Azken urteetan nabarmen egin du behera arrantza tradizionalak; besteak beste, Gipuzkoako kostaldean. Geroz eta arrantzale gutxiago dago. Emakumeen kasuan, aldiz, orain arte ontzietara igo ez diren arren, bakar batzuk hasi dira arrantza lanbide gisa hartzen. Hala ere, duela oso gutxira arte, andreak ez zeuden ondo ikusita itsasontzietan, eta oraindik kostatu egiten da normalizatzea emakumea itsasoan egotea.
Ikusi gehiago
Pasaiako Itsas Eskolan jasotzen dute formakuntza arrantzan edo, oro har, itsasontzietan lan egin nahi duten gazteek. Zubiko lanetan —itsasontzia gidatu eta gobernatzeko lekua— eta ontziko makina gelan lan egiteko formakuntza zikloak eskaintzen dituzte zentroan, oinarrizko itsas eta arrantza jardueretako zikloez gain. «Gizonezkoekin alderatuta, emakumezko ikasleak nabarmen gutxiago dira. Hala ere, urtero izan ohi dugu emakumezkoren bat, azken hiru urteetan behintzat». Ander Elkoro zentroko zuzendariaren hitzak dira.
Ikasturte honetan sei emakumezko ikasle izan dituzte eskolan; bi zubiko lanetan formatzeko zikloetan, beste bi makinetako lanetako zikloetan, eta bi itsas eta arrantza jardueretako oinarrizko ziklo profesionalean. Elsa Tornero (Guadalajara, Espainia, 1994) da oinarrizko zikloa ikasi duten ikasle horietako bat. Guadalajaratik etorri da Pasaiara arrantzaren ogibidea ikastera, nahiz eta lehenago ez duen eduki harremanik mundu horrekin. Itsasontzian dela hartu dio telefonoa Gipuzkoako Hitza-ri, ikasturtea bukatu ondoren praktika gisa lehen aldiz itsasoratzeko minutu gutxi falta dituenean: «Aldaketa bat nahi nuen; gogoa neukan itsasora irten eta bertan lan egiteko. Egunero egunsentia ikusi nahi nuen, eta soilik ortzi muga ikusten den leku batean egon».
«Gizonezkoekin alderatuta, emakumezko ikasleak nabarmen gutxiago dira. Hala ere, urtero izan ohi dugu emakumezkoren bat, azken hiru urteetan behintzat».
ANDER ELKOROPasaiako Blas de Lezo arrantza eskolako zuzendaria
Dena den, Elkorok adierazi du emakumeek «zailtasun gehiago» dauzkatela arrantza munduan lana bilatzeko orduan. Uste du lehenengo sektorea «mundu itxia» dela oro har: «Normalean, arrantzara sartzeko familiako norbait izan behar duzu sektorean, edo, bestela, kostakoa izan. Gainera, historikoki oso mundu maskulinoa izan da arrantzarena». Gaineratu du lana bilatzeko orduan patroiek gizonezkoak nahiago dituztela, «elkarbizitzarako»: «Ikasleek praktikak egiteko itsasontziak bilatzen hasten garenean, baxurako arrantzan normalean ez dute nahi izaten emakumerik». Hala, Tornerok adierazi du ez duela arrantza munduan dabilen emakumezko erreferenterik: «Barrualdekoa naizenez, eta ez daukat itsasoan lan egin duen familiakorik edo ezagunik».
Beste sei gizonezkorekin hogei egun inguru egingo ditu itsasontzian Tornerok. Euskal kostan atuna arrantzatuko dute. Aspaldi ohartarazi zioten beharbada oztopoak izango zituela lana topatzeko, emakumea delako: «Konplikatuagoa zela esan zidaten, patroi batzuek ez dutelako nahi emakumerik ontzian. Hala ere, tripulazio honek ondo hartu nau, eta oso jatorrak dira. Guztiok gela berean egiten dugu lo. Egia da ez daukazula intimitaterik, baina niri pertsonalki ez dit axola».
«Lana aurkitzea konplikatuagoa zela esan zidaten, patroi batzuek ez dutelako nahi emakumerik ontzian».
ELSA TORNEROPasaiako Arrantza Eskolako ikaslea
Dena dela, Elkorok esan du pixkanaka egoera aldatuz doala: «Azken urteetan hartu izan dituzte emakumezkoak ere, eta ematen du egoera aldatzen ari dela. Betikoa da: praktiketarako atea irekitzen badiete eta lana ondo egiten dutela ikusten badute, aurrerapausoa nabarmena da».
Andrazkoak hartzeko bultzada
2016. urtean, Eusko Jaurlaritzak Itsasoratu programa jarri zuen abian. Itsasoko industrian ikasleei praktikak egiteko aukera ematen die egitasmo horrek, eta arrantzaren sektorean gazteen enplegua eta belaunaldien arteko erreleboa bultzatzea dauka helburu. Programak 5.000 euroren laguntzak ematen dizkio enpresa bakoitzari kontratatzen duen ikasle bakoitzeko —enpresak ikasle bakoitzari eman behar dizkion haborokinen, Gizarte Segurantzaren, tutoretzaren, monitorizazioaren, mantenuaren, gainbegiratzearen eta ekipamenduaren gastuak ordaintzeko—.
2022ra bitartean, Bizkaian eta Gipuzkoan 120 ikaslek hartu zuten parte Itsasoratu programan, baina enpresek bi emakumezko soilik kontratatu zituzten haietatik. Gauzak horrela, sektorean emakumezkoen kontratazioa bultzatzeko asmoz, 2023ko eta 2024ko deialdietan mila euro gehituko dizkiote diru laguntza horri kontratatutako ikasleak andrazkoak diren kasuetan.