Proposamena: Danbaka musika lehiaketa

Debagoieneko talentua, danbaka

Goiena Komunikazio Taldeak Danbaka musika lehiaketa antolatu du seigarrenez. Lau talde aritu ziren gaur zortzi, eta beste hamabi lehiatuko dira abenduaren 13ra bitartean, Bergarako Seminarixoan. Urtarrilaren 17an izango da finala.

(ID_14388653) (/EZEZAGUNA) (;)
Ktarsia musika taldea, urriaren 25ean, Danbaka musika lehiaketan, Bergarako Seminarixoan. GOIENA
Miren Mujika Telleria.
2024ko azaroaren 1a
05:00
Entzun

Hasia da dagoeneko Debagoieneko Danbaka musika lehiaketaren seigarren aldia. Gaur zortzi egin zuten lehen kontzertu sorta, Bergarako Seminarixoan, eta lau talde aritu ziren oholtzan: Korda Rota (Arrasate eta Antzuola), Ktarsia (Bergara), Sotoalde (Bergara) eta Malko (Oñati). 21:30ean hasi ziren kontzertuok, baina aurretik DJ Joe Piemanek jardun zuen gunea girotzen. Abenduaren 13ra bitartean, beste hiru kontzertu sorta izango dira Seminarixoko oholtzan —azaroaren 15ean, 29an eta abenduaren 13an—, eta hamabi talde pasatuko dira. Urtarrilaren 17an egingo dute finala, 21:30ean, leku berean. Goiena Komunikazio Taldeak antolatzen du lehiaketa, «musika sortzaileei euren lana plazaratzeko aukera» emateko eta «musikazaleei musikaz disfrutatzeko gune bat» eskaintzeko asmoz.

«Ilusioz beteta eta oso gogotsu gaude Danbaka musika lehiaketaren seigarren aldiarekin», esan zuen Jokin Bereziartua Danbakako koordinatzaileak urriaren 23an Bergarako agerraldian. «Erronka jarri genien eskualdeko musika sortzaileei, eta aise gainditu dute: 24 musika proposamen aurkeztu dira lehiaketan parte hartzeko, eta epaimahaiak hamasei talde aukeratu ditu». Bereziartuak azaldu zuen 24 taldeek «merezi» zutela Seminarixoko agertokian lehiatzea, baina hamasei aukeratu behar izan dituztela.

Lau talde igaro dira dagoeneko, eta beste hamabiak Eten (Aretxabaleta), Low Cost Deluxe (Bergara), Rebel Noise (Arrasate), K-Po (Bergara), Del Val (Arrasate), Henko (Oñati), Txerrikumeak (Aretxabaleta), Karena (Antzuola), Banana Shake (Arrasate), Ondare (Arrasate), 721-Gogor Gabiltza (Aretxabaleta) eta Maider Mimi (Aretxabaleta) izango dira.

(ID_14388627) (/EZEZAGUNA) (;)
Malko musika taldea, gaur zortzi, Danbaka musika lehiaketan, Bergarako Seminarixoan. GOIENA

Aurtengo aldiko epaimahaia bost musikazalek eta adituk osatu dute: Amaia Arriaranek, Ainhoa Vitoriak, Sara Alonsok, Julen Narbaizak eta Iñigo Ugartek. Batzuek lehen aldia izango dute lehiaketa horretako epaimahaikide gisa, eta beste batzuk arituak dira aurreko aldiren batean ere. Bost kideek adierazi dute «maila handiko» eta «askotariko estiloa» duten taldeak parte hartuko dutela lehiaketan, eta, horregatik, «zalantza handiak» izan dituzela aukeraketa egiteko garaian.

Bereziartuaren arabera, Danbaka ez da musika lehiaketa soila; «hori baino askoz ere gehiago» dela dio. «Musika sortzaileentzat euren lana plazaratzeko aukera paregabea da, eta musikazaleentzat, musikaz disfrutatzeko gunea. Seminarixoan izango dira kontzertuak, agertoki bikainean».

'Danbakast' podcasta

Goiena Komunikazio Taldea ari da Danbaka musika lehiaketaren berri ematen, erabiltzen dituen euskarri guztietan, hala nola Goiena.eus webgunean, Goiena Telebistan, Goiena aldizkarian eta Puntua aldizkarian. Kontzertu guztiak osorik grabatuko ditu komunikazio taldeak, eta ondotik jarriko ditu ikusgai Goiena Telebistan eta Goiena.eus-en. Sare sozialen bidez ere ematen ari dira lehiaketaren berri. Izan ere, kontu propioa sortu dute Instagram eta X sare sozialetan.

(ID_14388655) (/EZEZAGUNA) danbakast
Goiena Komunikazio Taldearen 'Danbakast' bideopodcasteko saio baten irudia, urriaren 10ean, Goiena Telebistako platoan, Arrasaten. GOIENA

Hain zuzen, musika lehiaketari «uneoroko» jarraipen sakonago bat egiteko asmoz jaio da aurten Danbakastbideopodcasta. Goiena Telebistak Arrasaten duen egoitzako platoan grabatzen dituzte bideopodcasteko saioak. Hainbat lagun gonbidatzen dituzte, eta Danbaka lehiaketaz zein musika arloko askotariko kontuez aritzen dira, «lasai, luze eta zabal». Gisa horretako solasaldiak egiteko propio atontzen dute aretoa: mahai bat jartzen dute erdian, arrosa koloreko mahai zapi batez estalita. Kolore berarekin argiztatzen dute gela, eta hainbat musika instrumentu jartzen dituzte mahaiaren inguruan. Mahai horren inguruan biltzen dira hiruzpalau solaskide. Urriaren 10ean egin zuten lehen saioa, eta ordutik grabatu dituzten saio guztiak ikusi eta entzun daitezke Goienaren ohiko euskarrietan eta Spotifyn.

Bergaran, bigarrenez

Ez da Danbaka musika lehiaketa Bergaran egindako aurreneko aldia. Maite Usabiaga udaleko Kultura zinegotziak esan du «pozik» daudela lehiaketa bigarrenez herrian dutelako, eta ohoretzat du aukera hori eman izana. «Danbakak gure herriari gaur egun musika arloan egosten den sortzaileen azken joerak bertatik bertara ikusi eta entzutea eskaintzen dio», esan du. «Herritarrei kalitatezko kultura eskaintza egin nahi diegu, prezio egokian. Kultura maite dugunontzat, Seminarixoa aretoan kultura dastatzeko eta gozatzeko aukera ederra izango da». Horregatik, Usabiagak eskualdeko musikazale oro gonbidatu du kontzertuetara. «Musika adierazpen berriak ezagutzeko momentua izango da, eta musikari eta musikazaleek batera disfrutatzeko gunea».

Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa izan dute Goiena Komunikazio Taldeko kideek lehiaketa antolatzeko garaian. Isaac Palencia Gazteria eta Kultura Sustapeneko foru zuzendariak uste du «tokian tokiko kultura sustatzeko» ekinbide aproposa dela Danbaka. «Debagoieneko musika sortzaileei plataforma ezin hobea eskaintzen dio musika lehiaketa honek: zuzeneko kontzertuak emateko aukera, jarraipen mediatikoa, kontzertuak oso-osorik argitaratzea eta zabaltzea».

HURRENGO SAIOAK

  • Azaroak 15. Eten, Low Cost Deluxe, Rebel Noise eta K-Po taldeak, 21:30ean, Bergarako Seminarixoan.
  • Azaroak 29. Del Val, Henko, Txerrikumeak eta Karena taldeak, 21:30ean, Bergarako Seminarixoan.
  • Abenduak 13. Banana Shake, Ondare, 721-Gogor Gabiltza eta Maider Mimi taldeak, 21:30ean, Bergarako Seminarixoan.
  • Urtarrilak 17. Finala, 21:30ean, Bergarako Seminarixoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.