Bertsolaritza

Bertsolari aitzindariari, aitortza

Pernando Amezketarra hil zela berrehun urte bete dira aurten, eta oraindik ere eredutzat dauka Amezketak. Efemeridea baliatuta, haren izena jarri diote herriko kultur etxeari.

(ID_13426785) (/EZEZAGUNA) pernandoamezketarra
Pernando Amezketarraren omenez lehengo astean egin zuten antzezlaneko parte hartzaileak, Amezketan. ZUHARA TELLETXEA
Amezketa
2023ko abenduaren 19a
05:00
Entzun

Hitzekin egindako jolasa da bertsolaritza. Litekeena da, beraz, uste dena baino lehenago sortu izana. 1452. urte ingurukoak dira Euskal Herrian bertsolaritzari buruzko lehen aztarna idatziak. Itziarren, emakume batek bere ahizpa hil berriari bertso sorta bat idatzi zion: Lasturko Milia. XVIII. mende amaieran, beste mugarri bat markatu zuten zenbait bertsolarik, eta tartean zen Fernando Bengoetxea Altuna Pernando Amezketarra. «Oso pertsonaia garrantzitsua da; lehenengo bertsolari ezagunenetako bat da», esan du Bixente Gorostidi bertsolari amezketarrak. «Hura eta haren ingurukoak herriz herri eta plazaz plaza hasi ziren bertsotan. Aitzindariak izan ziren, eta horien artean Pernando izan zen ezagunena», gaineratu du.

1764ko urriaren 10ean jaio zen Pernando Amezketarra, Adunan, eta, ondoren, Amezketan bataiatu zuten gurasoek. Hura zen anai-arrebetan zaharrena. «Orduko Amezketa herri pobrea zen. Etxez etxe errentan ibiltzea zen ohikoena, eta Pernando lauzpabost etxetan bizi izan zen. Bizimodua aurrera ateratzeko, artzaintzan eta meatzaritzan aritu zen lanean», kontatu du Gorostidik. 17 urte besterik ez zituela hil zen haren ama: Josepa Antonia. «Anai-arreba asko ziren, eta, beraz, bertsoez gain, lana ere egin behar izan zuen».

Aurtengo uztailaren 9an bete dira berrehun urte Pernando Amezketarraren heriotzaz geroztik, eta, efemeridea ospatzeko, haren izena jarri diote Amezketako kultur etxeari: Pernando Amezketarra. Horretarako, ekitaldi bat egin zioten joan den astean, kultur etxean bertan. Orain arte zenbait omenaldi egin dizkiote herritarrek, baina «bizirik iraungo» duen zerbait egin nahi izan diote oraingoan. «Guretzat ohore bat da. Amezketan kultur zaindari bat bada, hori Pernando da», dio Gorostidik.

«Amezketan eta inguruko herrietan Pernando Amezketarra beti egon da ondo errotuta, baita haren istorioak ere». BIXENTE GOROSTIDI Bertsolaria

Gorostidik nabarmendu du Pernandoren bertso guztiak neurri txikian egindakoak zirela, silaba gutxiko hitzekin osatuak. «Garai hartako hizkuntza oso bizia zen. Inork ez zekien idazten eta irakurtzen, ahozko hizkera oso bizia zen, eta erantzunak, bat-batekoak. Oso bertsokera polita zuela iruditzen zait. Bertsolari izateaz gain, pertsona oso bizia zen Pernando, umoretsua, buru argikoa eta erantzun azkarrekoa. Gainera, trebetasun berezia zuen hizkuntzarekin».

Transmisioaren garrantzia

Besteak beste, Amezketako alkate Mikel Arteaga mintzatu zen lehengo asteko ekitaldian, eta transmisioaren garrantziaz aritu zen: «Berrehun urte pasatu ondoren Pernandoz gogoratzen bagara, transmisioari esker gogoratzen gara». Gorostidik gogoan du haurra zenean amonak kontatzen zizkiela bertsolari haren gaineko zenbait pasarte. «Amezketan eta inguruko herrietan beti egon da ondo errotuta haren presentzia, baita haren istorioak ere».

Gorostidik gogoan ditu, gainera, Pernandori buruz ikusitako marrazki bizidunak eta irakurritako liburuak. «Alproja samarra irudikatzen zuten. Parrandazalea eta bizimodu trakets samarrekoa zela esaten du askok». Haren iritziz, baina, litekeena da Pernandorekin lotuta ez dauden zenbait pasarte harekin lotu izana: «Europako tradizio kulturaletan ere agertzen dira antzeko zenbait gertaera eta ipuin, eta Pernandok garai hartan zuen ospea zela-eta, euskal egileek berari bizkarreratuko zizkioten».

«Bertsolari izateaz gain, pertsona oso bizia zen Pernando, umoretsua, buru argikoa eta erantzun azkarrekoa».

Tolosaldeko ikastetxeetan aritzen da lanean Gorostidi, ikasleen artean bertsolaritza sustatzen. Harrituta dago haurrek Pernando Amezketarraz duten ezagutzarekin. «Haren heriotzaren urteurrena dela-eta, zirikatu egiten nituen, baina pentsatzen nuena baino hobeto ezagutzen dute. Gaur egun, edozein momentutan haren marrazki bizidunak ikusteko aukera dugu, eta konturatu naiz askok ikusita dauzkatela».

Amezketarraren zenbait pasadizo ezagutzen dituzte haurrek; bertsoak, ordea, ez. «Horrek ez nau harritu», esan du Gorostidik. «Guri ere asko kostatu zaigu haren garaiko bertsoak topatzea». Izan ere, uste du garai hartako bertsoak zehatz jakiteko arazo handia dagoela. «Pernandoren bertso gutxi iritsi zaizkigu, eta iritsi zaizkigunak, gainera, modu desberdinetan». 200. urteurrenaren ekitaldirako bilduma txiki bat egin dute, eta, amezketarrak esan duenez, bertso bakoitzaren «bost edo sei bertsio» jaso dituzte. «Bagenekien batzuk ez zirela Pernandok kantatutakoak, Amezketan hitz horiek erabiltzea ezinezkoa iruditzen zitzaigun eta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.