Emisio gutxiko eremuari buruzko arretarako bulegoa ireki dute Donostian

Herritarrek neurriaz dituzten zalantzak argitzeko balioko du lokalak. Otsailean jarriko dute ibilgailuen erabileraren sistema berria.

(ID_14447967) (/EZEZAGUNA) udala
Iñigo Garcia Donostiako Udaleko Ingurumen zinegotzia, Ana Lopez Gobernantza Ireki, Digital eta Kolaboratiboko zinegotzia eta Olatz Iarza Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotzia, astelehenean, EGEaren bulegoan, Donostian. DONOSTIAKO UDALA
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2024ko azaroaren 24a
05:00
Entzun

Donostiako Udalak emisio gutxiko eremuari buruzko arreta bulego bat zabaldu du asteon, Amara auzoko Arroka plazako 5. zenbakian. Herritarrek EGE emisio gutxiko eremuaren gainean dituzten zalantzei erantzuteko ireki dute lokala, eta datozen sei hilabeteetan egongo da zabalik. Horretaz gainera, udalak herritarren arretarako bestelako bide batzuk ere jarri ditu martxan, hala nola telefono bidezkoa eta online izapideak egiteko webgune bat.Ibilgailuen erabileraren sistema berria otsailetik egongo da martxan, hiriaren erdialdean.

(ID_14450357) (/EZEZAGUNA) mapa
Donostian ibilgailuen erabileraren sistema berria aplikatuko den eremuaren irudi bat. DONOSTIAKO UDALA

Astelehenean egin zuten bulegoa aurkezteko ekitaldia, eta bertan izan ziren Iñigo Garcia Ingurumen zinegotzia, Ana Lopez Gobernantza Ireki, Digital eta Kolaboratiboko zinegotzia eta Olatz Iarza Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotzia.

Garciak azaldu zuen Donostian emisio gutxiko eremua ezartzeak mesede egingo diola hiriaren inguruneari eta osasun publikoa babesteko «konpromiso sendo eta beharrezko» bati. «EGEaren helburua da gure hirian isuri kutsatzaileak murriztea». Garciak esan zuenez, EGEa ezartzea krisi klimatikoari aurre egiteko urrats bat da. «Trafiko guztia kendu ezin badugu ere, krisi klimatikoaren erantzule diren gasak minimizatzeko konpromisoa hartu dugu». Beharrezkoa den neurri bat dela uste du Ingurumen zinegotziak: «Ez da aukerako neurria, erantzukizun partekatua baizik. Erakundeok gure gain hartu behar dugu neurri hori, gizarte osoaren onerako».

«Trafiko guztia kendu ezin badugu ere, krisi klimatikoaren erantzule diren gasak minimizatzeko konpromisoa hartu dugu»

IÑIGO GARCIADonostiako Udaleko Ingurumen zinegotzia

Neurri hori dela eta, Lopezek aurkezpenean esan zuen Donostiako Udalak «konpromiso sendoa» duela herritarrei «kalitatezko arreta zuzen eta eraginkorra» eskaintzeko, eta, hain zuzen ere, horrexegatik ireki dutela bulegoa. «Emisio gutxiko eremuaren tamainako proiektu batek, zeinak hirian aldaketa garrantzitsua ekarriko baitu, erreferentzia puntu bat behar du neurriaren funtzionamenduari buruzko zalantzak dituztenentzat».

Herritarren arreta

Bulegoak lau arreta gune izango ditu, EGEaren gaineko informazioa emateko eta behar diren izapideak aurrez aurre egin nahi dituzten herritarrei laguntzeko. Astelehenetik ostiralera egongo da zabalik, 09:00etatik 14:00etara —asteazkenetan, 16:00etatik 18:00etara ere bai—. Telefono bidezko arretaren kasuan, udalak laguntza birtualeko sistema bat gaitu du bulegoak itxita edo linea guztiak okupatuta daudenean arreta emateko, «etengabeko zerbitzua bermatzeko». Gainera, udalaren webgunean ere bada gai horren gaineko kontsultak egiteko aukera. 

«Emisio gutxiko eremuaren tamainako proiektu batek erreferentzia puntu bat behar du neurriaren funtzionamenduari buruzko zalantzak dituztenentzat»

ANA LOPEZDonostiako Udaleko Gobernantza ireki, digital eta kolaboratiboko zinegotzia

Azaroaren amaieran abiatuko dute neurri berriaren egokitzapen fasea, hilaren 21eko udalbatzan hura arautzen duen ordenantza behin betiko onartu eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik. Udalak uste du egokitzapen faseak balioko duela herritarrak erregulazio berriarekin ohitzeko eta zuzeneko baimenik ez duten pertsonek dagokien baimena izapidetzeko. Tramite hori udalaren webgunean zein EGEaren bulego berrian egin ahal izango da.

Udal ordezkariek aurkezpenean jakinarazi zuten sarbide kontroleko kamerak urtarrilean jarriko dituztela martxan, eta urtarrilean eta otsailean araudia betetzen ez duten pertsona guztiek jakinarazpen bat jasoko dutela, arau hauste bat egin dutela jakin dezaten. Martxotik aurrera, ordenantza betetzen ez duten ibilgailuei isunak jartzen hasiko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.