Langile mugimenduak 1934an deitu zuen Irungo lehenengo greba orokorrera. Ez da aski ezaguna, ordea, pospolo sortak egiten zituzten ehunka emakumek erein zutela greba haren hazia: Irungo emakume pospologileek lantegian itxialdi bat egin zuten 1934ko uztailean, eta bertatik ateratzeko ahalegina egin zuten poliziak hanketatik hartuta buruz behera eskegi zituzten. Gainontzeko sektoreetako langileak batu egin ziren pospologileen borrokara, greba orokorrera deitzeko bidean. Greba hura, ordea, emakume horiek egin zuten protestetako bat baino ez da; luzea baita Irungo pospologileek egin zuten borrokaren historia. Ezkongabeak ziren han lan egiten zuten andre ia guztiak, alargun bat edo beste kenduta. Batak besteari erakutsi zieten irakurtzen; elkarrekin politizatu ziren, 1908an Pospologileen Sindikatu Feminista sortzeraino, eta ezagunak izan ziren, hain zuzen, egiten zituzten protesta eta grebengatik. Pospoloak egiten zituzten andrazko langileak ziren, baina herriko langile mugimenduari ere txinpartak atera zizkioten.
1857. urtean zabaldu zuten Irunen Nuestra Señora de Juncal pospolo lantegia, eta 1995era arte iraun zuen. 138 urtean egon zen martxan. «1841ean, Irunen aduana jarri zuten, eta, beraz, herritarrak jada ez ziren Baionara joaten merkantzia bila. Orduantxe hasi zen Baionan bizi zen juduen komunitatea muga pasatzen eta Irunen negozioak irekitzen», azaldu du Mertxe Tranche ikerlariak. «Hiru pospolo fabrika ireki zituzten Irunen; bik Frantziako kapitala zuten —horietako bat Nuestra Señora de Juncal lantegia zen—, eta beste batek Irungo kapitala zuen, bertakoa. Irungoak ez zuen asko iraun, eta Nuestra Señora de Juncalen jabeek beste enpresa erosi zuten».
Tranchek sakon ikertu du pospologileen istorioa, eta Emakumeen historia Irunen liburuan bildu du haren zati bat. Agustin Zaragueta nafarra hasi zen geroago pospolo lantegiaren zatiak erosten, azkenean lantegi osoa bereganatu arte, Lalanne abizena zuen bazkide frantses batekin batera. 1870ean, Espainiako Estatuak bereganatu zuen pospoloen monopolioa, tabakoarekin egin zuen moduan.
Tranchek esan duenez, 1920ko hamarkadan izan zuen garairik gorena Irungo lantegiak. Garai hartan, seiehun langile inguru zituen, eta horietatik hamabi soilik ziren gizonezkoak. Gizon horiek egiten zuten pospoloak egiteko behar zen nahasketa kimikoa, eta emakumezkoek sortak egiten zituzten pospoloekin. Geroago etorri ziren kaxak, marketin estrategia gisa, eta orduan kaxak muntatu eta pospoloak bertan sartzea bihurtu zen emakumeen lana. «Pospologileen lana balio erantsi txikia zeukan lan bat zen, gauza txikiak eta merkeak zirelako. Horregatik, halako lanak emakumeek eta umeek egiten zituzten, eta oso gutxi kobratzen zuten», dio Tranchek.
Batzuetan, sos gehigarri batzuk ateratzeko, kaxak hartu eta etxera eramaten zituzten, lanaldia bukatu ondoren ere etxean muntatzen jarraitzeko. «Afaldu bitartean, esaterako, kaxak prestatzen zituzten, hurrengo egunean lanera eraman eta diru gehigarri bat irabazteko. Emakume haien lana etxeko ekonomiarako laguntza gehigarri bat bezala ulertu izan da beti: ezkongabe zeuden bitartean egiten zuten zerbait zen. Horregatik, Errepublika garaian esaterako, berrehun neska zeuden lantegian; guztiak senargabeak ziren, alargunduta zeuden lau emakume kenduta».
Emakumeek ordura arte etxeetan lan egin ohi zuten, neskame gisa edo antzeko lanetan. «Bakartuta zeuden, bakoitza etxe batean, eta horrek ez zuen arazorik ematen. Baina, bat-batean, berrehun neska elkartu zituzten lantegi batean, irakurtzen ikasi zuten, eta elkarren artean politizatu egin ziren. Hori beste gauza bat da. Esaterako, langilezainak pospolo kaxen pisuarekin tranpa egin zienean, greba egiten zuten, edo langilezaina jo denen artean. Ez zen gauza bera neskame bat menperatzea edo polititizatuta zeuden eta beren eskubideen jakitun zeuden berrehun neska mendean hartzea».
Lan baldintzak, antolakuntzaz
Soldata baxuaz gain, bestelako lan baldintza eskasak salatu zituzten pospologileek lantegia zabalik egon zenean. «XIX. mendearen bigarren erdian ezin dugu esan lan baldintzak zeudenik ere. Kapitalismo basati batean bizi ziren», adierazi du Tranchek. XX. mendea heltzearekin batera hasi ziren antolatzen. Aulkiaren Legea lortzeko borroka —legeak eserita lan egin ahal izateko modua ematen zuen, ordura arte zutunik egotera derrigortzen baitzituzten pospoloen paketetxoak egiteko— eta komunak izateko exijentzia izan ziren martxan jarri zituzten aldarrikapenetako batzuk.
Hala ere, 1934an egin zuten greba nabarmendu du ikerlariak. Txiskeroak merkatuan sartzearekin batera, krisian sartu zen pospoloen sektorea, eta, ondorioz, asteko lanaldia bost egunetik hirura murriztu zieten pospologileei. Ordurako estatuak zeukan sektorearen monopolioa, eta, beraz, estatuko langileak ziren Irungo lantegiko emakumeak. Protesta gisa, lantegian bertan itxialdi bat egitea erabaki zuten emakumeek. «Garai hartako egunkariek kontatu zuten nola zihoazen pospologileak kalean behera, janariz betetako saskiak buruan, itxialdirako prestatzen», dio Tranchek. Polizia lantegira bertaratu zen, eta andrazkoak ateratzen ahalegindu. Dena den, agente gutxi ziren, eta, Tranchek kontatu duenez, emakumeek gain hartu zieten. «Orkatiletatik lotuta eskegi zituzten lantokiko leihoetan, buruz behera. Gobernadoreak horren berri izan zuenean, polizia mordoa bidali zuen lantegira, eta emakumeak bertatik aterarazi zituzten. Baina, ordurako, kanpoan itxaroten zituzten Irungo gainontzeko sektoreetako langile guztiak». Pospologileak eta gainontzeko langileak Sindikatuen Etxeraino joan ziren orduan. Orduantxe hartu zuten greba orokor batera deitzeko erabakia. «Ordura arte, sindikaturen bateko txartela izan behar zenuen grebaren alde edo aurka bozkatzeko, eta grebak, gainera, sektoreka egiten ziren. Pospologileek eragin zuten protesta hartan, ordea, asanbladan zeuden langile guztiek eman ahal izan zuten botoa, eta greba orokor bat egitea erabaki zuten».
Sindikatu propioa ere bazuten pospologileek, 1912an sortua. Pospologileen Sindikatu Feminista jarri zioten izena. UGT sindikatuak sekzio feminizatuak sortzeko erabili zuen estrategiari jarraitzen zion taldeak, eta arrakasta izan zuen. «Sindikaturik aktiboena izan zen garai batean, afiliazio handiena zeukana. Ia pospologile guztiak sindikatuta zeuden». «Eskirolekin» izandako tirabirak ere gogora ekarri ditu Tranchek. Esan duenez, eskirolen gaineko «kontrol zorrotza» zeukaten sindikatuetan zeuden pospologileek, eta 1927an egin zuten protesta batean eskirol bat «aterkiarekin kolpeka» bidali omen zuten lantegitik. «Langileren bat kaleratzen zuten bakoitzean ere protesta egin ohi zuten».
Tranchek protestetan lidergoa hartu zuen pospologile bat nabarmendu du: Rosalia Iglesias. Hainbat aldiz eraman zuten preso protestetan eta bestelako ekintzetan parte hartzearren, eta 1932an Sobietar Batasunera joan zen, hango emakumeak nola bizi ziren ikustera. Itzultzean, hitzaldiak ematen zizkien hemen inguruko emakumeei. Pospologileen urteetako borrokak eman zituen fruituak; esaterako, lehengairik ez zegoen garaietan lan egunak ez murriztea lortu zuten, baita soldata igotzea ere.
Gerra: lantokian eta kalean
36ko gerrak aldaketa handiak eragin zituen pospolo lantokian ere. «Gerra hasi zenean, lantegietako jabeak berehala jarri ziren erregimen frankistaren alde, eta pospologileen artean ere purga bat egin zen; errepublikaren aldekoak zirenei ez zieten lantegian sartzen uzten. Garbiketa itzela egin zen, eta erregimenaren aldekoei soilik utzi zieten lan egiten». Irun gerrako lehen egunetan erori zen erregimen frankistaren eskuetan —1936ko irailean—, eta emakume pospologileetako batzuk frontean aritu ziren, miliziano modura. Haietako bi hil egin zituzten Oiartzungo Pikoketa baserriaren ondoko fusilamenduan, eta Tranchek adierazi du Irungo beste bi pospologile ere Donostian fusilatu zituztela: «Pospologileak ziren bi ahizpa fusilatu zituzten Donostian, baina oraindik ez dugu lortu argitzea zergatik hil zituzten».
Errepublika garaian pospologileak Irunen «oso ondo ikusiak» zeuden, Trancheren arabera: «Denak ziren errepublikanoak. Errepublika garaile atera zen hauteskundeetan, pospologileak eskoletako ateetan egon ziren aldeko botoa eskatzen». Frankismoa ezarri zenean, ordea, guztiz aldatu zen haien gaineko irudia: «Formazio gabeko emakumeentzako lan gisa ikusten zen frankismoan, eta, gainera, emakume ezkertiarren tradizio oso indartsua zeukan ofizioa zenez, ez zegoen ondo ikusia». Gizarte Segurantzarik ez zegoenez, Irungo Udalak langabeziako aseguru bat sortu zuen garai hartan. Dena dela, pospologileak ez zituzten langabetzat hartzen, eta, etxeren batean emakume pospologileren bat bazegoen, etxe horretako gizonek ere ez zeukaten langabeziako ordainsaria jasotzeko eskubiderik.