Merkataritza

Denentzako moduko atentzioa

Tolosako hamalau dendarik Gipuzkoako Merkatarien Elkarteak antolatutako keinu hizkuntzako ikastaroa egin dute, euren dendetan «komunikatzeko aukera berriak» izateko asmoz.

(ID_14303658) (/EZEZAGUNA) img_9673
Tolosako hainbat merkatari, astelehenean, Tolosan, keinu hizkuntzako ikastaroan. JOSU ARTUTXA
Tolosa
2024ko urriaren 4a
05:00
Entzun

Gipuzkoako Merkatarien Elkarteak urteak daramatza lurraldeko saltoki txikiak babesten, bertako langileei laguntzak eskaintzen eta formakuntzarako askotariko ikastaroak antolatzen. Orain arte, digitalizazioari, erakusleihoen antolaketari edota merchandising-ari lotutako proiektuak bultzatu izan dituzte. Aurten, zenbait merkatariren eskariari erantzunez, keinu hizkuntzako ikastaroak antolatu dituzte, Lanbideren babesarekin. Gipuzkoako Merkatarien Elkarteak Donostiatik jaso zuen lehen eskaria, apirilean, eta Silvia Menendez elkarteko kideak esan du «oso proposamen interesgarria» iruditu zitzaiela. «Erantzun ona izan zuen, eta gustura egin zuten». Hiriburuan izandako arrakastaren ondotik, ikasturte berria hastearekin batera, Tolosako merkatarien eskaria heldu zitzaion elkarteari.

Tolosa&Co Merkatarien Elkartearekin elkarlanean, hiru astez egin dute ikastaroa Tolosako hamalau dendarik. Ikastaroa hasi aurretik merkatariek interes handia zutela esan du Menendezek. «Taldean hamalau lagun egon zitezkeen gehienez, eta berehala bete ziren leku guztiak». Askotariko sektoreetako merkatariak bildu dira ikastaroetan, hala nola argazkilariak, ile apaintzaileak eta arropa saltzaileak. «Itxaron zerrenda bat ere izan dugu», esan du Gipuzkoako Merkatarien Elkarteko kideak. Hori dela eta, aurreratu du datorren urtean ikastaroa berriro egiteko asmoa dutela. «Orain izan dugun itxaron zerrenda horri erantzuna eman nahi diogu». Oraindik ez dute zehaztu datorren urteko zer sasoitan egingo duten ikastaroa.

Tolosako dendariak astean bi egunetan elkartu dira Oriaburu eraikinean, egun bakoitzean bi orduz, Iñaki Montero irakasle zutela —gorra da Montero—. Irailaren 16an hasi zuten ikastaroa, eta joan den asteazkenean egin zuten azken saioa. Monterok adierazi du «oso pozik» dagoela hiru astez ikasle izan diren dendariek izandako jarrerarekin. «Erantzuna oso ona izan da. Eskertzekoa da merkataritzaren sektoreak ere zeinu hizkuntza ikasteko aurrerapausoa ematea. Pertsona gorrentzat eta haien komunitatearentzat ekintza oso garrantzitsua da». Gainera, irakasleak uste du ikastaroak «inklusiorako» balioko duela. «Ikastaro hauek baliagarriak izango dira pertsona gorrak gizarteratuta sentitzeko, beren hizkuntzan aritzeko aukera izango baitute».

«Ikastaro hauek baliagarriak izango dira pertsona gorrak gizarteratuta sentitzeko, beren hizkuntzan aritzeko aukera izango baitute»

IÑAKI MONTEROKeinu hizkuntzako ikastaroetako irakaslea

Ikastaroa «laburra bezain trinkoa» izan dela jakinarazi du Monterok. «Hizkuntza bat ikasteak ardura handia eskatzen du, eta asko praktikatu behar da. Zeinu hizkuntzako ikasleen kasuan, ikasi ondoren, ezinbestekoa da pertsona gorrekin kontaktu handia izatea, ikasitakoa galtzeko arriskurik ez izateko».

Elkarteko kide Menendezen hitzetan, ikastaroaren helburua izan da komertzio txikietan ere «komunikatzeko modu berriak» edukitzea. «Zeinu hizkuntzaren oinarrizko ikastaro bat da: zeinu sinpleenen bitartez, zeinu hizkuntzaren gramatika, hiztegia, komunikazio egoeren kudeaketa eta diskurtsoaren egitura, eraikitzea eta interpretazioa ikasten dute dendariek», esan du. Haren ustez, keinu horiek «nahikoa» dira zenbait helburu lortzeko: «Zeinu horiek balio dute entzumen arazoak dituzten pertsonekin komunikatzen ikasteko, pertsona gorren eta entzuleen arteko interakzio aukerak areagotzeko eta gorren komunitatearen gizarteratzean aktiboki laguntzeko». Gipuzkoako Merkatarien Elkarteko kideak gaineratu duenez, irisgarritasuna lantzen dute hala. «Ikastaro honi esker, tratu hobea eta gertukoagoa eskaini ahal diegu pertsona gorrei. Online erosi ordez, saltokietara joan eta bertan erosteko aukera eman nahi diegu».

Irakaslea, gorra

Bezeroen artean gor asko zeudela-eta keinu hizkuntza ikasteko beharra sentitu zuen merkatarietako bat da Mugar dendako Garbiñe Murillo. Ikastaroa «oso interesgarria» izan dela dio. «Askotariko merkatariak bildu gara, eta giro bikaina izan dugu. Ikasitako keinuak jolasen bitartez landu ditugu».

«Askotariko merkatariak bildu gara, eta giro bikaina izan dugu; ikasitako keinuak jolasen bitartez landu ditugu»

GARBIÑE MURILLOTolosako merkataria

Murillok kontatu du irakasle gorra izateak harritu zituela. «Lehen saioan, irakaslea pertsona gorra zela ohartu ginenean, ez genuen sinisten. 'Nola da posible pertsona gor batek bi orduan horrenbeste keinu erakustea?', pentsatu genuen saioa amaitutakoan. Hala ere, gaur egungo pertsona gorrek ahoskatzeko geroz eta erraztasun handiagoa dute. Hori dela eta, Iñakiri ulertzeko gai izan gara». Ikastaroa «labur» geratu zaiela adierazi du.

Tolosa, modaren epizentro ARRATSALDE BATEZ

Gaur, Tolosa&Co Merkatarien Elkarteak antolatuta, Tolosa&Co Fashion Show «ekitaldi berezia» ospatuko dute Tolosan, Zerkausian, 19:00etan. 50 modelo eta herriko laurogei denda baino gehiago bilduko ditu udazken-neguko modaren desfile horrek. «Tokiko merkataritzari balioa eman nahi diogu, lehen markako jantziak eta azken joerak bertako saltokietan aurkitzea posible dela ikusarazteko», esan dute antolatzaileek. Gainera, moda eta telebista munduko pertsona ezagun ugari izango dira bertan, «luxuzko» lehen ilaran: Laura Chamorro, Asun Dominguez, Iratxe Gaztelu, Janire Iraola eta Iker Alvarez, besteak beste. Oholtzan, berriz, Mattin Zeberio artista tolosarra izango da. Antolatzaileek esan dute «Tolosa modaren epizentroa» izango dela Euskal Herrian arratsalde batez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.