Erosketa saskia, jasangarriago

Elikaera ikerketak ondorioztatu du 0,56 zentimo gehiago ordainduta elikagaien erosketa jasangarriagoa izan daitekeela. Aplikazio baten bidez, helburu hori lortzeko gomendioak eman dituzte.

(ID_14261601) (Gorka Rubio/@FOKU) 2022-01-20 Donostia. KPI IGOERA
Herritar batzuk erosketak egiten, 2022an, Donostiako Bretxa merkataritza gunean. GORKA RUBIO/FOKU
jone arruabarrena
2024ko irailaren 22a
05:00
Entzun

Nolako inpaktua dute ingurumenean erosketa orgatxora eramaten ditugun jakiek? Nola murriztu daiteke inpaktu hori? Eta, batez ere, zer preziotan? Horri guztiari erantzun bat emateko sortu dute Elikaera web aplikazioa Osoigo Next, Eroski eta ACEDE-H-Enea Living Lab-ek, eta erantzun zehatz bat ere eman dute: 0,56 zentimo gehiago ordainduta, erosketa jasangarriago bat egin daiteke.

Ohiko erosketa baten simulazio bat egiten du erabiltzaileak aplikazioaren bidez, eta Elikaerak berak ematen ditu gero gomendioak erosketa hori jasangarriago egiteko. Era berean, erabiltzaileen datuak baliatu dituzte erosketa ohituren gaineko ikerketa bat egiteko, Xabi Murua Osoigo Next-eko zuzendariak azaldu duenez: «Erabiltzaileak, aplikaziora sartu, eta galdera batzuk erantzuten ditu. Erantzun ahala, bere erosketaren jasangarritasun maila ikus dezake, eta, horren arabera, jasangarritasuna hobetzeko aldaketak proposatzen ditu aplikazioak».

Guztira, 4.036 gipuzkoarrek hartu dute parte ikerketan. Haietatik 938 lagunek egin dute erosketa simulazioa, baina, gomendioen ondoren, ez dute erosketa hobetzeko aukerarik hautatu. Aldiz, 732k, erosketa hobetzeko hautua egin dute. 2.464k modu presentzialean egin diren prozesu parte hartzaileetan hartu dute parte.

«Bere erosketaren jasangarritasun maila ikus dezake erabiltzaileak»

XABI MURUAOsoigo Next enpresako zuzendaria

Ikerketaren metodologia ere ezohikoa dela nabarmendu du Muruak: «Ikerketa herritarren parte hartzearekin egin da. Askotan, herritarrek dituzte erantzunak, eta kalean daude soluzioak, ez erregulazioak erabakitzen diren bulego batean». Ikerketan parte hartu duten herritarren %85 emakumeak izan dira, eta gehienak, 35 eta 54 urte artekoak.

Aplikazioa erabili duten 2.500 erabiltzaileren erantzunak kontuan hartuta osatu dute azterlana, eta ondorioztatu dute 0,23 euroren truke %27 tokiko produktu gehiago gehitu ditzaketela erabiltzaileek saskira. 1,53 euroren truke, berriz, %19 gehitu daitezke plastikozko ontzirik ez duten produktuak. 

(ID_14248983) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-09-12, Donostia. Xabi Murua eta , Osoigo enpresak Gipuzkoarren erosketen jasangarritasunari bur...
Xabi Murua Osoigo enpresako zuzendaria eta Eñaut Iturbe ACEDE-H-Enea Living Labeko kidea, hilaren 12an, Donostian. JON URBE / FOKU

Ikerketa egiteko bost irizpide hartu dituzte kontuan, Eñaut Iturbe ACEDE-H-Enea Living Labeko kideak azaldu duenez. «Erosketaren jasangarritasuna neurtzeko bost adierazle finkatu genituen, Eroskiren laguntzarekin: tokiko ekonomia, plastikozko ontzien erabilera, elikagaien hondakinen aprobetxamendua edo xahuketa, karbono aztarna eta produkzio mota. Aldagai horiek eragina daukate ingurumenean».

Aplikazioaren erabiltzaileei galdetu diete euren erosketa zertan hobetu nahi duten. «Eroskiko supermerkatuetan saio presentzialak ere egin ditugu kontsumo ohitura hauek neurtzeko, Debagoieneko Nagusien Kontseiluarekin batera, besteak beste. Saio horietako parte hartzaileek ere garrantzi handia ematen diete tokiko ekonomiari eta plastikoa murrizteari», esan du Iturbek.

(ID_17265731177235) (/EZEZAGUNA)
Eroskiko supermerkatu batean egindako saio presentzial bat, joan den urtean. OSOIGO NEXT

Bestalde, ondorioztatu dute karbono aztarna dela parte hartu duten kontsumitzaileak gutxien kezkatzen dituen adierazlea. «Hala ere, erosketa simulazioak erakusten du 0,27 euro gehiagoren truke karbono aztarna ia 4 kilo murrizten dela. Gainera, saskia osatzeko behi haragia aukeratzen ez dutenek ia erdira murrizten dute adierazle hori», jakinarazi du Iturbek. Hain zuzen, ikusi dute parte hartu dutenen laurdenek ez dutela okela gorririk erosi, eta, beraz, horien karbono aztarna nabarmen txikiagoa dela.

«0,27 euro gehiagoren truke, karbono aztarna ia 4 kilo murrizten da»

EÑAUT ITURBEACEDE-H-Enea Living Labeko kidea

Ikerketaren arduradunek esan dute Elikaera «sentsibilizazio tresna bat» ere badela. «Tresna bera oso ondo diseinatuta dago, erantzunez zoazen heinean modu erraz batean informazioa helarazten dizulako, eta kontura zaitezkeelako zure ohiturak zertan hobetu ditzakezun», esan du Muruak.

Merkatua, ortuan

Kontsumo jasangarria bultzatzeko, baina, ez dago beti dendara edo supermerkatura joan beharrik. Hain zuzen, norberak bere barazkiak landatzeko baratze parkeak bultzatu dituzte Gipuzkoako zenbait herritan azken urteetan. Egitasmo horren bidez, udalek lursail txikiak ematen dizkiete herritarrei, landaketak egiteko. Baratze parkeak sortzearekin batera, ordea, hutsune bat ikusi zuen Kimu Bat enpresak: baratzeetan hasi berriak ziren herritar askok ezagutza behar zuten landareak behar bezala zaintzeko. Horrela sortu zen Furgobaratza proiektua.

(ID_17265732546325) (/EZEZAGUNA)
Aitziber Otegi, Furgobaratzaren aurrean, Kutxa Ekoguneko Baratze Parkean, baratzezain batzuei argibideak ematen. KIMU BAT

«Pentsatu genuen furgonetarekin baratze parkeetara joan gintezkeela, doako aholkularitza emateko bertan zebilen jendeari, ikastaroak antolatzeko, eta, aldi berean, eurei barazki plantel ekologikoak gerturatzeko», esan du Aitziber Otegi Furgobaratzako arduradunak. Hasiberrientzat ikastaroak ematen dituzte, baina kontsulta konkretuak ere lantzen dituzte baratzezainekin. «Tomateak modu egokian zaintzeko ikastaro bat daukagu, eta baita landareen gaixotasunen, estraktuen edo errotazioen ingurukoak ere», esan du Otegik. Urte hasieran hitzartzen dute udalekin zer herritara joango diren, eta egutegia argitaratzen dute Kimu Bat-eko webgunean eta sare sozialetan. Tailerrak eta kontsultak doakoak eta irekiak izaten dira herritarrentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.