Tokiko lupuludun sagardoa dastagarri Adunan

Adunako R. Zabala sagardotegiak tokiko lupuluarekin egindako sagardoa aurkeztu du oraintsu. Aleo Vitro Bizkaiko enpresa bioteknologikoarekin egin dute lan lupulua egokitzeko prozesuan, sagardoarekin nahastu ahal izateko.

Zabala Sagardotegia
Adunako R. Zabala sagardotegiko kideak, orain bi aste, lupuludun sagardoa aurkezten. JON MIRANDA
2023ko abenduaren 11
05:00
Entzun

Denbora dezente da tokiko sagarra erabiltzeko apustua egin zutela sagardozale askok. Are, Euskal Herrian ez da berria sagardo lupuluduna; tokiko sagarrarekin eta kanpoko lupuluarekin egindako sagardoa, alegia. Orain gutxi, %100 bertako lupuluarekin egindako sagardo lupuluduna egin du Adunako R. Zabala sagardotegiak. Orain pare bat aste aurkeztu zuten jendaurrean. Adunako Udaleko ordezkariak egon ziren han, eta sagardo lupuludun berria probatzeko aukera izan zuten aurkezpenera joandakoek.

Hiru urte eman ditu R. Zabala sagardotegiak Aleo Vitro Bizkaiko enpresarekin Sagardhopyng: sagardo naturala lupulatzen izeneko proiektua garatzen. Euskadiko Landa Garapeneko Programaren bitartez, Feader nekazaritza eta landa garapenerako Europar funtsak finantzatu du, hein batean, proiektua. Gainera, hainbat izan dira proiektua sustatzen lagundu dutenak. Hala nola EHUko SGIker Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorrek eta Bizkaiko Foru Aldundiak. Enba sindikatuak eta Derioko nekazaritza eskolak ere babestu dute egitasmoa.

Zer da, baina, sagardo lupuluduna? Adunako sagardogileen arabera, «garagardoa egiteko erabiltzen den lupulua eta sagardoa nahastean ateratzen den edari berezia da». Azaldu dutenez, «zaporea, freskotasuna eta nortasuna» ditu. Edari hori egiteko bi osagai dira oinarrizkoak: sagarra eta lupulu lore emea.

«Hainbat formatutan lupulu prestakinaren industriaurreko eskalagarritasuna zehaztu, eta osagarri bioteknologikoa kontuan hartu dugu». ENEKO OTXOA Aleo Vitro enpresako kidea

Sagardogileek proiektu pilotutzat daukate edaria, eta baita berrikuntza gisa ere. Kimikaren eta biologiaren alorrean lan egiten dute Ale Vitro enpresako Antonio Lasok eta Eneko Otxoak. Biek ala biek azaldu dutenez, lupuluak osagai guztiak mantendu ditzan eta sagardoarentzat erabilgarria izan dadin azterketa zehatza egin dute barietate komertzial eta autoktonoekin. «Hainbat formatutan lupulu prestakinaren industriaurreko eskalagarritasuna zehaztu, eta osagarri bioteknologikoa kontuan hartu dugu», argitu du Otxoak.

Garagartza baserriko lur sailetan sagastien aldamenean landatu dute azkeneko bi urteetan lupulua. Sail horietan barietate komertzialak eta Adunakoak bertakoak aldatu dira. Landare igokaria da lupulua, eta bospasei metro egiten du gora. Iraila aldean jaso, loreak landaretik kendu, eta lupulu lore eme hori bera da erabili dutena. Lasok azaldu duenez, lupulu hori prestatu beharra dago: «Sagarra garbitu eta prentsatzen den bezala, lupulua ere prozesatu egiten da. Prestatu egiten da, gero sagardoari gehitu ahal izateko». Proba asko egin dituztela gaineratu du Otxoak: «Zabalaren sagardo naturalari lupulu freskoa gehitu diogu aurrena, hori izan da abiapuntua. Gero, modu askotara erabili dugu, lupulu lehorra, izoztutakoa...». Upeletan egin dituzte proba gehienak, baita botiletan ere, eta emaitza «homogeneizatua» eta «egonkorra» lortu dutenean aurkeztu dute jendaurrean. Sagardogileek azaldu dute, halaber, gustura daudela emaitzarekin.

Ohitura berreskuratuz

Aurkeztu berri duten sagardoak IPAren zaporea gogorarazten duela diote egileek. «Garagardo artisauak edaten dituztenek eta aho sabaia zapore horretara ohituta daukatenek gustura edango dutela iruditzen zait», aurreratu du du Luis Zabala R. Zabala sagardotegiko arduradunak. Argitu du tokiko lupuluarekin egindako sagardoaren botilak urre koloreko etiketa daramala, eta lupulu komertzialarekin egindakoak, berriz, beltza. «Gure asmoa da gure lursailetan geroz eta toki gehiago egitea bertako lupuluari. Aurten beste bi errenkada gehiagotan landatuko dugu». Horretarako, baina, lupulua «etxekotu» egin behar dutela aipatu du Adunako sagardogileak.

4.000 litro inguru ekoitzi dituzte aurten, eta sagardo garai berrian izango da hura probatzeko aukera. «Jendeari gustatzen bazaio eta eskatzen badu, merkaturatzeko bideak topatuko ditugu», esan du  Zabalak. «Ekoitzi izan dugu sagardo aparduna, eta baita irakinaldia moztutako sagardo gozoa ere. Uste dut begirada zabaldu eta sagardo mota gehiago eskaini behar dizkiogula bezeroari. Sagardozaleon lana ere bada probatzera ematea eta eskaintza hori egon badagoela jakinaraztea».

«Gure aurrekoek egiten zuten garai batean, gu ez gara ezer asmatzen ari. Gure zaharren jakinduria jaso dugu guk».

LUIS ZABALA R. Zabala sagardotegiko arduraduna

Edari freskagarri bat lortzeko sagardoari lupulua nahastearena ez da ezer berria Euskal Herrian, eta horren jakitun da, gainera, Zabala. «Gure aurrekoek egiten zuten garai batean, gu ez gara ezer asmatzen ari. Gure zaharren jakinduria jaso dugu guk. Natura zaindu, transformatu eta jendearentzat produktu interesgarriak eskaini: hori da egiten dakiguna». Euskal Sagardoa zigilupean dauzkate Adunako sagastiak, eta ez dute sagardo lupuluduna zigilu beraren barruan sailkatzerik baztertzen. Aukera hori aztertzen ari dira orain.

Oraingoz, aurreratu dute jendeari probatzera emanaz emango dutela ezagutzera sagardo lupuluduna. Gainera, Zabalak dio inork interesik izango balu botilaratzeko eta merkaturatzeko ez luketela inolako arazorik izango. «Jendeak gustuko badu, haiek etorriko zaizkigu eske».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.