Gurasoak eta 16 eta 18 urte bitarteko nerabeak artatzen ditu Janire Basurto psikologoak (Eibar, 1980) Azpeitiko Gaztelekuan. Udalak duela hiru hilabete inguru abiatu zuen zerbitzua, eta, programa berria bada ere, «pixkanaka» aurrera doala dio psikologoak. Esan du jendeari «kostatu» egiten zaiola laguntza eskatzea, zaintza emozionala «tabua» baita oraindik egungo gizartean.
Zer dela-eta abiatu zenuten nerabe eta familientzako orientazio zerbitzua?
Udaleko Gazteria Sailean sumatu zuten horrelako zerbitzu bat behar zela. Izan ere, gurasoekin egiten zituzten lanketetan nabaritzen zuten askok ez zekitela euren kezkak non eta norekin adierazi, eta udalak pentsatu zuen egokia izango litzatekeela zerbitzu bat martxan jartzea horri guztiari bidea emateko. Programa 0 eta 18 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoentzat eta 16 eta 18 urte bitarteko nerabeentzat da, eta nerabeak gurasoekin edo bakarrik etor daitezke. Zerbitzua doakoa izan arren, beharrezkoa da aurretik ordua hartzea, 943-15 71 61 telefono zenbakira deituta edota [email protected] helbide elektronikora idatzita.
Zer eskaintzen duzue, zehazki?
Nerabeei eta gurasoei laguntzeko aholkularitza zerbitzua ematen dugu: momentu jakin batzuetan gertatzen diren egoerei aurre egiteko jarraibideak ematen ditugu, nolabait esateko. Saioak mugagabeak dira, eta herritarrek nahi adina alditan har dezakete ordua. Halere, zenbait saioren ondoren ikusten badugu erabiltzaileak beste mota bateko laguntza behar duela, laguntza mota horretara bideratzen dugu.
«Etxekoen arteko komunikazioa nola hobetu dezaketen lantzen dugu, baita familiarteko harremana nola sendotu eta elkar nola ulertu ere»
Jendea ari da zerbitzua erabiltzen?
Bai. Guraso izatearekin lotuta dauden era guztietako zalantzak, galderak eta beldurrak dituzten gurasoak etorri dira gehienbat, etxean gertatutako egoera bati aurre egiteko jarraibideak behar dituztenak. Izan ere, familia giroan beti sortzen dira gatazkak, eta horiek nola konpondu jakiteko edo, besterik gabe, nork bere kezkez hitz egiteko lekua da gurea. Besteak beste, etxekoen arteko komunikazioa nola hobetu dezaketen lantzen dugu, baita familiarteko harremana nola sendotu eta elkar nola ulertu ere. Seme-alabek eta gurasoek elkar ulertzea zailagoa izan ohi da seme-alabak nerabe direnean, eta beharrezkoa da krisi horiei aurre egiteko moduak aztertzea.
Zerk kezkatzen ditu gehien guraso horiek?
Seme-alaben lagunarteko harremanen inguruko zalantzak izaten dituzte, batez ere. Adibidez, seme-alabak gaizki ikusten dituzte lagun taldean, eta horren harira zer egin dezaketen jakin nahi dute. Bestalde, seme-alaba nerabeak dituzten guraso asko etortzen dira kezkatuta, adin tarte horretan aldaketa asko gertatzen baitira, eta normala da galderak eta beldurra izatea.
Nolakoa izaten da lehen kontaktua?
Normalean, kezkatuta etortzen dira; beldurtuta, eta apur bat urduri. Askotan ez dute jakiten nondik hasi, baina guztiz normala da hori ere. Halere, behin barruan duten hori askatzen dutenean eta ideiak ordenatzen dituztenean, askoz ere garbiago ikusten dute dena, eta lasaiago egiten dute alde bulegotik. Horregatik, herritar guztiak animatu nahiko nituzke lasaitasun osoz guregana etor daitezen, eremu segurua baita. Askotan pentsatzen dugu albokoak ez duela arazorik, eta oker gabiltza. Denok behar izaten dugu laguntza lehenago edo geroago.
Tabuan al da oraindik zaintza emozionala?
Zaintza emozionalaren inguruan gero eta gehiago hitz egiten da, baina tabua da oraindik ere, eta kostatu egiten zaigu psikologoarengana joatea. Nabaritzen da oraindik ez gaudela guztiz eroso horrelako laguntza eskatu behar dugunean.
«Badirudi laguntza eskatzea ahultasunarekin lotuta dagoela, eta, nire iritziz, guztiz kontrakoa da»
Zergatik?
Badirudi laguntza eskatzea ahultasunarekin lotuta dagoela, eta, nire iritziz, guztiz kontrakoa da: pertsona bat aholku eske etortzen bada, esan nahi du arazoak konpontzeko bide baten bila ari dela, eta hori ez da ahultasunaren seinale. Horrelakoetan, aldatzeko nahia beti izango da positiboa.
Nork jotzen du errazago laguntza eske horrelakoetan?
Emakumezko gehiago etortzen dira gizonezkoak baino, eta errazago askatzen dituzte euren barne kezkak. Joera hori nabaria da oraindik ere.
Nolakoa izan da hilabeteotan emandako zerbitzua?
Zerbitzua berria da, hilabete batzuk baino ez daramatza martxan. Baina balorazioa ona da; pixkanaka, baina jendea etortzen ari da. Gainera, badakigu herritar askok oraindik ez dutela zerbitzuaren berri, eta jendea informatzeko lanean gabiltza.