Elkarrizketa

Txusma Peña: «Egungo Donostiako kaiak ez dauka zerikusirik lehenago zenarekin»

Txusma Peña arrantzale ohia Donostiako kaian bizi izan zen urte askoan. Aitak bultzatuta hasi zen arrantzan, eta une politak bizi izan zituela dio. Badira urte batzuk arrantza utzi zuela, baina ez da sekula itsasotik urrundu.

(ID_13875743) (Gotzon Aranburu/@FOKU) 2024-05-14, Donostia. Txusma Peña arrantzalea
Txusma Peña arrantzale ohia, asteartean, Donostiako kaian. GOTZON ARANBURU / FOKU
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2024ko maiatzaren 17a
05:00
Entzun

«Begira, ikusten duzu hirugarren pisuko leiho hori?», esan dio Txusma Peña arrantzale ohiak (Orio, 1962) kazetariari, Donostiako kaiko 1 zenbakidun portalea seinalatuz. «Hor bizi izan nintzen ni, hogei urtez». Kofradia jatetxearen atarian jarri du hitzordua, eta elkartu orduko, paseo bat eman du kaian. Hiru gizon daude hesiari helduta, hizketan. «Haiekin batera aritzen nintzen ni arrantzan. Orain, akaso, ez nindukete ezagutu ere egingo». Hainbat ontzi daude amarratuta, eta haiei begira gelditu da Peña. «Begira: ikusten dituzu horko hiru arrantzontzi horiek?», galdetu du. «Egun Donostian geratzen diren bakarrak dira. Lehen 30 inguru egongo ziren». «Asko» aldatu da Donostiako kaia hura haurra zenetik gaur arte, eta horrexek haserretzen du gizona. «Orain ez dago ezer. Dena hondatu dute turismoa sustatzeko. Lotsagarria da».

Orion jaio zinen, eta 2 urte zenituela etorri zinen Donostiara.

Bai. Oso txikia nintzela etorri nintzen hona. Kaian bizi nintzen, literalki. Hemen egiten nuen bizitza, hemen jolasten nintzen, hemen egin nuen soldaduska —Itsas Gurutze Gorrian—. Kaian ibiltzen ziren guztiek ezagutzen gintuzten, eta, kontrolpean geundenez, nahi genuena egiten genuen. Zoriontsu bizi nintzen.

Zer dela-eta hasi zinen arrantzan?

Nire aita arrantzalea zen, Donostian. Egun Santa Klara irlara joan-etorriak egiten dituen ontzia dagoen lekuan egoten zen gure arrantzontzia: San Luis Txikia. Lehenago beste bat izan genuen: Gran San Luis. Baina hura hondoratu egin zen, kaiko sarreran. Ez dakit zein urtetan izan zen hori, baina badakit Franco hil aurretik gertatu zela. San Luis Txikia saldu genuenean, Jardín izeneko ontzi bat erosi genuen, eta hor aitak eta biok bakarrik egiten genuen lan. Saldu egin behar izan genuen hura ere, eta erosi zutenek Satanás izena jarri zioten. Horren ondorengo arrantzontzia egun kaian gelditzen diren hiru arrantzontzietako bat da; Satanás 2 du izena. Nire osaba Jose Manuelek eta Bixentek ere ontzi bana zeukaten: Beti San Fermin eta Flor de Mayo. Itsasoko familia bat izan gara beti.

15 bat urterekin hasi zinen arrantzan.

Bai. Orduan hasi nintzen saltsa horretan ibiltzen. Nire aita arrantzalea zenez, kaira iristen zirenean ontzia garbitzen eta margotzen laguntzen nien. Gorroto nuen ikastea. Nik aitarekin joan nahi izaten nuen itsasora. «Zer egingo duzu? Lanean hasi beharko duzu, ezta?», esaten zidan aitak. «Zurekin joan nahi dut itsasora», esaten nion nik. Baldintza bakarra jarri zidan: ontziak gidatzeko baimena ateratzea. Oso denbora gutxian atera nuen titulua; beraz, pentsa zenbaterainokoa zen nire gogoa. Poliki-poliki hasi nintzen itsasoan, eta hala ikasi nuen itsasoko giroa bizitzen, ontziko kideekin elkarbizitzen eta gogor lan egiten. Aitak irakatsi zidan mundu hori, beste hainbat balio irakatsi zizkidan bezala.

Zer beste balio jaso zenituen harengandik?

Puntualitatearena. Irakatsi zidan zeinen garrantzitsua den hitzorduetara garaiz iristea. Pentsa: 11:30ean jarrita genuen hitzordu hau, eta ni 11:10erako hemen nengoen [kaian], ontziei begira. Lanean, adibidez, goizeko bostetan ateratzen baginen itsasora, ordubete lehenago ontzian egoten nintzen.

Nolakoa zen zure egunerokoa?

Arrantzontziko langileak elkartzen ginen lehendabizi, eta itsasora ateratzeko ordua adosten genuen. Arratsaldez ateratzen ginen, eta goizez itzuli. Antxoaren kosteran desberdina izaten zen: astebete pasatzen genuen itsasoan. Hegaluzetara joaten ginenean, berriz, hamabost bat eguneko arrantzaldia egiten genuen.

«Denok batera egiten genuen lan, nork bere ontzian, eta laguntza behar zuenari laguntzen genion beti»

Joanda zaude hegaluzetara?

Bai. Lau arrantzontzitan aritu naiz lanean, eta bitan joan naiz hegaluzetara: aitarekin San Luis Txikia-n eta Orioko beste arrantzontzi batean, Reina de los Ángeles-en.

Nolakoa zen Donostiako kaiko giroa?

Ezin hobea. Astakeriak esango genituen, agian, baina normalki ez genuen inolako arazorik izaten. Izango genituen liskarrak, baina ederki moldatzen ginen. Denok genekien non geunden eta zertan ari ginen. Denok batera egiten genuen lan, nork bere ontzian, eta laguntza behar zuenari laguntzen genion beti. Beste barku batean laguntzeko salto egin behar bazen uretara, salto egiten genuen. Ederra zen giroa: familia bat ginen. Halere, gezurren bat edo beste ere esan behar izaten genion elkarri.

Nolako gezurrak?

Gezur ohikoenak. Ipar esaten genion mendebaldeari, eta baxu, berriz, ekialdeari. Askotan gertatzen zen: beste ontziren bateko arrantzaleren batek deitu eta galdetzen bazigun «nora joan zarete arrantzatzera?», baxura joan baginen, iparrera joan ginela esaten genion, eta alderantziz, ez zezan jakin non ari ginen arrantzatzen. Barkuen artean zeuden istorioak ziren, baina ederki pasatzen genuen.

Lana, halere, gogorra izango zen.

Oso gogorra. Pentsa: oso toki txikian hamar bat lagun aritzen ginen lanean. Elkarbizitza zen, funtsean; egunak pasatu behar baikenituen elkarrekin leku oso txiki batean. Ez genuen arazo handirik izaten gure artean, halere. Nork bere lana egiten zuen, eta lana amaitutakoan, afaldu, eta lotara joaten ginen, eta, bestela, kartetan aritzen ginen loak hartu arte kasik. Harreman ona genuen, eta istiluren bat izaten genuenean, «tira, goazen brankara!», esaten genion elkarri. Brankan eseri, zigarro bat erre, eta, hala, aise konpontzen genituen haserrealdiak; ez genuen besterik.

(ID_13880472) (/EZEZAGUNA) (;)
'San Luis Txikia' izena zuzen Txusma Peña arrantzale ohiaren familiaren arrantzontziak. Aitarekin aritzen zen lanean, eta baita beste hainbat arrantzalerekin ere. Irudian, ontzi haren ertzean eserita ageri da Peña. HITZA
Gogoan duzu itsasoan bizitako istorioren bat?

Milaka bizi izan genituen. Gogoan dut gau batez, itsasoan geundela, sekulako ekaitza hasi zuela. Geldirik geunden, eta ni sukaldearen sarreran nengoen. Gogor aditzen genituen trumoiak. Bat-batean, tximista batek ontzia jo zuen eta sukaldeko lurrean etzanda esnatu nintzen, kolpearen kolpez. Ez nuen konorterik galdu, baina ikaratu egin nintzen. Ontziko alarmek jo zuten, eta motorra gelditu egin zen.

Errespetua izan behar zaio itsasoari, orduan.

Errespetua eduki behar zaio, bai, baina beldurrik ez. Gazteak ginela, astakeriak egin ditugu itsasoan.

Zer, adibidez?

Ontzia hartu eta irlara joaten ginen. Bagenekien enbata zetorrela eta propio egoten ginen haren zain. Haizea altxatzen zela ikusten genuenean abiatzen ginen kaira, borraska horrekin. Izualdi handiak bizi izan ditugu, egia esan.

Bada denbora bat arrantza utzi zenuela. Zergatik erretiratu zinen?

Begira: 1988ko maiatzean Orioko arrantzontzi batean hasi nintzen lanean, Reina de los Ángeles-en, antxoaren kosterarekin batera. Hegaluzearen lehen marea amaitu zenean erretiratu nintzen: 1988ko uztailaren 16an. Orioko arrantzaleak oso jende ona dira, baina esan behar dut astakilo hutsak zirela. Arrantzan hasten zarenean konturatzen zara egiten dizuten iruzkin goxoena zera dela: «Putakumea!». Hori ez zitzaidan batere gustatzen, jasanezina zen; ni, behintzat, ez nintzen hura jasateko gauza izan.

Gogoan duzu erretiratu zinen eguna?

Ondo gogoratzen dut. Arrantzaldi bat egitetik gentozen, eta Ondarroara joan ginen arraina saltzera. Lankide batek eskatu zidan ea lagunduko nion kofradiara ontziari gasolioa botatzera. Baietz esan nion, lagunduko niola, eta, bide batez, nire kartilla emango niola, desenrola nintzan. «Hara! Zer dela eta?», galdetu zidan. Nazkatuta nengoela erantzun nion, ezin nuela gehiago.

«Kaira sartzen ginenean, langile guztiek alde egiten zuten, eta ni gelditzen nintzen barkua garbitzen, gazteena nintzelako»

Ontziko gazteena izateak izan zuen zerikusia horretan?

Jakina. Berriena nintzen, eta, gainera, Donostiatik zetorrena. Ni nintzen ontziko itsasmutila; orduan, txo deitzen zioten hori. Ontzietako txo delakoa ginenon ardura izaten zen sukaldariari laguntzea, sukaldea garbitzea... Kaira sartzen ginenean, langile guztiek alde egiten zuten, eta ni gelditzen nintzen barkua garbitzen, gazteena nintzelako. Gertatu izan zait ostiralen batean arrantzatzetik kaira iritsi, etxera joan eta larunbat goizean kaira itzuli behar izatea, ontzia garbitzera. Patroiaren semea nintzen, eta ontziko gidariaren semea zen Ferminekin batera egiten nituen lan horiek. Gazteenak ginen, eta horregatik ginen gu zartako gehien jasotzen zituztenak.

Aitak nola hartu zuen zuk arrantza utzi izana?

Sesioa izan genuen, noski. Azken batean, aitari esker sartu nintzen Orioko arrantzontzian, eta desenrolatzea erabaki nuen egunean, etxera itzultzean zera esan zidan: «Zer ari zara hemen?». Azaldu nion jasanezina zitzaidala giro hura eta ezin nuela horrela jarraitu. «Zer egin didazu? Aurpegia eman nuen zuregatik!»: horixe esaten zidan hark, behin eta berriz. Baldintzak ez zitzaizkidan batere gustatzen, eta beste inon jasan ez nituenak jasan behar izan nituen han. Azkenerako ulertu zuen aitak. 

1988an utzi zenuen arrantza. Bueltatu zara arrantzontzi batera?

Errenterian bizi naiz orain; aspaldi joan ginen kaitik. Ez naiz berriz arrantzontzi batean igo. Halere, ez naiz inoiz urrundu itsasotik. Ahal dudanero egiten dut irteeraren bat. Seme-alabekin eta andrearekin joaten naiz, edo ilobaren batekin. Maite dute itsasoa, eta nik oso ondo pasatzen dut haiek disfrutatzen ikusten.

Zu arrantzan ibiltzen zinenetik gaur arte asko aldatu da Donostiako kaia.

Izugarri. Ez dauka zerikusirik lehenago zenarekin. Dena aldatu da. Portu turistiko bat bihurtu dute kaia; pribatizatu egin dute guztiz. Egun ezin da ezer egin Akuarioaren parean dagoen arrapala horretan. Udan hesitu zuten. Erotu egin al gara?

Lehen zertarako erabiltzen zenuten arrapala hori?

Arrapala horretan badaude habe batzuk. Habe horien gainean jartzen genuen ontzia itsasbehera zegoenean, eta marea igo aurretik, ziztu bizian garbitzen genuen ontzia, eta pintatu ere bertan pintatzen genuen. Horretarako erabili izan da beti hango arrapala, eta orain dena hondatu dutela iruditzen zait. Kaiko bizitza bizi izan dugunontzat pena handia da kaia pribatizatu izana.

MOTZEAN

Arrantzarako, zein urtaro duzu nahiago?
Garaiaren arabera. Garai batzuk onak izaten dira arrantzarako, baina beste batzuk kaskarrak.

Barkuan paseo bat emateko, bakarrik edo konpainian?
Bakarrik, zalantzarik gabe. Halere, joaten naiz familiarekin ere, eta ederki pasatzen dut.

Erretiratu zinenetik gaur arteko une bat?
Nire iloba txikiarekin ontzian paseo bat ematera atera nintzenekoa. Lupia txiki bat arrantzatu genuen bion artean. Ikustekoa zen ilobaren poza, eta ni ere poz-pozik nengoen iloba hala ikusita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.