Bertsoak pentsiodunen alde

‘Bertsopentsiotan’ izeneko bertso jarrien lehiaketa abiatu du lehen aldiz Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak. Euskal Herriko pentsiodunek eta 60 urtetik gorako guztiek har dezakete parte. Urtarrilaren 15a izango da bertsoak aurkezteko azken eguna.

(ID_13424066) (Aritz Loiola/Argazki Press) 2017-12-16, Barakaldo. BEC, Bertsolari txapelketa nagusia
2017an Barakaldon jokatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala hasi aurreko une bat. ARITZ LOIOLA / FOKU
Miren Mujika Telleria.
2023ko abenduaren 16a
05:00
Entzun

«Ari garela/ ari garela/ astelehenero kalean...». Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak jarri du puntua, eta Euskal Herriko zein diasporako pentsiodunei eta 60 urtetik gorakoei egin die erantzuteko gonbita. Izan ere, bere ibilbidean lehenengoz, Bertsopentsiotan izeneko bertso jarrien lehiaketa antolatu du mugimenduak. «Euskal kulturari ekarpen xume bat egitea», horixe du helburu pentsiodunek abiatutako lehiaketak. «Kultur ekimen berri hau bertsogintza, pentsamendu eta ideia berriak gizarteratzeko baliabide gisa baliatu nahi dugu», esan du Maite Aristegi mugimenduko kideak. 

Aristegik azaldu du bost urte direla Pentsiodunen Mugimenduak kaleak hartzen dituela astelehenero: «Pentsiodun asko gara astelehenero gure herrietako udaletxeen aurreko plazetan biltzen garenak, baina askoz gehiago dira mugimenduaren helburuekin ados egonik hura bultzatzeko grina sentitzen dutenak». Hain justu, astelehenetako mobilizazioak jarri dituzte bertso sortak osatzeko gaitzat. Izan ere, pentsioen gaiak gizarte osoari eragiten diola dio Aristegik. «Bereziki eta zuzenean eragiten digu guri, baina etorkizunari begira gizarte eredua definitzen duten gako nagusietako bat da pentsioarena; gizarte berdinzale baten ardatza. Etorkizunean zer gizarte eredu izan behar dugun lantzen eta definitzen ari da mugimendua».

(ID_13423730) (Idoia Zabaleta/@FOKU) 2022-06-25, Donostia.Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak antolatutako bizikleta martxare...
Euskal Herriko Pentsiodunen manifestazio bat, iazko
ekainean, Donostian. IDOIA ZABALETA / FOKU.

Bertso jarrien egitasmoaren bidez pentsioen gaian «sakondu» eta «sakondutakoa gizarteratu» nahi dutela adierazi dute. «Bertsogintzaren bidez, pentsiodunen gaian gehiago sakondu nahi dugu, eta gaiaren gaineko proposamenak eta ekarpenak jaso. Horretarako baliatu nahi dugu lehiaketa hau, aurrera begira ere lanean jarraitu ahal izateko proposamenak edukitzeko». 

«Bertsogintzaren bidez, pentsiodunen gaian gehiago sakondu nahi dugu, eta gaiaren gaineko proposamenak eta ekarpenak jaso. Horretarako baliatu nahi dugu lehiaketa».MAITE ARISTEGI Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko kidea

Aristegiren arabera, gainera, ez dute alferrik hautatu bertsogintza. «Iruditu zaigu bertsoa, genero bezala, aukera ona izan daitekeela horien guztien ekarpena jasotzeko. Pentsiodunon belaunaldia euskara aldetik asko zigortutako belaunaldi bat da. Horregatik, ekimen xume honen bitartez, euskarari eta euskal kulturari ekarpentxo bat egin nahi izan die pentsiodunen mugimenduak».

Aristegi sinetsita dago lehiaketa lagungarri izan daitekeela pentsiodunen aldarriak jende gehiagorengana zabaltzeko: «Uste dut lehiaketak balioko duela gure borroka indartzeko eta oihartzun handiagoa lortzeko. Horixe da, behintzat, helburua».

Aurkezteko irizpideak

Bertso sorta bidaltzeko epea orain hilabete zabaldu zuten, eta urtarrilaren 15a izango da aurkezteko azken eguna. Antolatzaileek azaldu dute parte hartu nahi dutenek bi modu izango dituztela bertsoak bidaltzeko: posta arruntez bidalita –20 posta kutxa, Iurreta 48215 (Bizkaia)– edo [email protected] helbidera bidalita. Postaz bidaltzen dutenek izenburu batekin eta ezizenez sinatuta bidali beharko dute bertso sorta, gutun azal handi batean, eta gutun azal txikiago batean egilearen izen-abizenak, herria eta kontaktua jarri behar dituzte. Posta elektronikoz bidaltzen dutenek, berriz, bi mezu bidali beharko dituzte: bat, bertso sortarekin, eta bestea, kontakturako datuekin. 

«Uste dut lehiaketak balioko duela gure borroka indartzeko eta oihartzun handiagoa lortzeko».MAITE ARISTEGI Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko kidea

Sorta bakoitzak hiru bertso izan beharko ditu gutxienez, eta gehienez, sei. Librea izango da neurria, baina zer doinutan kantatu beharrekoak diren zehaztea ezinbestekoa izango da bertsoak aurkezteko garaian.

Lehiaketaren sari banaketa «ekitaldi publiko eta zabal baten bidez» egingo dutela adierazi du mugimenduak, nahiz eta jakinarazi duen ez dela diru saririk izango: sarituek euren bertsoak kantatzeko aukera izango dute. Tolosan egingo dute ekitaldia, martxoaren 1ean. «Lehiaketako parte hartzaile guztiak gonbidatuko ditugu, eta aurkeztu dituzten bertsoak kantatzeko aukera izango dute. Gainera, aukera izango dugu gaur egun punta-puntakoak diren bertsolarien bat-bateko saio batez gozatzeko». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.