Elkarrizketa

Saroi Jauregi: «Gai jartzaileak bertsolari frustratuak garela diote, baina nik ez dut inolako frustraziorik sentitzen»

Saroi Jauregi Aiestarani etxetik datorkio euskararekiko atxikimendua. Lanabes bihurtu du euskara, eta bere bizitzako esparruetara zabaldu du. Bost aldiz aritu da gai emaile bertsolaritzako Txapelketa Nagusian.

(ID_14062369) (/EZEZAGUNA) dsc_0524
Saroi Jauregi, asteazkenean, Zaldibian. KERMAN GARRALDA ZUBIMENDI
Kerman Garralda
Zaldibia
2024ko uztailaren 12a
05:00
Entzun

Zaldibian jaio zen Saroi Jauregi Aiestaran, 1978an. Bertan jarri du hitzordua kazetariarekin. Plazari begira dago Jauregi, eta dio herria ez dela aldatu haurra zenetik hona. Jauregik uste du ohiturak gehiago aldatu direla. Kontatu du umea zenean kalean pasatzen zituela egunak, lagunekin, jolasean. «Lagunekin haurra nintzenetik egin dut euskaraz».

Gaur egun ere euskaraz egiten al dute Zaldibiako haurrek?

Horretan dezente aldatu da egoera. Gure garaian ere baziren etorkinen seme-alabak, Espainiatik etorritakoak. Baina proportzioetan aldatu da. Gu, gehienbat, guraso euskaldunen seme-alabak ginen, eta segituan euskalduntzen ziren besteak; orain, gela batzuetan erdia da hemengoa eta beste erdia Espainiatik-eta etorria. Hori dela eta, arazo larri samarrak sortzen ari dira hizkuntzarekin.

Zergatik?

Hego Ameriketatik edo Espainiatik etorritakoak badira, gazteleraz egiten dutelako, eta bertako umeek gaztelania badakitenez, eragina nabarmena da.

Hori ikusirik, zer eragin duzue guraso euskaldunek?

Beti kanpokoei begiratzen diegu, baina uste dut guraso euskaldun asko ez direla jabetzen hizkuntza transmisioak duen garrantziaz.

Oinarrizko Hezkuntza Orokorra eta Batxilergoa Ordizian egin zenituen.

Ordizian gaztelerara jotzeko ohitura handiagoa zegoen Zaldibian baino. Nahiz eta D ereduan ikasi, Ordiziako gure ikaskideek gaztelaniaz egiten zuten, asko. Baina guri euskaraz egiten ziguten. Kuriosoa zen. Gu Itsasondoko eta Legorretako jendearekin ibiltzen ginen, batez ere, haiek ere herri txikietatik zetozelako, eta guk bezala euskaraz egiten zutelako.

Nondik datorkizu euskararekiko atxikimendua?

Etxetik. Bereziki, aitaren familia da hizkuntzarekiko sentsibilitate berezia duen jendea. Gure aitak betidanik izan zuen hizkuntzarekiko kezka handia. Gogoan dut ahizpa eta biok haserretzen ginenean eta aitari «jo egin dit» esaten genionean, «jo egin nau» izaten zela haren lehenengo erantzuna, eta hori esan ondoren egiten zigun kasu. Hori jaso dut txikitatik, eta bizitzan zehar garatu egin dut.

Euskal Filologia ikasi zenuen.

Oso garbi neukan. Nire iritzia aldatzen saiatu ziren institutuan eta etxean, oso irteera gutxi zituela esanez. Zuzenbidearekin zalantza egitera ere iritsi nintzen momenturen batean. Filologia ikasi nuen azkenean, eta karrera bukatu eta hurrengo egunean lanean hasi nintzen.

«Esango nuke euskara maila okertu egin dela, nahiz eta gure aurrekoek gauza bera esango duten guregatik»

Hizkuntzalaria zara Elhuyarren; itzulpengintza eta zuzenketa arloan egiten duzu lan. Nola dago sektorea?

Itzulpengintza sektorea nahiko prekarizatuta dago, eta ez zaio behar beste balio ematen. Saiatzen gara beti ahalik eta kalitaterik oneneko itzulpenak egiten, baina gure arazorik handienetako bat presa izaten da.

Elhuyarrek garatuak ditu itzultzaileak. Horren aldekoa zara?

Erabilera kontua da. Erabil dezakezu testu bat euskaraz sortzeko eta ulertzen ez duenari emaitza beste hizkuntza batean emateko. Kasu horretan, erabilera oso ona da, bultzatzen ari zarelako euskararen erabilera. Baina, askotan, alderantziz izaten da: gaztelaniaz sortzen du jendeak, eta itzultzailearekin, euskarara pasatu eta kito. Asko garatu dira itzultzaileak, baina oraindik ere ez dira perfektuak. Ez dut uste borondate txarrez egiten direnik, baina denok ikusi ditugu euskara aldetik publikatu ezin diren testuak.

Euskara maila hobetzen ari dela uste duzu?

Esango nuke euskara maila okertu egin dela, nahiz eta gure aurrekoek gauza bera esango duten guregatik.

Zer da hobea, zure ustez: euskara modu traketsean egitea edo ez egitea?

Testuinguruaren arabera: batzuei maila bat eskatu behar zaie, eta beste batzuei, beste bat. Argi daukat nire semeei zorroztasun osoa aplikatuko diedala, testuinguru ideala dutelako zuzentasun osoz hitz egiteko. Baina semearen gelan, adibidez, kanpotik etorritako mutiko bat ibili da, euskara ez duena bere ama hizkuntza, eta hari ezin diot exijitu nire semeari eskatzen diodan maila. Egitearekin eta txukun samar egitearekin konformatzen naiz. Euskaraz nola edo hala egitearen edo gazteleraz egitearen artean, hobe da euskaraz egitea, garapen baten hasiera bada. Baina exijentzia mailarekin ezin gara despistatu, eta dakienari maila minimo bat eskatu behar zaio. Hemen kazetariek erantzukizun handia dute. Eredu izan behar duen jendeak batzuetan ez du maila ematen, eta horrek asko kezkatzen nau.

(ID_14064781) (Luis Jauregialtzo/Argazki Press) Final del Campeonato de Euskal Herria de Bertsolaris 2009 (Bertsolari Txapelketa Na...
Saroi Jauregik 14 urte zituela egin zituen bertsotan lehen gai-emaile lanak. 23 urterekin, Txapelketa Nagusian gai jartzaile aritu zen, 2001ean. 2017ra arte jardun zuen zeregin horretan Txapelketa Nagusietan. Irudian, Jauregi, 2009ko Euskal Herriko txapelketako finalean gai emaile, Barakaldoko BECen (Bizkaia). LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Zure ogibideagatik baino gehiago, bertso saioetan gai emaile aritzeagatik ezagutuko zaitu jendeak.

Oso gazte hasi nintzen horretan: 14 urterekin. Garai hartan Bertsolaritzaren sena. Gazteok ahal dugu izeneko ziklo bat antolatu zuten, eta bertsolari gazteei hainbat elkartetan kantatzeko aukera eman zieten. Bertso eskolan aritzen zen gure osaba Altzo txiki, aitaren anaia gazteena, eta niri eta bertso eskolako beste pare bati esan zigun ea aurkeztuko genuen Zaldibiako saioa. Aurrerago, 1999an, 21 urte nituenean, Gipuzkoako herriarteko txapelketa antolatu zuten, eta herri bakoitzak aurkeztu behar zituen bertsolari talde bat, epaile bat eta gai jartzaile bat. Nik aurkeztu nuen Zaldibiako saioan, eta ondo samar egin nuela iruditu zitzaien antolatzaileei, eta proposatu zidaten gai jartzaileen talde iraunkorrean sartzea. Finala ere aurkeztu nuen, Azpeitian.

Trebakuntzarik jaso zenuen?

Denborarekin ikasten den ofizio bat da. Gipuzkoako txapelketan hasi nintzen, eta segidan etorri zen Euskal Herrikoa. Gainera, sekula ez naiz bakarrik aritu.

Bertsotan ere aritutakoa zara.

Zaldibiako bertso eskolan aritu nintzen umetan, baina gaur egun, bat-batean, parrandan bakarrik egin dut bertsotan. 

Zergatik?

Emakumeei gehiago kostatzen zaizkigu jendaurrekotasuna eta halakoak. Gainera, ni oso perfekzionista izan naiz beti neure buruarekin, eta bat-batekotasunean perfekzioa lortzea oso zaila da.

«Eroso sentitu naiz Txapelketa Nagusietako gaiak jartzen, baina orain ez dit horrenbesteko ilusiorik egiten»

Gai emaile gisa erosoago sentitu zara?

Epaileak edo gai jartzaileak bertsolari frustratuak garela diote, baina nik ez dut inongo frustraziorik sentitzen. Bideak ekarri nau honaino.

Txapelketa Nagusiko finaletan ere aritu zara gai jartzaile. Zer-nolakoa da lan hori?

Erantzukizun eta ardura aldetik ez da gauza bera final bateko edo beste saio bateko gai jartzaile izatea, baina jendaurrera ateratzen den edozeinek egin nahi ditu gauzak ahalik eta ondoen. Horrek presio bat dakar.

Nolatan iritsi zinen finaleko gai jartzaile izatera?

Sorpresa izan zen, ez nuelako batere espero. 23 urte besterik ez nituen. Ilusioa piztu zidan, baina 2001eko finalaren ondotik etorri ziren 2005ekoa, 2009koa, 2013koa eta 2017koa. Bost finaletan jarri ditut gaiak. Normaltasunez hartu nituen, ez zelako izan nik bilatutako zerbait. Eroso sentitu naiz gaiak jartzen, baina orain, agian, ez dit horrenbesteko ilusiorik egiten. Besteren batean aritzea tokatzen bazait, oso ondo, baina badaude gazteak.

Zer moduz ikusten duzu gaur egungo bertsolaritza?

Ez dago zalantzarik bertsolariak badaudela. Gipuzkoako Txapelketako udaberriko fasean 74 aritu dira kantari. Baina bertso eskoletan jarraitutasuna falta dela ikusten dut, borondatezko lanak izaten direlako, bereziki. Ikusten dut gizon eta emakumeen arteko desorekak segitzen duela egoten, nahiz eta emakume bertsolariak ugaritu diren. Mailari dagokionez, ez dago alderik.

Bertsolarien maila hobetzen ari dela esango zenuke?

Lehen baziren bertsolari onak, orain ere badira, eta gero ere izango dira. Gure belaunaldiak, egia da, zorte handia eduki duela Andoni Egaña bezalako bertsolari bat ezagutu duelako. Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Amets Arzallus... Horiek etorri ziren gero, eta gazteagoak ari dira orain. Maila altuko bertsolari dezente dago. Tokatu zaigu, kopuruz eta mailaz, handiena den garai bat.

MOTZEAN

Oporretako tarterik hartuko duzu? Aurten ez dut planik egin. Ea haurdunaldia nola doan.

Oporretarako txokoren bat? Denetik egin dut: mendira joan izan naiz, hondartzara, hiriren batera turismoa egitera...

Zaldibian geratuko zinateke? Ez daukat inolako arazorik.

Oporretan zer egitea gustatzen zaizu? Plazerik handienetako bat eguzkitan liburu bat irakurtzea da.

Zer irakurtzen duzu? Oraintxe, haurdunaldiari buruzko liburuak. Bestela, nobelak; poliziakoak asko gustatzen zaizkit.

Euskaraz? Igual izango da lanetik deskantsatzeko burua, baina oporretan asko irakurtzen dut gazteleraz.

Nori jarriko zenioke bertso bat? Umea jaiotzen denean, umeari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.