrian festa eta ospakizunetako ezinbesteko pieza. Modu tradizionalagoan lehenengo, eta askotariko musika estiloen bertsioak eginez azken urteetan. Aspalditik datoz mota horretako taldeak, eta, urte batzuetan beherakada izan zuten arren, puri-purian daude orain. Batzuk eszenatokitik erretiratu orduko sortzen dira erromeria talde berriak. Horietako bat da Legazpiko sei gaztek berriki sortutako Emaion taldea. Bide Batez taldeak, aldiz, badauka eskarmentua plazan: hamasei urte daramatza jairik jai. Gipuzkoan entzutetsua izan zen 3gabe2 erromeria taldea ere; 2015ean hartu zuen erretiroa, 175 kontzertu pasa eman ondoren.
Ikusi gehiago
Eneko Etxabek (Zarautz, 1978) 8 urte zituela jo zituen lehen aldiz notak eskusoinu batekin. Bide Batez erromeria taldeko trikiti jolea da. Duela hamasei urte sortu zuen taldea, baina dezente lehenago hasi zuen ibilbidea erromerien munduan. «16 urte ingururekin hasi nintzen anaiarekin, Etxabe anaiak izenpean. Hamabi urte egin genituen, eta gero Aitor Landa baxu jotzailea batu zitzaigun. Hasierako asmoa zen afizioa ofizio bilakatzea, baina azkenean nekatu egin ginen, eta urtebeteko deskantsua hartu genuen». Horren ondoren sortu zuten Bide Batez taldea. Hasieran, laukote gisa: baxua, bateria, abeslaria eta trikitia. Urte batzuk geroago gitarra sartu zuten.
3gabe2 Donostiako taldea, berriz, modu inprobisatuago batean hasi zen. «Aisialdiko begirale gisa ibiltzen ginen bost lagun, eta urte batean begiraleen topaketa batzuetan jotzeko elkartu ginen. Han hasi zen guztia, eta gero, pixkanaka, jai batzuetan eta besteetan kontzertu txikiak ematen hasi ginen», esan du Andoni Mujika (Donostia, 1984) taldeko kideak. Azkenerako, Donostiako erromeria talde entzutetsuenetako bat bilakatu zen 3gabe2. «Ez genuen dirua egiteko egitasmo gisa sortu. Gure filosofia zen taldetik dirurik ez jasotzea; bestela, nahi ez genituen kontzertuak onartzeko arriskua zegoen». Bost kideko talde gisa hasi ziren, baina zortzi izan ziren gero. «Hasieran oso lotsagabeak ginen; publikoaren aurrera ateratzen ginen kalitate eskasarekin, baina oso jarrera onarekin. Azkenean, orduak eman genituen, eta hobetuz joan ginen. Urtero 30 kontzertu baino gehiago ematen genituen».
«Gure filosofia zen taldetik dirurik ez jasotzea; bestela, nahi ez genituen kontzertuak onartzeko arriskua zegoen»
ANDONI MUJIKA3gabe2 taldeko kidea
Talde berezia izan zen 3gabe2; besteak beste, musikaren aukeraketan izan zuen originaltasunagatik. «Gu hasi ginen txosnetako erromerietan beste era bateko kantuak sartzen; Doraemon edo Chica yeye, esaterako. Euskal rocka eta trikierromeria batzen zituen errezeta horretatik harago, genero bat ireki zen», esan du Mujikak.
Emaion taldeak kantu berriagoen bertsioak jotzen ditu, baina betiko abesti batzuk ere errepertorioan sartuta. Legazpiko Doinua musika eskolako ikasleak ziren taldekide guztiak, eta, 2019an, bertako proiektu gisa sortu zuten taldea. Duela bi urte jo zuten lehen kontzertua jendaurrean, Legazpiko San Inazio festetan, eta orduz geroztik gehiago eman dituzte. «Taldekide batek trikitia jotzen zuenez, pentsatu genuen erromeria zela hobekien egokitzen zitzaigun estiloa. Gainera, abesti ezagunak jo nahi genituen», adierazi du Maier Iartza taldekideak (Legazpi, 2005). Uda honetan hamar kontzertu inguru eman dituzte.
Erromeriak, aldatuz
«Lehengo erromeriak tradizionalagoak ziren. Trikitixa, valsa, rantxerak... Plazak ere oso desberdinak ziren; auzo txikietan zein erromeria tradizionalak antolatzen ziren herrietan jotzen genuen», dio Bide Batez taldeko Etxabek. «Orain, gitarrarekin eta instrumentu gehiagorekin jotzen dugu, eta esango nuke erromeriak gehiago funtzionatzen duela berbena talde gisa. Plazako jendea ere aldatu dela uste dut», ondorioztatu du.
«Orain, gitarrarekin eta instrumentu gehiagorekin jotzen dugu, eta esango nuke erromeriak gehiago funtzionatzen duela berbena talde gisa»
ENEKO ETXABEBide batez taldeko kidea
Izan ere, nahasgarria izan daiteke erromerien kontzeptua, asko aldatu baita azken urteetan. Etxaberen ustez, erromeriak estilo tradizionaleko taldeak izan ohi dira: adibidez, fandangoa, arin-arina eta trikitia jotzen dute. Plazako estiloa duten taldeak, ordea, bertsioak eta musika berriagoa jotzen dutenak dira; normalean, instrumentu gehiago erabiltzen dituzte.
«Gozategi eta Huntzaren gisako taldeen bertsioak egiten ditugu, eta erromerietan dabiltzan gainontzeko taldeak ere hartzen ditugu eredutzat»
MIRENE ETXEBERRIAEmaion taldeko kidea
Emaion taldeak, esaterako, gisa horretako kontzertuak hartu ohi ditu erreferentziatzat, Mirene Etxeberria taldekideak (Legazpi, 2005) esan duenez: «Gozategi eta Huntzaren gisako taldeen bertsioak egiten ditugu, eta erromerietan dabiltzan gainontzeko taldeak ere hartzen ditugu eredutzat».
Edozein modutan, erromeriak «indartsu» daude gaur egun, Etxabek eta Emaion taldeko kideek adierazi dutenez. «Duela hogei urte arrakastatsuak izan ohi ziren erromeriak, eta, gero beherakada bat izan zuten arren, uste dut gaur egun berriro puri-purian daudela», esan du Etxabek. Aiako Aiztarratzuko erromeriaren adibidea jarri du: han «betidanik» egin izan da erromeria igandean, urri erdialdetik ekainera arte. Azken urteetan berriro indarra hartzen ari da erromeria tradizional hori, Etxaberen hitzetan. Batez ere, pandemiaren ondoren ikusi du ezberdintasuna: «Uste dut jendea beste gogo batekin dagoela. Jende gazteak plazako musika nahi du». Bat datoz Emaion taldeko Iartza eta Etxeberria: «Emanaldietan gure adineko jendea izaten da gehien. Pozik etortzen dira. Jende dezente egon ohi da».