Asteartean izan zen Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Eguna. Horren harira, kultur aniztasuna aldarrikatzen duen jaialdi bat antolatzen dute urtero Errenterian: 11 Kolore. Bederatzigarren aldia du aurten jaialdiak, eta urtetik urtera «oihartzun handiagoa» hartzen ari dela jakinarazi dute antolatzaileek. Maiatzaren 15ean hasi zen jaialdia, eta hilaren 29an amaituko da.
11 Kolorek Errenteriak duen aniztasuna «aldarrikatzen eta ospatzen» duela adierazi du Itsaso Cruz Errenteriako Udaleko Kultura Aniztasunerako, Giza Eskubideetarako eta Garapenerako Lankidetza zinegotziak, Cruzek dioenez herria «aniztasun handikoa» baita. Bat dator harekin Naroa Galdos jaialdiaren dinamizatzailea, eta azaldu du hausnarketarako bide ematen duela jaialdiak: «Kulturarteko topaketak sortu, kultur aniztasunari lotutako gaiak landu eta horien inguruan hausnartzen dugu. Era berean, Errenteriak duen kultur aniztasunaren aberastasunari balioa eman nahi diogu, eta aberastasun horretaz gozatu, positiboa baita. Horrela ulertzen dugu aniztasuna».
Galdosek gaineratu du Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Egunaren harira Gipuzkoako hainbat lekutan hasi zirela antolatzen 11 Kolore. Nolanahi ere, orain bederatzi urte hartu zuen Errenteriak lekukoa, eta ordutik ari dira kultur aniztasunari gorazarre egiten.
«Errenteriak duen kultur aniztasunaren aberastasunari balioa eman nahi diogu, eta aberastasun horretaz gozatu, positiboa baita».
NAROA GALDOS11 Kolore jaialdiaren dinamizatzailea
Burubeltz da jaialdiaren ikurretako bat: hura da protagonista nagusia. Ipar Euskal Herriko ardi latx beltz bat da Burubeltz. Askotarikoak dira soinean daramatzan jantzi eta zapien koloreak, eta horiek Euskal Herriak duen aniztasuna ikusarazten dutela esan du dinamizatzaileak. «Kolore horiek kontinente guztietako kulturak irudikatzen dituzte». Ainhoa Redondo artista errenteriarra da aurtengo aldiko kartelaren egilea, eta, hain zuzen ere, Burubeltz pertsonaia irudikatu du bertan.
Askotariko jarduerak
Aurtengo jaialdia «indartsu» abiatu dela jakinarazi du Galdosek, askotariko jarduerak antolatu dituztelako. Herriko 70 eragile baino gehiagoren artean osatu dute egitaraua. «Aurten sekulako parte hartzea dugu. Oso pozik eta eskertuta gaude herriarekin». Eragileen parte hartzeak «izaera anitza» duen programazioa osatzeko modua eman diela esan du Maria de Frutos Errenteriako Udaleko Kultura Aniztasun teknikariak. Hori dela eta, gaineratu du herritarrek beren gustukoa den ekintzaren batean parte hartzeko aukera izaten dutela.
Jaialdia hastearekin batera, erakusketa bat ireki zuten Emakumeen Etxean —Migrantas: Hain gertu eta hain urrun—. Iritsi berriak diren emakume etorkinek jasaten dituzten egoerez jabetu eta horien gainean hausnartzeko aukera ematen du erakusketak. Hilaren 29ra arte egongo da ikusgai.
«Aurten sekulako parte hartzea dugu. Oso pozik eta eskertuta gaude herriarekin».
NAROA GALDOS 11 Kolore jaialdiaren dinamizatzailea
Beste hainbat jarduera izango dira hurrengo egunetan. Gaur arratsaldean, kasu baterako, Burubeltz konpartsaren kalejira koloretsua irtengo da herriko plazatik, eta batukada bat izango du lagun. Antolatzaileek aurreratu dute kalejira «ikusgarria, ederra eta arrakastatsua» izaten dela. Erdiguneko kaleetan barrena ibiliko da kalejira, eta Zumardiko Txintxarri elkartean bukatuko du ibilbidea. Txintxarrin egingo dute eguneko bigarren jarduera: gastronomia topaketa bat. Jatorri askotako herritarrek eta Familia Laguna programaren parte hartzaileek hainbat herrialdetako jakiak prestatuko dituzte.
Gainera, 11 Zapore egitasmoa egingo dute gaurtik igandera bitarte. Ekinaldi horren barruan, munduko zaporeak dastatzeko aukera izango da Errenteriako 24 taberna eta jatetxetan. Establezimenduok identifikatu ahal izateko, apaingarri bat izango dute sarreran.
Bihar, larunbatarekin, Latinoamerikako dantza tailerren eta musikaren jaialdia egingo dute, Gamon Zumardian. Salsa, bachata eta boogaloo dantza estiloak, salsa kubatar kontzertuak eta DJak izango dira, besteak beste.