«Berrikuntza politikoan jauzia» Gipuzkoan

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2024-2027ko aldirako Plan Estrategikoa aurkeztu du. «Ongizate integrala» hartu du ardatz gisa, eta horren inguruan antolatu ditu gizartea, ekonomia, jasangarritasuna eta komunitatea biltzen dituzten 118 ekintza lerro.

(ID_13976408) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-06-13, Hernani. Aldundiak hurrengo urteetarako plan estrategikoa aurkeztu du Txillida Lekun, Ei...
Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, pasa den asteko ostegunean, aldundiaren 2024-2027 Plan Estrategikoa aurkezten, Hernaniko Txillida Lekun. JON URBE / FOKU
jone arruabarrena
Hernani
2024ko ekainaren 21a
05:00
Entzun

«Berrikuntza politikoan jauzi bat» egin nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Eta, horretarako, lankidetza «indartzeko» helburua jarri diote 2024-2027ko Plan Estrategikoari. Hain zuzen, Eider Mendoza diputatu nagusiak aurkeztu ditu planaren oinarriak, Hernaniko Txillida Lekun, hainbat alorretako 250 ordezkari eta eragile baino gehiagoren aurrean —joan den asteko ostegunean egin zuten ekitaldia—. Jauzia ongizatearen norabidean eman nahi du aldundiak, Mendozaren hitzetan: «Pertsona guztien ongizate integrala bilatzea, hori da gure lana gidatzen duen koordenatu nagusia». Ekitaldian izan zen Jose Ignacio Asensio diputatu nagusiordea ere, eta ezinbestekotzat jo zuen erakundeen arteko lankidetza, «desberdintasunak» errespetatuz eta batzen dituen elementuei garrantzia emanez.

Bide horretatik, lau zutabe nagusitan eragiteko asmoa adierazi zuen Mendozak. Lehena, «pertsona orori kalitatezko zaintza eta babesa» bermatzea, gizarte zerbitzuak indartuta. Bigarrena, «ekonomia lehiakorra eta berritzailea» garatzea. Hirugarrena, Gipuzkoa «jasangarria, berdea, erresilientea, orekatua, kohesionatua eta interkonektatua» sortzea. Eta, laugarrena, herrialde «demokratiko, bidezko eta arduratsu» baten bidean pausoak ematea. Hori guztia lortzeko, EAJ eta PSE-EEren foru gobernuak hurrengo lau urteetarako 118 ekintza lerro ezarri ditu planean.

1

Gizartea

«Lurraldearen eraldaketa demografiko eta sozialei aurre egitea» da Gipuzkoako Foru Aldundiak estrategia berrian jarri dituen helburuetako bat. Horretarako, adineko pertsonentzat eta mendekotasun egoeran daudenentzat arreta indartzea aurreikusten du planak, baita desgaitasuna dutenentzako zerbitzuak sendotzea ere. Esparru soziosanitarioa ere «garatu» nahi du, sistema sanitario eta sozialaren arteko «koordinazioa» bultzatuta. Adin txikikoen babes sistema zein indarkeria matxistaren biktimen arreta «pertsonalizatuago» bihurtzea ere aurreikusten da. 

Belaunaldien arteko erreleboari ere garrantzia eman dio diputazioak, eta, hala, ezinbestekotzat jo dute gazteei «aukerak eskaintzea». Besteak beste, sektore horrentzako politikak «indartu» nahi ditu aldundiak, fiskalitatea barne. Gazteentzat «kalitatezko» enplegua sortzea ere aurreikusten dute, eta landa eremura gazteak erakartzeko ildo bat martxan jarri nahi du.

(ID_13976403) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-06-13, Hernani. Aldundiak hurrengo urteetarako plan estrategikoa aurkeztu du Txillida Lekun, Ei...
Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako diputatu nagusiordea eta Eider Mendoza diputatu nagusia, aldundiko gainontzeko arduradunekin, joan den asteko ostegunean, Hernaniko Txillida Lekun. JON URBE / FOKU

Aniztasunaren eta inklusioaren eremuari dagokionez, aldundiak etorkizuneko erronkatzat jo du «genero berdintasuna, arraza inklusioa eta sexu orientazioan aniztasuna onartzea eta sustatzea», baita «euskal kultura eta euskararen erabilera» indartzea ere. Emakume eta gizonen arteko berdintasunari dagokionez, adibidez, «berdintasunaren aldeko emakumeen asoziazionismoa indartzea» izango da lan lerroetako bat. Berdintasunaren aldeko sentsibilizazioan ere sakondu nahi du, eta tokiko mailan ere landuko du gaia, arlo hori lantzeko «udalen baldintzak» hobetzen lagunduta. 

Ongizateari eta buru osasunari ere erreparatu dio aldundiaren planak. Nahasmendu mentalekin lotutako estigma «murriztu» eta arreta psikologikorako sarbidea hobetu nahi du, herritarren «ongizate emozionala» landuz eta horren inguruko arazoen inguruan sentsibilizazio lana eginez. «Mendekotasunaren eta zaurgarritasunaren prebentzioan» aurrera egin nahi du; besteak beste, «bizimodu eta ingurune osasungarriak» sustatuta eta bizimodu independenterako ereduak bultzatuta. Bazterkeria egoeran dauden pertsonei dagokienez, haien gizarte inklusioan eta horientzako prebentzio zerbitzuetan sakondu nahi dute.

2

Ekonomia

«Berdintasun ekonomikoaren eta aberastasunaren bidezko banaketaren alde» ere egin du aldundiak planean. Horretarako, «ongizatea eta lehiakortasuna» babesten dituen politikak sortzea ezinbestekotzat jo du. Bide horretan, aurreikusten du «enpleguaren kalitatea sustatzen duen ekonomia» bultzatzea. Horretarako, besteak beste, «enpresek parte hartzeko ereduak» zein sektore berrien inguruko enplegua sustatu nahi ditu, eta proiektu erakargarriak abiatu talentua sortu eta erakartzeko. Bazterkeria egoeran dauden pertsonei zein lanpostu prekarioak dituztenei «formazio eta enplegu ibilbide pertsonalizatua» ere eskaini nahi die aldundiak.

Ekonomia «jasangarria eta berdea» ere bultzatzen da 2024-2027ko Plan Estrategikoan, 2050. urterako klima neutraltasuna lortzeko bidean, eta ekonomia berdearen alorrean enpresen sorrera bultzatuko du. Horrez gain, «enpresa ehunaren elkarlanerako eta eraldaketarako proiektuak» sustatu nahi ditu, baita eraldaketa teknologikoa eta energetikoa bultzatu ere, «deskarbonizazio eta eraginkortasun energetikoko» politiken bidez.

«Gaitasun eta aukera lehiakorrak sustatzea» da beste helburuetako bat. Hori betetzeko asmoz, ETEen lehiakortasuna bultzatzeko «beharrezkoak diren trantsizioak» egin nahi ditu diputazioak, baita azpiegituren ekosistema indartu, enpresen nazioartekotzeari laguntza eman eta ekintzailetza sustatu ere. Turismoari dagokionez, industria hori «bultzatu» nahi du, «kalitatearen, profesionaltasunaren, bikaintasunaren eta jasangarritasunaren aldeko apustua» eginez. Landa ingurunean ere «jarduera ekonomikoaren dinamismoa» sustatzea da helburu bat, eta, horrekin batera, «aukera berriak» bultzatzea.

Puntako zientzia eta berrikuntza sarea osatzeari ere garrantzia eman dio. Norabide horretan «inbertsio berriak eta enpresekin elkarlanean burututako berrikuntza proiektuak» sustatzeko asmoa dauka aldundiak, eta esparru horretara emakumeak «erakarri, mantendu eta euren lidergoa sustatzeko esperientzia berritzaileak» abiarazteari garrantzia ematen dio planak. Horrez gain, «goi mailako ikertzaile eta talentua» erakarri eta errotzeko helburua dauka.

3

Lurraldea eta ingurumena

Klima aldaketari aurre egiteko landu beharreko ildoak hartzen ditu plangintzaren hirugarren zutabeak. Jasangarritasunerako bidean, karbono aztarna gutxitu, karbonoa xurgatzeko ahalmena handitu, birziklapena indartu eta energia iturrien erabileran aldaketak egitea du xede egitasmoak, energia berriztagarriak bultzatuz. Besteak beste, erosketa publiko «berdean» sakondu nahi du aldundiak, espazio degradatuak eta abandonatuak leheneratzea sustatuz eta tokiko energia komunitateak bultzatuz, eta Klima Aldaketaren Behatokiaren lana ere sustatu nahi du.

Basoetan eta ekosistemetan ere arreta jarri du planak. Horien kudeaketa «jasangarria» izan behar dela dio, eta, horretarako, baso ondareari «balioa» ematea nahi du, baita natura ondarea babesteko jarduketak bultzatzea ere. Ibaietako eta kostaldeko habitaten kontserbazioari dagokionez, horiek lehengoratzeko proiektuetan inbertsioak egiteko asmoa dauka aldundiak. Ikerketari dagokionez, landa inguruneari eta kostaldeari eragiten dieten faktore klimatikoei eta beren inpaktuei buruzko ezagutza handitu nahi du, eremu horietan ikerketa eta berrikuntza bultzatuta.

(ID_13976399) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-06-13, Hernani. Aldundiak hurrengo urteetarako plan estrategikoa aurkeztu du Txillida Lekun, Ei...
Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2024-2027ko Plan Estrategikoaren aurkezpena, Hernaniko Txillida Lekun, 250 ordezkari eta eragileren aurren, joan den asteko ostegunean. JON URBE / FOKU

Mugikortasunari buruzko plana ere bildu du estrategiak, jasangarritasunaren atalean. «Intermodala eta interkonektatutakoa» izan behar du Gipuzkoako garraioak, aldundiaren ustez. Azpimarra berezia egin du mugikortasun aktiboan, eta dibertsitate funtzionala duten pertsonen beharrei «arreta berezia» eskaintzeko beharra finkatu du planean. Bide azpiegiturei dagokionez, «seguruak, adimendunak, interkonektatuak eta jasangarriak» bultzatu nahi ditu.

Elikadura sistema «jasangarria eta osasungarria» ere bultzatu nahi du planak, tokiko ekoizpenaren potentziala «handituz» eta «kontsumo arduratsua» sustatuz. Azpiegitura nagusien egokitzapen eta modernizazioa ere bultzatuko du, «garapen orekatuaren mesedetan».

4

Komunitatea

Komunitate «demokratiko, arduratsu, jasangarri eta bizia» bultzatu nahi du EAJk eta PSE-EEk osatutako gobernuak. Horretarako, «herritarren kultura demokratikoan eta ardura komunitarioan» sakontzea da planaren helburuetako bat, «udalen, elkarteen, eragileen eta herritarren ahalduntzerako eta elkarlanerako guneak» indartuta. 

Euskara «bizitzako arlo guztietan» lehentasunez erabiltzeko lan ildo bat ere jarri du martxan. Hori lortzeko asmoz, hizkuntzaren transmisioa eta erabilera bermatu nahi ditu, euskara «gizartea kohesionatzeko tresna» bihurtuta. Bestalde, euskara, arlo sozioekonomikoa eta lurraldea lotuko dituen «paradigma berria» sortzeari emango diote garrantzia; hain zuzen, «eraginkorrak diren ekimen esperimentalak elkarlanean sustatzea», eta «eskalagarriak direnak abian jartzea».

«Hizkuntza estrategia berriak» ere landu nahi ditu aldundiak, «ulermen unibertsala landuz, hizkuntza teknologiak sustatuz eta komunikazio kanal berriak euskaraz bermatuz».

Aniztasuna izango da atal horretako beste giltzarri bat. «Pertsonen integrazioa, diskriminaziorik eza eta bizikidetza» sustatu nahi ditu, eta gizarte eragileekin batera «garapenerako lankidetza» bultzatu.

Artea eta kulturaren beharrei ere erantzutea da beste helburuetako bat, horien gaur egungo ekosistema indartu eta «ekosistema kultural berriak» sortuta. Teknologia eta artearen arteko harremana ere sustatu nahi dute planean, eta, era berean, «turismoaren, gastronomiaren, euskararen eta kulturaren arteko zubiak» indartu.

ZEHARKAKO LERROAK

Foru aldundiaren plangintza guztiak «zeharkako lerroak» ere edukiko ditu: lankidetzan oinarrituta egongo dira, lurraldearen erronkei aurre egiteko «zerga eta finantza politikak» ezaugarrituko ditu, eta beharrezkoa izango da plangintzako arlo guztietan «berdintasunerako» zeharkako politika sustatzea, garatzea eta jarraipena egitea. Aldundiaren jarduera «euskaratik eta euskaraz» izatea izango da beste neurri bat, eta «garapen jasangarri eta bidezkoa sustatzeko balioak» izan beharko dira kontuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.