Durangora (BIzkaia) begira jartzen da euskal kulturaren mundua, urtero, abenduaren lehen astean. Azokara joaten dira, hain zuzen, sortzaile ugari Euskal Herriko hainbat txokotatik, eta milaka pertsonak betetzen dituzte Landako guneko pabiloiak, bost egunez. Baina azoka ez da bukatzen Durangon, haren azkeneko egunean. Hain zuzen, Gipuzkoara ere zabalduko da, Zu Non Han DA! egitasmoaren bidez. Donostiako Fermin Calbeton kaleko Elkar liburu dendan izango da egitasmo horren barruan antolatzen diren aurkezpenetako bat. Goiatz Labandibar idazle oiartzuarrak, baina, Durangon egingo du Bekatua bere azken liburuaren aurkezpena. Lide Hernando Liher taldeko abeslari donostiarra aurretik egona da azokan, musika arloan; aurten, berriz, beste prisma batetik ezagutuko du Durangoko Azoka, bere lehenengo liburua aurkeztuko baitu han: Izotz ura.
Elkar argitaletxea
«Liburu eta diskoen sustapena egiten du azokak, eta gero horrek oihartzuna du Euskal Herriko gainontzeko lekuetako liburu dendetan. Euskal kulturari behar duen ikusgaitasuna ematen dio». Joanmari Larrarte Elkar argitaletxeko komunikazio arduradunaren hitzak dira. Izan ere, Larrartek gehitu duenez, hedabideak, eta, oro har, euskal gizartea kulturari begira jartzeak onura ekartzen die argitaletxeei, liburu dendei eta sortzaileei.
Horregatik, Zu Non Han DA! egitasmoaren garrantzia azpimarratu du: «Azokak ateak itxiko ditu abenduaren 10ean, baina orduan zabalduko dira dendetako ateak. Durangoko Azokak antolatuta, hainbat aurkezpen eta ekitaldi egingo dira Euskal Herriko hainbat txokotan. Sortzaileari bere liburua aurkezteko beste aukera bat ematen dion toki bat da, eta, azokan egiten den bezala, harremanetan jartzen ditu zaleak eta sortzaileak, produktuaz hitz egiteko aukera ematearekin batera». Azokak emandako datuen arabera, joan den urtean 140 liburu dendak parte hartu zuten kanpainan.
Elkarren, Mikel Jaka argitaletxeko liburu denden koordinatzailea dabil aurkezpenak kudeatzen, eta Donostiako Fermin Calbeton kaleko dendan egingo den egitasmoa azpimarratu du: Xabier Mendigurenen Oso latza izan da liburuaren aurkezpena. Horretaz gain, azaldu du duela urte batzuetatik ikusgaitasun berezia ematen diotela dendetan Durangon aurkezten diren nobedadeei: «Gabonei begira, nobedade asko etortzen dira dendetara, eta Durangon aurkezten diren berritasunak gauza berri horien guztien artean galtzeko arriskua dago. Hori ez da gertatzen, leku berezituetan jartzen baititugu». Jakak gehitu du, gainera, bistan jartzeak «emaitza onak» ekartzen dituela Gabonetako salmentei begira: «Elkar denda guztietan izango dugu azokako nobedadeen espazioa, horietako batzuetan egingo ditugun aurkezpenez gain».
Goiatz Labandibar (idazlea)
Ez da Goiatz Labandibar Durangoko Azokara beso azpian liburu batekin joan den lehen aldia; dozena erdi baino gehiago ditu idatziak. Baina lehendabiziko urtea du liburu baten aurkezpena bertan egin duena: «Orain arte, argitaletxeko erakusmahaietan egon izan naiz, liburuak sinatzen, besteak beste, baina aurten aurkezpena egiteko aukera ere izan dut». Jarraituko du erakusmahaietan liburuak sinatzen, baina uste du aurkezpena ere bertan egiteak «oihartzun handiagoa» izateko beta eman diola: «Oso txiki sentitzen naiz azoka bezalako tokietan, eta, orduan, liburu bat han aurkeztea jada asko iruditzen zait. Azken finean, leiho bat da, zure lana erakusteko. Jende asko pasatzen da, eta liburu asko daude. Beraz, ez da erraza itsaso handi horretan tantatxo bat besterik ez zarenean zure liburua ikusaraztea. Baina, bestetik, egon beharreko leku bat ere bada».
Atzo aurkeztu zuen Bekatua izeneko liburua Ahotsenea guneko literatura espazioan. Ezohiko liburua izan da Labandibarrentzat. Izan ere, nobela baten gisako testua du lanak, normalean idatzi ohi dituen narrazioetatik urrunduta. Garazi izeneko 36 urteko emakume bat du protagonista nobelak. Lagunekin parrandara atera, ligatu, eta berea ez den ohe batean esnatuko da, 19 urteko mutil bat aldamenean duela. Bikotekidea du, berez, Garazik, eta, gertaera horren ondorioz, buruari bueltaka hasiko da, hausnarrean. «Lo hartu ezin dugunean geure buruak nola funtzionatzen duen kontatu nahi nuen, ideia batetik bestera salto eginez, askotan konexiorik gabe. Horretarako aitzakia bat bilatu nahi nuen, eta neurri hau eskatzen zidan. Ez zen kabitzen narrazio batean; zerbait luzeagoa behar zuen». Era berean, nabarmendu du ez duela protagonista «zigortu edo epaitu» nahi izan: «Denok gara oso humanoak, oso zalantzatiak eta ahulak. Ahuldade eta zalantza horiei tokia egin nahi nien; ez nuen ideia bakar eta monolitiko bat islatu nahi».
Durangoko Azokan aurkezteaz gain, Zu Non Han DA! egitasmoaren bidez Elgoibarko Pitxintxu liburu dendan ere egingo du aurkezpena, abenduaren 14an.
Lide Hernando (musikaria eta idazlea)
Liher taldeko abeslari Lide Hernandorentzat ez da azokan bere lan bat aurkeztuko duen estreinako aldia. Bai, ordea, literatur arloan egin duen lehendabizikoa. Izan ere, diskoak aurkeztu ditu azokan, eta kontzertuak ere eman ditu; aurten, baina, bere lehenengo liburua izango da salgai Durangon. Susa argitaletxearekin kaleratu du Izotz ura izeneko nobela, eta argitaletxearen zein Liher taldearen erakusmahaien artean igaroko du aurtengo azoka. Hain zuzen, egileak musikaren mundua eta literaturarena elkartu ditu lanean: «Itxialdian etorri zitzaizkidan lehendabiziko ideiak. Pandemiak musikari askoren jarduna eten zuen, eta horietako askorentzako proiektuaren bukaera ekarri zuen. Liherren kasuan, esaterako, diru iturri garrantzitsu bat galdu genuen, inbertsio handi bat egin ondoren behar genuena. Oso garai zailak izan ziren. Horrekin guztiarekin oso pentsamendu negatiboak izaten hasi nintzen, eta hortik atera zen istorio bat idazteko gogoa. Gaur egungo musikaren istorioa barrutik ezagutzen duen norbaiten testigantza moduko bat utzi nahi nuen. Gero, pixkanaka, beste forma bat hartu du».
Literatur arloan «irakurleen feedbacka» entzuteko gogoz dago, eta Durangoko Azoka horretarako «aukera ona» dela azpimarratu du. Izan ere, esan du sorkuntza prozesua «oso ezberdina» izan dela musikarekin alderatuta: «Tempo ezberdinak ditu, eta bakartze maila ere handiagoa da. Esaterako, nik kantuen hitzak bakarrik idazten ditut, baina prozesu musikala taldean egiten dugu, kanpora begirakoa da. Aldiz, literatura sortzeko prozesua oso bakartia da, barrura begirakoa. Ildo horretan, zaila egin zait ondo egiten ari nintzen edo ez jakitea. Gertukoei iritzia eskatzen nienean, ezin zuten ulertu prozesua nolakoa zen, horretarako liburua osorik irakurri beharko luketelako. Ikasi nuen erantzuna nire barruan aurkitu behar nuela, eta ni izan behar nintzela nire iparrorratza». Denbora aldetik ere, liburua sortzeko prozesua luzeagoa izan dela adierazi du: urtebete eman du idazten, eta bi urtera luzatu zaio prozesu guztia osatzea. Hala ere, emaitzarekin pozik agertu da Hernando.
Gaur aurkeztuko du azokan Izotz ura, 16:30ean, Ahotseneko literatur espazioan.