«Zumardiko zatia San Fermin festetarako itzuliko zaie antxotarrei». Joan den astean Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioko sailburuak esan zuen hori, eta itxaropena piztu du Pasai Antxoko biztanleen artean. Pasaiako barrutian egiten ari diren lurpeko topo geltoki berria eta Altza-Errenteria zatiaren lanak bisitatu zituen Arriolak urtarrilaren 24an, Pasaiako alkate Teo Alberrorekin, Eusko Trenbide Sareko zuzendari orokor Ernesto Martinezekin eta SOS Antxo plataformako kideekin batera. Izan ere, 24 hilabete pasatu dira lan horiek hasi zituztenetik, eta 2026ko otsailean dira guztiz bukatzekoak.
Prozesuaren ekuatorera iritsi dira, beraz. Baina aurtengo uztailerako lurrazaleko lanak amaitu nahi dituzte, lurpekoekin jarraitu ahal izateko. Hala, baliteke Gure Zumardia plaza erabilgarri egotea udarako; Antxon San Fermin jaiak ospatzen dituztenerako. Herrikoak gogoz daude jaiak eta bizitza lehenera itzul daitezen. Festei dagokienez, eragina izan dute lanek, baina egunerokoan herri barruan egiten dituzten joan-etorrietan ere eragina dute: lehen ohikoak ziren bideak itxita daudenez gero, askoz ere bide luzeagoa egin behar izaten dute nahi duten tokira heldu ahal izateko.
Dena den, bertakoek badute eraberritze lanek herriaren onerako izango diren esperantza, lurpeko geltoki berria egitean egungo topoaren zubiak eraitsiko dituztelako, eta horrek modua egingo duelako espazio berriak izateko. Aldi berean, Donostiaranzko topoen maiztasuna 7,5 minutukoa izatea ekarriko du obra erraldoiak; eta ordu laurden batekoa da egun maiztasun hori.
Herria, «zatituta»
«Baina gaur egun Antxo zatitua dago», esan du Izaskun Barbier antxotarrak. Herritarrek diote Antxo erdi-erditik zatitua dagoela lanak hasi zirenetik. Barbierrentzat, gainera, zatiketa «ez da fisikoa soilik; gogoan ere eragiten du». Izan ere, hark azaldu duenez, Gure Zumardia plaza barrutiaren erdigunea da, zabalgune bakarrenetarikoa, eta toki hori zein inguruko establezimenduak dira herritarren bilgune. «Lehen barrutiaren bizitzaren zati handi bat Gure Zumardian egiten genuen. Guztiz hartua daukate obrek eremu hori. Ez dago bizitza komunik. Orain, obren alde batean edo bestean biltzen dira herritarrak, eta horrek ohiturak aldatzea eta harremanak etetea eragin du». Egun bizi duten egoera lehengokora itzuli dadila du desio: «Arraro dago herria, eta lanak bukatzeko gogoz gaude. Behintzat, Zumardia zabal dezatela».
Antzera mintzo da Aitziber Diaz-Guemes, esan baitu faltan sumatzen dituela sozializatzeko tokiak. «Herririk gabe gaude ia. Ez dugu paseatzeko tokirik, ezta, besterik gabe, elkarrekin egoteko lekurik ere». Eszeptiko azaldu da, gainera, ez baitu udarako lurrazaleko lanak bukatuko dituztenaren itxaropenik: «Hori ez dut sinisten. Ziur luzaro iraungo dutela lanek. Esan zuten iazko irailaren bukaerarako libre utziko zutela Gure Zumardia. Ez da hala izan. Ikusi beharko da noiz bukatuko dituzten».
Negozioak ixten
Egoitz Segura antxotarraren nahia herriko giroa berpiztea da. «Zatiketa honekin herria hiltzen ari da, bitan banatuta dago. Iruditzen zait bizitza galtzen ari dela herria, hemengo lokalak eta negozioak ixten ari direlako. Desio dut lanak azkar batean buka ditzatela; lurrazalekoak, behintzat». Segurak adierazi du herritar batzuek aspaldi ez dutela topo egin kalean, lanak direla medio, eguneroko zereginetarako ibilbideak aldatu dituztelako, edota nahiago dutelako bizi diren lekutik urrutiago ez joan, lanekin topo ez egiteko.
Biok fruta eta barazki dendako langilea da Xabi Elejalde, eta adierazi du obraren balizko kutsadurak eta zaratak ez dutela eragin handiegirik berean, baina dio bezero askoren kexak entzuten dituela. «Nazkatuta dago jendea. Hori esaten didate. Obra handiek hori dakarte, baina jada bi urte pasatu dira, eta nabaria da herritarrak nekatuta daudela. Ea lur gaina gutxienez azkar batean libratzea lortzen duten. Antxotarren aldartean eragin oso baikorra izango du horrek».