Oporrak bakean

Desertuko umeentzako SOS egunak

Oporrak Bakean programak familiak behar ditu udan Saharako haurrak etxean hartzeko. Helburutik urrun daudela ohartarazi dute; 175ek eman dute izena kanpaina ixteko hiru egun falta direla.

(ID_13774775) (/EZEZAGUNA) bakelekuakzumaian
Urola Kostako harrera familiak Saharako haurrekin, iaz, Orion, Zumaiako Darahli elkarteak antolatzen duen Bakelekuak egitasmoan. HITZA
Zumaia
2024ko apirilaren 12a
05:00
Entzun

Azken txanpan sartu da Mendebaldeko Sahararen aldeko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gobernuz kanpoko erakundeek Oporrak Bakean programa sustatzeko abiatutako kanpaina. Erronka jarri diote beren buruari Aljeriako errefuxiatuen kanpalekuetatik hirurehun ume harrera familietan hartzeko, uda Euskal Herrian pasa dezaten desertuko bero itogarritik urrun. Elkarteek, ordea, jada barneratu dute ez dutela lortuko. Izan ere, apirilaren 15ean itxiko dute izen ematea, eta kopuru horretatik «oso aldenduta» daudela diote. Dena den, azken egunera arte egingo dute helburura ahalik eta gehien gerturatzeko ahalegina.

Oraingoz, 175 familia batu dira programara; iaz, 183 izan ziren, eta 2022an, 153. Horregatik, Samuel Ruiz Zumaiako Darahli elkarteko lehendakariak aitortu du «nahi baino motelago» bada ere pixkanaka ari direla programa biziberritzen. Azken hogei urteetako joera zen urtetik urtera harrera familiak gutxitzea, baina esan du COVID-19aren pandemiak «azken kolpea» eman ziola egoerari eta «asko kostatzen» ari zaiela lehengora itzultzea.

Darahlik aurten bideratuko dituen harrerei lotuta, elkarteko lehendakariak esan du iazko kopuruari eutsiko diotela: Urola Kostako bederatzi familiak eman dute izena programan Zumaiako elkartearekin. Zarauzko Saharautzek eskualdeko beste hiru familia lotu ditu, iazko kopuru berbera. Bi elkarteak itxaropentsu daude, gainera, azken unean beste familiaren bat batu daitekeela uste dutelako.

Nolanahi ere, penatuta ere badago Ruiz, aurten ez delako Zumaiako familiarik animatu: «Sahararekin lotutako makina bat ekintza egin ditugu herrian, eta herriko bi ikastetxeetako bostehun ikasle inguru eraman ditugu kanpalekuetara. Badirudi, ordea, hori ez dela aski izan familiek konpromisoa har dezaten udan etxean haurrak jasotzeko». Halaber, ez dator bat «egungo egoera ekonomiko kaskarra» argudiotzat hartzen dutenekin, haren ustetan jendeak ez duelako arazorik parrandan ateratzeko edo oporretara joateko.

«Sahararekin lotutako makina bat ekintza egin ditugu Zumaian, baina badirudi, ordea, hori ez dela aski izan familiek konpromisoa har dezaten udan etxean haurrak jasotzeko».

SAMUEL RUIZDarahli elkarteko burua

Eneritz Diez zestoarrak hirugarren aldiz hartuko du etxean Saharako haur bat Darahliren bitartez. Diezen hitzetan, «uztartu daiteke» opor bidaiak egitea eta harrera programan parte hartzea: «Espainia barruan bidaiatzeko arazorik ez dago. Guk egin dugu irteerarik; Saloura joan ginen bizpahiru egunez, adibidez».

Diez pandemiako etenaldiaren ondoren animatu zen lehen aldiz parte hartzera, programa berreskuratu zutenean. Aitortu duenez, aspalditik zuen gogoa: «DBHko ikasketak Zumaian egin nituen arren, ez zitzaidan tokatu errefuxiatuen kanpalekuetara bidaiatzea, eta arantza kendu nahi nuen». Aurrerago izan zuen horretarako aukera. «Horregatik, amari urtero esaten nion udan Saharako umeren bat hartu nahi nuela etxean. Erantzuten zidan 18 urte betetzean hartuko genuela, etxeko egoeraren arabera. Hala, 20 urte bete nituenean, eskaera berriro egin genuen, eta amak jarri zidan baldintza bakarra izan zen ni arduratzea izapide guztiak egiteaz eta haurraren tutoretzaz».

«Ahizpa txikia»

Diezentzat hain izan zen «aberasgarria» lehenengo esperientzia hura, amak eta biek errepikatu nahi izan baitute. Gainera, ume bera hartzen dute urtero: Nayat. Tutorearen hitzetan, bera alaba bakarra denez, inoiz izan ez duen «ahizpa txikia» bilakatu da. Elkar ezagutu zutenetik sahararrak sentiarazi dizkion «maitasuna eta poztasuna» goraipatu ditu Diezek, bereziki.

(ID_13774776) (/EZEZAGUNA) 4900ca92-41c0-4104-8d23-fbb1f6aa907e
Eneritz Diez eta haren ama, iaz, Zestoan, udaro harreran hartzen duten Nayat haur sahararrarekin. HITZA

Hala ere, Nayat etxean hartuko duten azkeneko aldia izango da aurtengoa, 10 urte beteko baititu. 8 urtetik 10 urtera bitarteko haurrek soilik parte har dezakete programan. Hala, Diezek esan du datorren urtera begira berriro aztertu beharko dutela beste haurrik etxean hartu edo ez: «Nik jarraitu nahiko nuke, baina ikusi beharko dugu, ez baitit niri soilik eragiten. Gainera, beste haur bat izango da guretzat, eta hutsetik hasi beharko dugu harekin».

«Arraunlaria naiz, eta udan entrenamenduak izaten ditut; nirekin eramaten dut Nayat, eta entrenatzailearekin joaten da txalupa motordunean».

ENERITZ DIEZHarrera familia bateko kidea

Diezek azaldu du, era berean, urte hauetan guztietan amaren laguntza ez ezik amonarena ere izan duela. Bi hilabeterako etortzen dira Saharako haurrak, eta guraso askok lanera joan behar izaten dute epe horretan. Horixe da Diezen eta haren amaren kasua ere, baina nola edo hala moldatzen dira. «Zestoako Udalak uztailean antolatzen dituen udalekuetara eramaten dugu Nayat goizetan. Arraunlaria ere banaiz, eta udan entrenamenduak izaten ditut. Hala, nirekin eraman dut hainbatetan, eta entrenatzailearekin joaten da txalupa motordunean».

Bakelekuak

Oporrak Bakean programaren barruan, Darahlik azken urteetako Bakelekuei eutsiko diela jakinarazi du Ruizek. Harrera familiarik ez duten haur sahararrak hartzeko Larrabetzun (Bizkaian) egiten dituzten udalekuak dira, eta elkarteko kideak aritzen dira begirale. Ruizen arabera, kanpalekuetara egindako bidaietan parte hartutako ikasleak izaten dira gehienak.

Elkarteko lehendakariak zehaztu duenez, dagoeneko badakite hurrengo udan hogei ume hartuko dituztela, gutxienez; iaz baino bi gehiago. Hala ere, ziur da gehiago izango direla uda amaitzen denerako, gisa horretako udaleku bakarra baita Euskal Herrian, eta beti amaitzen baitute uda hasieran zituzten baino lauzpabost haur gehiagorekin. «Bakelekua asegurua da Oporrak Bakean programa kudeatzen dugun elkarteontzat. Umeak hartzeko alternatiba eskaintzen digu azken unean familiaren batek huts egiten badu edo haurrek berek familiara egokitzeko arazoak badituzte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.