Proposamena: Hariak zinemaldia

Erresistentzia istorioak lotzen dituen haria

Hariak erresistentzia istorioei buruzko zinemaldia hasi zen atzo, Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan. Gaurtik aurrera, hamar dokumental proiektatuko dituzte, eta zenbait solasaldi ere izango dira.

(ID_14408007) (/EZEZAGUNA) (;)
Hariak zinemaldiko solasaldi bat, iazko azaroan, Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan. HARIAK ZINEMALDIA
Miren Mujika Telleria.
Hernani
2024ko azaroaren 8a
05:00
Entzun

Abian da Hariak erresistentzia istorioei buruzko zinema jaialdia, Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan. Jaialdiaren helburua da, besteak beste, ahotsa ematea munduko hainbat herrialdetan giza eskubideen urraketen kontra antolatzen direnei. Gaurtik aurrera, hamar dokumental emango dituzte azaroaren 17ra bitartean, bai eta solasaldiak, kontzertuak eta afrodantza saio bat ere. Hernaniko Udaleko Lankidetza Batzordeak eta Amher elkarte antirrazista eta feministak antolatzen dute jaialdia. Doakoak izango dira saio guztiak.

Hirugarren aldia du jaialdiak, eta Itsaso Lekuona Lankidetza zinegotziak esan du «oso giro berezia» sortu zela aurreko bi aldietan. «Behin etortzen dena, berriz ere etortzen da». Lekuonak dio Hernaniko Udalak aspaldi ekin ziola askotariko «sentsibilizazio ekimenak» antolatzeari, «mundu osoan gertatzen diren giza eskubideen urraketak ikusarazteko». Hain zuzen, uste du ikus-entzunezkoak «oso baliagarriak» direla horretarako: «Zinemaldi formatu honek erresistentzia istorio askotarikoei oihartzuna ematen lagundu digu».

Hernaniko Udalak ezinbestekotzat dauka giza eskubideen kontrako urraketen gaineko kontzientzia piztea. «Giza eskubideen urraketa asko eta askotarikoak gertatzen dira munduan, baita Euskal Herrian ere», esan du Lekuonak. «Urraketa horien aurrean antolatzen diren borroketan jarri nahi dugu arreta; bestela, etsipenera jotzeko joera egon daiteke, desaktibatzekoa». Zinegotziak dioenez, Hariak zinemaldiak erakusten du munduko hainbat lekutan gertatzen diren borrokek lotura dutela, «elkarrekin lotzen dituzten hariak daudelako». Aurten, memoria kolektiboa izango da borroka horiek batuko dituen haria, antolatzaileek horixe hartu baitute gaitzat.

«Giza eskubideen urraketen aurrean antolatzen diren borroketan jarri nahi dugu arreta; bestela, etsipenera jotzeko joera egon daiteke, desaktibatzekoa»

ITSASO LEKUONAHernaniko Udaleko Lankidetza Batzordeko zinegotzia

Atzo egin zuten hasierako ekitaldia, film guztien aurrerapenak proiektatuz. Amanda Verrone ekofeminista eta ikerlari brasildarrak solasaldi bat egin zuen gero, Brasilgo MST Lurrik Gabeko Nekazarien mugimenduari buruzkoa. Mugimendu horrek gizarte aske eta bidezko bat lortzea du helburu, eta, horretarako, lurrak okupatu eta elikagaiak ekoiztea da hango kideen erresistentzia bidea. Hain zuzen, prozesu horren gaineko gakoak eman zituen Verronek. Brasilgo doinuek itxi zuten atzoko aurkezpen ekitaldia, Matheus eta Rodrigo Mota musikariekin.

Lima Soualemen Bye bye Tiberias dokumentalak zabalduko du gaur jaialdiko filmen egitaraua. Hiam Abbassen eta haren familiaren istorioa kontatzen du filmak: Frantzian aktore lanetan aritu ondoren alabarekin etxera itzuliko den palestinar batena. Olga Rodriguez nazioarteko, Ekialde Hurbileko eta Giza Eskubideetako gaietan aditua den kazetariaren hitzaldi bat izango da dokumentala amaitutakoan, eta Palestinaren historia kontatu eta lurraldeak egun duen egoera aztertuko du.

(ID_14408009) (/EZEZAGUNA) (;)
Lima Soualemen Bye bye Tiberias dokumentaleko fotograma bat. HARIAK ZINEMALDIA

Beste bederatzi dokumental emango dituzte hilaren 17ra bitarte, ostegunetik igandera. Hala nola, Stefanne Prijoten La vie d'une petite culotte, Stephen Loveridgeren Matangi / Maya / M.I.A., Bertha Gaztelumendiren eta Rosa Zufiaren Arnasa betean, Maite Alberdiren La memoria infinita, Sushmit Ghoshen eta Rintu Thomasen Writing with fire, Amets Arzallusen eta Marc Parramonen Altsasu (gau hura), Myriam Bakirren Mothers, Mariano Agudoren Samba, un nombre borrado eta Chris van der Vormen A poweful symol for change. Jaialdia Quinndy Akeju afroaktibistaren afrodantza saio batekin amaituko da jaialdia. Filmak jatorrizko bertsioan emango dituzte, euskarazko edo gaztelaniazko azpidatziekin.

Dokumentalek lantzen dituzten gaietan adituak diren hizlariak izango dira, halaber: Bertha Gaztelumendi, Adur Ramirez de Alda, Jasna Pavletich, Teresa Toda, Begoña Gorosperekin, Olga Rodriguez, Ebabba Hameida, Gontzal Martínez de la Hidalga, Quinddy Akeju, Hayar Abderrahman, Ramia Chaoui, Ainhoa Bilbao, Mahmoud Traore eta Pilu Alba. «Solasaldiek dokumentaletan ikusitakoaren gainean hausnartzeko aukera emango diote ikusleari», esan du Lekuonak.

(ID_14408008) (/EZEZAGUNA) txikia1
Iazko Hariak zinemaldiko film baten emanaldia, Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan. HARIAK ZINEMALDIA

Ikus-entzuleen parte hartzea sustatu nahi dute aurten, aurreko aldietan sortutako «magia» berriz sortu dadin. «Plan ederra da benetan, asko ikasi eta gozatzen baita aldi berean. Jendeak hausnarketetan edota datozen aldietako proposamenetan parte hartzea nahi dugu».

EGITARAUA


GAUR

  • 18:00. Lima Soualemen Bye bye Tiberias.
  • Ondoren. Solasaldia Olga Rodriguez nazioarteko, Ekialde Hurbileko eta Giza Eskubideetako gaietan aditua den kazetariarekin.

BIHAR

  • 11:00. Stefanne Prijoten La vie d'une petite culotte.
  • 12:00. Solasaldia SETEM federazioko Ainhoa Bilbaorekin.
  • 18:00. Stephen Loveridgeren Matangi / Maya / M.I.A.
  • Ondoren.SolasaldiaGontzal Martinez de la Hidalga Herrien Auzitegi Iraunkorreko kolaboratzailearekin.

IGANDEA

  • 11:00. Bertha Gaztelumendiren eta Rosa Zufiaren Arnasa betean.
  • 12:15. Solasaldia, Bertha Gaztelumendirekin.
  • 18:00. Maite Alberdiren La memoria infinita.
  • Ondoren. Solasaldia Jasna Pavletich, Teresa Toda eta Begoña Gorosperekin.

AZAROAK 14

  • 18:00. Sushmit Ghoshen eta Rintu Thomasen Writing with fire.
  • 19:30. Solasaldia Ebbaba Hameida kazetari sahararrarekin.

AZAROAK 15

  • 18:00. Amets Arzallusen eta Marc Parramonen Altsasu (gau hura).
  • Ondoren.Solasaldia Altsasuko auzian epaitutako Adur Ramirez de Aldarekin.

AZAROAK 16

  • 11:00. Myriam Bakirren Mothers.
  • 12:00. Solasaldia Jaima Maternal ama eta haurdun musulmanentzako gune ez-mistoko Hayar Abderrahman eta Ramia Chaouirekin.
  • 18:00. Mariano Agudoren Samba, un nombre borrado.
  • Ondoren. Solasaldia Mahmoud Traore Ceutako hesia (Espainia) saltatu ondoren Europara iritsi zen senegaldar gaztearekin eta Pilu Alba Elin elkarteko giza eskubideen aldeko ekintzailearekin.

AZAROAK 17

  • 11:00. Chris van der Vormen A poweful symol for change.
  • 12:20. Solasaldia Quinndy Akeju afroaktibistarekin.
  • Ondoren. Akejuren afrodantza saioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.