Ingurumena

Beste bizialdi bat, kontsumoaren haria eteteko

Urola Kostako Udal Elkarteak abian jarri du hondakin gutxiago sortzearen garrantziaz jabetzeko kanpaina sorta bat. Arropa arduraz kontsumitzeari buruzko kanpaina izango da aurrenekoa, eta bi sortzailek bat egin dute horrekin.

(ID_14463992) (/EZEZAGUNA) jessica
Jessica Gonzalez sortzailea, berak egindako poltsa bat aldean duela, astelehenean, Zumaian ireki berri duen Mao arte estudioan. MARIA MAYA MANTEROLA
Zumaia
2024ko azaroaren 30a
05:00
Entzun

UKUE Urola Kostako Udal Elkarteak kanpaina bat abiarazi du ahal bezain hondakin gutxi sortzeko eta, aldi berean, berrerabilpena eta birziklapena sustatzeko. Lehen ekinaldiak arropa kontsumo arduratsua izango du oinarri: Aian, Orion, Zarautzen, Getarian eta Zumaian informazio guneak jarriko dituzte edukiontzien ondoan, herritarren zalantzak argitzeko helburuarekin. UKUEko ordezkariek esan dute jendearen kontzientzia piztu nahi dutela, arropa gaika biltzeko eta arropa berrerabiltzeko. Gainera, eskuragarri dauden bilketa lekuen berri ere emango dute informazio guneetan. Eskualdeko bi sortzailek kanpainarekin bat egingo dute sare sozialen bidez.

Zumaiako Jessica Gonzalez Silva da kanpainarekin bat egin duten sortzaileetako bat. Mao arte estudioa zabaldu berri du Zumaian, eta inguruko sortzaileen lanak eta berak eskuz egindakoak saltzen ditu. Gehienbat, nezeserrak eta poltsak egiten ditu, birziklatutako oihalekin.

«Askotan pilatzen zaigu arropa armairuaren barrenean, eta ez gara ohartzen horri buelta bat eman eta zerbait polita egin daitekeela»

JESSICA GONZALEZ SILVA Sortzailea

Gonzalezek inguruko oihalgintza enpresa txiki bati sobran geratzen zaizkion txatalak erabili ohi ditu bere sorkuntzak egiteko, eta, hain zuzen ere, sare sozialen bitartez azalduko du estudioan zer lan egiten duen. Arropa eta, oro har, oihalak berrerabiltzearen garrantziaz jabetzea eta kontzientziak piztea izango du asmo nagusia. Hala, etxeko oihalei beste bizialdi bat eman eta gauza «politak» eta «originalak» egin daitezkeela dio. «Askotan pilatzen zaigu arropa armairuaren barrenean, eta ez gara ohartzen horri buelta bat eman eta zerbait polita egin daitekeela», esan du sortzaileak. «Nori ez zaio gertatu arropa garbiketa egiten ari dela ezkutuan zegoen jertse bat aurkitu, eta jertse hori arropa kutunena bihurtzea?». Gainera, Gonzalezek uste du saltoki handietan dagoen arropa guztia «antzekoa» izaten dela.

Jende askorentzat, prezioa izaten da eskulangileen lana erosteko traba, baina Gonzalezi iruditzen zaio sarritan «mito bat» besterik ez dela izaten gehiago ordaintzearena. «70 euro ordaintzen ditu jendeak telazko poltsa sinple batengatik. Marka ordaintzen dute». Gonzalezek merkeago saltzen ditu berak egindakoak. Gainera, eskuz mozten ditu patroiak, banaka josi, bai eta batzuk brodatu ere. Haren iritziz, zer preziotan saltzen dituen ikusita, egiten duen lan hori guztia «ez dago ondo ordainduta», baina aitortu du produktuak garestiago jarriko balitu ez lituzkeela salduko. «Artisau hitza entzunda, dirua xahutzea datorkio burura jendeari, kalitatezko produktu bat erosi dutela pentsatu beharrean».

Kontsumo neurrigabea

Zumaiar sortzaileak uste du jendeak neurririk gabe kontsumitzen duela, eta, gainera, erositako produktuen kalitatea «oso txarra» izaten dela maiz. Hark dioenez, oihal horiek desegiten direnean, ez dute aukerarik ematen berriz erabiltzeko. Zalantzan jarri du saltoki handietako produktuen ekoizpen katea. «Jertse bat 10 euroan saldu bada eta prezio horretan errentagarria bada, zenbat kostatu da?». Aitortu du sortzaile gisa lan egiten hasi zenean jabetu zela arroparen industrian dabiltzan hainbat lagunek zer baldintzatan egiten duten lan. Horregatik, hain zuzen, beharrezkotzat jotzen du UKUEk abian jarri berri duen kanpaina, kontzientziak pizteaz gain, ikusgai jartzen duelako artisauen lana.

«'Artisau' hitza entzunda, dirua xahutzea datorkio burura jendeari, kalitatezko produktu bat erosi dutela pentsatu beharrean»

JESSICA GONZALEZ SILVA Sortzailea

Hondakin gutxiago sortzeko xedez, beste bi kanpaina egingo ditu UKUEk: auzo konpostari, elikagaien xahuketari eta etxeko hondakinen birziklapenari lotutakoak. Jarduera horiei buruzko informazioa UKUErekin harremanetan jarrita lor daiteke, 943-89 08 08 telefono zenbakira deituta edo [email protected] helbidera idatzita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.