Ondarea

Iñaki Mezquita: «Berri ona da burruntzien eta sorgin-orratzen zerrenda euskaraz edukitzea»

Hutsune bat betetzeko lana osatu du Iñaki Mezquita alegiarrak: espezie horiek euskaraz izenda daitezke orain. 84ri jarri diete izena.

(ID_14033461) (/EZEZAGUNA) img_4928
Iñaki Mezquita etimologoa, ekainaren 28an, Alegian. IMANOL GARCIA
Alegia
2024ko uztailaren 6a
05:00
Entzun

Iñaki Mezquitak (Alegia, 1959) burruntzien eta askotariko sorgin-orratz espezieren izen zerrenda osatu du euskaraz, Jon Frahierrekin batera. Iberiar penintsulan dauden 84 espezieri jarri diote izena. Aragoiko Entomologia Elkartearen buletin entzutetsuan argitaratuko da zerrenda hori, abenduan.

Zer dela-eta osatu duzue burruntzien eta sorgin-orratzen espezieen euskarazko izen zerrenda?

Ni hasieratik konturatu nintzen izen generiko asko zeudela. Ez tximeleten adinakoa, halere. Tximeleta espezieei buruzko liburu bat egiten aritu nintzenean, dokumentatzekoan, berrehun sinonimo pasa nindoala, utzi egin nuen. Burruntziei eta sorgin-orratzei dagokionez, ez daude hainbeste: hamabost bat izango dira. Burruntziek eta sorgin-orratzek interes txikiagoa izan dute tximeletek baino, oso fama txarra dute, eta zailagoak dira ikusten. Izen generiko edo sinonimo horiek jasotzeko Koldo Mitxelenara joan gara, hango hiztegiak astindu ditugu, eta batekin eta bestearekin komentatu. Nik uste dut lan honek balio duela burruntziei eta sorgin-orratzei buruz gehiago jakiteko eta nahi duen orok ekarpenak egiteko aukera izan dezan.

Nolakoa izan da izenak sortzeko prozesua?

Euskarazko izenen proposamena egiteko garaian, izen zientifikoa hartzeaz gain, frantsesez, gazteleraz, katalanez eta portugesez dauden izenak hartu genituen. Euskarazko sinonimoak nondik zetozen ikusi genuen, eta sinonimo horiek erabili genituen generorako, ahalik eta gehien, eta espezierako, asmatu. Esaterako, sorgin-orratzen sinonimoa den mari-orratz erabili dugu, eta, gero, espezieen izenak asmatu ditugu. Adibidez: mari-orratz ilun, mari-orratz urdin... Hala, mendebaldeko mari-orratz izenak sortu ditugu.

Burruntziak eta sorgin-orratzak bereizi dituzue.

Burruntziak dira teilatuetan ateratzen diren estalaktitak, goitik behera doazelako. Burruntzia ere bada sua zirikatzeko erabiltzen den burdina, eta horiek zutik egoten ziren sutondoan. Konturatu ginen anisopteroak, gazteleraz libelula verdadera deitzen zaienak, bertikalki zintzilikatzen direla, burruntziak bezala, hegoak ezin dituztelako bildu. Sorgin-orratz izenak, berriz, paparrekoa ekartzen dizu burura. Eta paparrekoen itxura hartuz bezala pausatzen dira zigopteroak, gazteleraz caballitos del diablo esaten direnak, eta, beraz, horiei sorgin-orratz deitzea erabaki genuen.

«Nik uste dut lan honek balio duela burruntziei eta sorgin-orratzei buruz gehiago jakiteko eta nahi duen orok ekarpenak egiteko aukera izan dezan»

Zenbat espezieri jarri diozue izena?

Penintsulan dauden espezie guztiei: guztira, 84ri. Euskal Herrian 65 daude, Iparraldea eta Hegoaldea kontuan hartuta. Zerrenda osatzeko, besteak beste, Euskal Herriko Unibertsitateko filologoekin partekatu genuen. Hala ere, zerrenda ez da guztiz ofiziala izango Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Euskara Sailak oniritzia eman arte. Hori bai, semaforoa berdean jarri dute. Esan dute zerrenda zabaldu eta erabiltzeko, eta gero egingo direla behar diren egokitzapenak. Abenduan aterako da zerrenda Aragoiko Entomologia Elkartearen buletinean, eta gaztelerazko eta galizierazko zerrendak ere aterako dira bertan. Munduan, erreferentziazkoa da buletin hori.

Zer garrantzi du osatu duzuen zerrendak?

Bermatzen du, nolabait, jasotako sinonimo hauek ez direla galduko. Gero gure esku egongo da erabili edo ez erabili. Epe luzera, oinarri bat geratuko da, gerora beste batzuek jarraitu nahi badute. Epe laburrera, uste dut zerrenda hau euskaraz osatzea berri ona dela euskaldunontzat; gauzak egiten ari garela, alegia, eta berri guztiak ez direla berri txarrak.

«22 urte inguru nituenean, kamera on samar bat erosi nuen, eta naturako edozeri argazkia ateratzea gustatzen zitzaidan»

Nolatan sartu zinen entomologiaren munduan?

22 urte inguru nituenean, kamera on samar bat erosi nuen, eta naturako edozeri argazkia ateratzea gustatzen zitzaidan. Edertasuna ikusten nuen toki guztietan ateratzen nituen argazkiak. Ibilian-ibilian, tximeletek atentzioa eman zidaten: haien pausalekuak ere oso politak iruditu zitzaizkidan. Baina beste zomorro batzuek jaten zituzten tximeletak: burruntziek. Horiek ere atentzioa eman zidaten, eta horiei ere argazkiak ateratzen hasi nintzen. Azkenean, burruntziek eta sorgin-orratzek lekua hartu zieten tximeletei orain berrogei urte inguru.

Burruntzien eta sorgin-orratzen munduan sakondu duzu, beraz.

Konturatu nintzen izen zerrendei etekin handiago bat ateratzeko, komeni zela horiei buruz gehiago jakitea. Liburuak-eta begiratzen hasi nintzen, garai hartan Internetik ez zegoelako, eta batekin eta bestearekin hitz egiten. Zorte handia izan dut, jende oso eskuzabalarekin egin baitut topo. Zientzialari asko laborategian aritzen dira lanean, eta utziak dituzte kasik landa lanak. Hor ikusi nuen beste modu bat nire eginkizunak txertatzeko. Eta horrela, Aranzadin sartu nintzen 2006an, Entomologia sailean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.