Ez zaizue iruditzen ezkortasun geruza bat jarri zaigula gainean azken denbora honetan? Egia esatera, mundutik eta ingurutik datozkigun albisteek ez dute baikortasunerako motiborik ematen. Aldaketa klimatikoa, gerrak, Palestinako genozidioa, Trumpek hausteskundeak irabaztea, emakumeen kontrako biolentziak, euskararen egoera... Ez daukagu, ez, alaitzeko arrazoi askorik. Burumakur eta zaputz jarduteko, ostera, nahi baino gehiago. Kontu horiek guztioriek aitatutako ezkortasun geruza osotu eta sendotu baino ez dute egiten. Nire inguruan, behintzat, «dena txarto» leloa dabil nagusitzen, eta ni energiaz hustu egiten nau lelo horrek. Etorkizuna Mad Max estilokoa imajinatzen hasi gara, egoerak ez ezik, distopiak ere eraginda. Goizalde Landabasok Distopia izeneko 2021eko zutabe baten esan zuen fizkioko lanek, distopiek, etorkizun posibleetatik okerrenak erakusten dituztela, eta beste etorkizun batzuk irudikatzea mugatzen dutela. «Chomskyk ere gauza bera zioen: itxaropenik ez dagoela onartzen baduzu, orduan ez da itxaropenik izango».
Ni ere bat nator Landabasorekin, dena ilun eta irtenbide bakoa imajinatzeak mugatu eta paralizatu egiten gaitu. Aldaketa klimatikoa ateetan badugu, zertarako indarra xahutu egoera iraultzen? Euskararen egoerari ezin badiogu buelta eman, zertarako esfortzua egin? Emakumeen kontrako biolentzia estrukturalak oraindik segitzen badu, zertarako aldarriak egin ezertarako balio ez badu? Eta horrela gaude ezikusiarena egiten, benda begietan jarrita dugula, aurrean duguna desatseginegia, zatarregia, deserosoegia, beldurgarriegia... delako. Bertan goxo jardungo dute batzuek, itsuka, errazagoa delako. Beste batzuk, aldiz, etsipenak jota, paralizatuta zer egin ez dakitela ibiliko dira. Biek ala biek alferrik, kaosari hesirik jarri ezinda.
Nire inguruan, behintzat, «dena txarto» leloa dabil nagusitzen, eta ni energiaz hustu egiten nau lelo horrek
Jule Goikoetxearen Politeismo bastarta liburu ederra nabil irakurtzen. Bertan kontatzen du Goikoetxeak nola lagundu zion lau egunez Angela Davisi Bartzelonan. Davisen ahotan hauxe jartzen du idazleak: «(...) Mariame Kabak esaten du itxaropena ez dela munduan lor daitekeenak eragindako emozioa, diziplina bat baizik (...)»; «(...) etsipenezko aldiak izan ditut. Baina ikusi dut nire lanaren parte dela itxaropena sortzen laguntzea. Eta mugimenduek oso esplizituki hartu behar dute beren gain itxaropena sortzen laguntzeko zeregina; hurrengo belaunaldira eta hurrengora transmiti daitekeen itxaropena (...)»; «(...) uste dut denok saiatu beharko genukeela itxaropena sortzen eta modu zabalagoan pentsatzen eta denborazkotasun zabalagoak besarkatzen». Ttak, Angela, ttak, atzera ere.
Itxaropena lor daitekeenaren emozioa ez, diziplina da. Itxaropena eragin behar da, hurrengo belaunaldiei pasatzeko. Uf, barkatu berriro errepikatzea Davis jainkosaren (horrela izendatzen du Goikoetxeak) berbak. Niri mundu bat zabaldu didate eta. Esperantza gabe ezin dugu ezer egin. Distopia gutxiago, utopia gehiago. Esperantza egin egin behar da, lan gogorra bada ere. Beste erremediorik ez dugu, etsiak jan ez gaitzan, kaosari aurre egiteko.
Jose Luis Padronek idatzi zuen bezala, eta Garik kantatu: garaipenik eta galtzekorik gabe, esperantzara kondenatua. Horrela gaude, itxaropenaren premian, «dena txarto»-k eragiten duen paralisia eta ezkortasun geruza trinkoa deuseztatzeko.