Oiartzungo Zinealdea eraikinak enpresa munduan ohikoa ez den jardunaldi bat eskainiko du gaur. Izan ere, Oarsoaldea Garapen Agentziako Euskara departamentuak antolatuta, enpresentzako Enpatikonomia topaketa egingo dute, laugarrenez. Jardunaldiaren izenak islatzen duen moduan, enpatia eta ekonomia uztartuko dituzte jardunaldiok; antolatzaileen arabera, «Oarsoaldeak nahi duen ekonomia mota pertsonak eta lurraldea kontuan hartzen dituena» baita.
Beste garapen agentzia batzuek ez bezala, Oarsoaldeak Euskara departamentua duela jakinarazi du Joxe Luix Agirretxe Oarsoaldea Garapen Agentziako Euskara arduradunak. Euskara departamentua izateak esan nahi du Oarsoaldea Garapen Agentziak bere lan ildoen artean euskararen normalizazio soziala duela. Hori dela eta, Oarsoaldeak euskararen erabilera eta ezagutza sustatzeko egitasmoak antolatzen ditu eskualdean, eta Enpatikonomia ere «euskaratik eta euskaraz» lantzen dute.
Oarsoaldeko kideak 2003an hasi ziren euskara eta lan mundua bateratu nahian, ildo horri heltzeko beharra zegoela uste baitzuten. Abiatu zuten lehen planak Ola zuen izena, eta Agirretxek adierazi du helburua zela enpresei euskara planak martxan jartzeko laguntzak ematea eta orientatzea.
2017an, baina, ohartu ziren aurreko eskemak ez zuela eskualdeko enpresa guztientzat balio. Agirretxek nabarmendu du enpresa handietan eta baliabideak dituztenetan soilik gauzatu zitekeela euskara plana, baina Oarsoaldeko ehun industriala bestelakoa da, hiru eta zazpi lagun arteko enpresa txikiez osatuta baitago, eta esan du enpresa txiki horietan euskara planen bat abiatzea «zaila» zela. Garapen agentziako kideak egoera horri buelta emateko moduez hasi ziren hausnartzen, eta Agirretxek esan du enpresen erantzukizun sozialaren bidetik jotzeko hautua egin zutela. «Enpresek badute erantzukizun sozial argi bat dauden tokian egoteagatik, bertako jendearekin jarduten baitute». Hortaz, «erantzukizun sozialaren erronkari heldu» ziotela kontatu du euskara arduradunak. «Enpresetan euskara sartu, eta euskara eta euskal kultura sustatu nahi genituen hala».
«Enpresek badute erantzukizun sozial argi bat dauden tokian egoteagatik, bertako jendearekin jarduten baitute».
JOXE LUIX AGIRRETXE Oarsoaldea Garapen Agentziako Euskara arduraduna
Ideia Kataluniatik hartu zuten. Izan ere, erantzukizun sozialeko bederatzi bat ildo dituzte adostuak Katalunian, eta horietako bat da bertako hizkuntza eta kultura bultzatzea. Hain zuzen ere, Oarsoaldea Garapen Agentziak antolatu zuen lehen Enpatikonomia jardunaldia 2017an izan zen, eta Jose Maria Cañellas aditu katalanak azaldu zuen Kataluniako eredua. Oarsoaldean ordutik ari dira euskara eta euskal kultura erantzukizun sozial gisa jorratzen.
Agirretxek adierazi du Enpatikonomiajardunaldiak «bi hanka» dituela: gizarte erantzukizunean euskara eta euskal kultura enpresetan negozio aldagai izatea; eta enpresentzako interesekoak diren gaiak euskaraz jorratzea, normalizazioaren bidean urratsak eginez. «Euskara enpresetako osagai izatea nahi dugu».
Talentua eta lana
Suspertuz egitasmoa du abian Oarsoaldea Garapen Agentziak, eta enpresekin azterketak egiten ditu haien beharrak eta kezkak detektatzeko. Eta azken analisian enpresek mahai gainean jarritako kezkari heldu diote: talentuaren aferari. Agirretxeren ustez, talentuak beste aurpegi bat ere badu: lanaren zentzua. «Bi gai horiek elkarrekin ikusten ditugu; txanpon beraren bi aldeak dira».
«Erantzukizun sozialaren erronkari heldu genion, enpresetan euskara sartzeko eta euskara eta euskal kultura sustatzeko».
JOXE LUIX AGIRRETXE Oarsoaldea Garapen Agentziako euskara arduraduna
Hortaz, talentuan eta lanaren zentzuan jarri dute arreta antolatzaileek; «betiere, pertsonak erdigunean jarrita», Agirretxek zehaztu duenez. Bi gai horien gainean arituko dira topaketan parte hartuko duten hamasei hizlariak.
Hitzaldi, mahai inguru eta praktiken bidez landuko dute. Jardunaldia, baina, ez da horietara mugatuko, bukaeran aitortza egingo dietelako euskara normalizatzeko urratsak egin dituzten eskualdeko 28 enpresari.