2008an Gizarte Zerbitzuen Legea onartu zutenetik, adinekoen arlo psikosozialean esku hartzeko hainbat proiektu gauzatu dituzte udalek, eta, azken urteotan, gero eta gehiago dira herritar horien ongizatea bermatzeko asmoz prestatzen dituzten jarduerak. Adinekoek izan ditzaketen beharren arabera erakundeek diseinatzen dituzten programetako bat da Eguneko Arreta Zerbitzua, eta Azkoitian, kasurako, «arrakasta handia» lortu du helburu horrekin sortu duten Bizipoza zerbitzuak.
Etxean bizi diren adinekoentzako laguntza zerbitzua da Bizipoza. Azkoitiko Gizarte Zerbitzuen Sailak 2021ean abiatu zuten, modu pilotuan. Hamabost parte hartzailerekin jarri zuten martxan, eta, izandako harreraren eraginez, egonkortu egin zuten gero. Mendekotasun egoeran edo egoera horretan egoteko arriskuan dauden 65 urtetik gorako pertsonentzako zerbitzua da. Halere, autonomoak direnek ere erabil dezakete, bai eta zaurgarri eta bakarrik daudenek ere. Iñaki Lasa Gizarte Zerbitzuetako teknikariak azaldu du profil desberdinetako pertsonek parte hartzen dutela programan. «Batzuk etortzen dira harreman sozialak gutxitu egin zaizkielako eta bakarrik sentitzen direlako. Beste batzuek, berriz, mendekotasun arinen bat dute, eta ariketak egitera etortzen dira».
«Bizipozarekin, adinekoen aisialdia eta harremanak bermatu nahi ditugu, eta, pertsona bat mendekotasun fase baten aurrean badago, mendekotasun hori ahalik eta gehien atzeratu nahi diogu»
IÑAKI LASAAzkoitiko Gizarte Zerbitzuetako teknikaria
Hain zuzen ere, gaitasun fisikoak eta psikologikoak lantzeko asmoz, «ariketa estimulatzaileak» prestatzen dizkiete adinekoei, eguneroko bizitzarako «oinarrizko jarduerak» egiteko lagungarri zaizkienak. Lasak eguneko zentrora joan aurretik erabiltzeko zerbitzutzat jo du programa. «Bizipozarekin, adinekoen aisialdia eta harremanak bermatu nahi ditugu, eta, horrez gain, pertsona bat mendekotasun fase baten aurrean badago, mendekotasun hori ahalik eta gehien atzeratu nahi diogu».
Talde bateko kide sentitzea da erabiltzaileek eskertu ohi dutena, eta Lasak uste du horixe dela Bizipozaren arrakastaren gakoetako bat. Izan ere, gehienez hamabost laguneko taldeak osatzen dituzte, eta, teknikariak azaldu duenez, taldekide batzuek harremana mantentzen dute saioetatik kanpo ere, lagun talde bat sortzeraino.
Lagunarte berriak
Eguneko arreta zerbitzuetako saioek bidelagun bat izaten dute, eta Nora Rubio da Bizipozako bidelaguna. Lasak uste du Rubiok egiten duen lanaren ondorio dela zerbitzuak Azkoitian izan duen harrera ona. «Pertsona batek ondo dinamizatzen duenean eta parte hartzaileak maitatuak sentitzen direnean, zerbitzuak oso ongi funtzionatu ohi du», esan du. Rubioren egitekoa da, besteak beste, saioak prestatzea eta dinamizatzea, eta hark berak esan du «antzeko funtzionamendua» izaten dutela saioek, normalki: «Lehenengo ordubetean, tertulia moduko bat egiten dugu: albisteak komentatzen ditugu, nork bere bizipenak kontatzen ditu... Ondoren, gimnasia edo erlaxazio ariketak egiten ditugu, eta, azkenik, memoria lantzen dugu, taldean edo banaka». Horretaz gain, erabiltzaileek musika terapiako saioak jasotzen dituzte hilero, herriko musika eskolan, eta irteerak ere egiten dituzte.
Dinamizatzailearen ustetan, jende berria ezagutzea da parte hartzaileek gehien eskertzen dutena. «Batzuei lagunak hil egin zaizkie edo alargundu egin dira, eta antzeko egoeran daudenekin egotea garrantzitsua da pertsona horientzat». Bizipozaren sustatzaileek badakite adinekoek senideekin igarotzen dutela denbora gehien, eta, programaren bidez, parte hartzaileek aisialdirako alor berriak lantzen dituzte. Gainera, zerbitzua erabiltzen dutenen zaintzaileei «atseden tarteak» ematea ere bada Azkoitiko egitasmoaren helburua.
65 eta 90 urte bitarteko 45 lagunek erabiltzen dute Bizipozak eskaintzen duen zerbitzua, eta, egitasmoak izandako harreraren ondorioz, datorren urtarrilean beste talde bat sortzeko asmoa dute; laugarren taldea litzateke. Erabiltzaileak Azkoitiko Plaza Ondo jubilatuen elkartearen egoitzan elkartzen dira saioetarako, eta Lasari iruditzen zaio bertan biltzeak laguntzen duela zerbitzuak «estigmarik» izan ez dezan.
Parte hartzaile batzuek «eskola» gisa definitzen dute egitasmoa, eta beste batzuentzat «etxe» ere bilakatu da. Carmen Lizarraldek, esaterako, bi urte daramatza zerbitzua jasotzen, eta gehien eskertzen duena da taldean eta lagunartean denbora pasatzea. «Alargundu nintzenean, alabak animatu ninduen Bizipozara», esan du. «Etorri nintzen saio batera, eta oso pozik nabil ordutik. Zoragarri igarotzen dira orduak hemen». Lizarralderi, beste hainbati bezala, «poza» ematen dio su goxoan egosiz joan den Bizipoza proiektuak.