Aita eta semea azokara doaz astoa hartuta. Aitak semea asto gainean eseri du, eta bidean topatzen duten jendeak kritikatu egiten du gaztea, aitak joan beharko lukeelako gainean. Beraz, aldaketa egiten dute: aita astoan jarri, eta semea oinez. Hala ere, beste bidaiari batzuek berriro kritikatu dute, seme gizajoa oinez doalako. Hortara, biak esertzen dira asto gainean, eta atzera berriz ere kexak entzun behar izaten dituzte, asto koitaduari tratu txarra eragiten diotelakoan. Kokoteraino, biak jaitsi, astoa karga barik lagatzen dute, eta eurak oinez, ondoan. Ikusleek, aitzitik, barre egiten diete, astoa izanda oinez doazelako. Egiten dutena egiten dutela, beti eskatzen dizkiete kontuak.
Euskaldunak ere kritikatzen duen jende horren modukoak gara, neurri baten, behintzat. Kexatzen gara oraindik lagun askok euskaraz ez dakitelako, eta ikasteko borondaterik ez dutela ere adierazten dugu. Arrazoi osoz. Baina norbait gutxi jakinda euskaraz egitera ausartzen bada, eta erdipurdi moldatzen bada, orduan ere barre egiten diogu. Euskaldundu den erdaldunari ere kritika egiten diogu, ondo egin arren, «naturala» ez delako bere ebakera, adibidez... Inoiz ez gaude konforme.
Aitatutako hiru kasu horietan arrazoia izango dugu askotan, baina euskarak aurrera egin dezan azkeneko bietan zer eta zelan kritikatzen dugun hobeto pentsatu beharko genuke. Salatzea agintari batek duen euskara maila eskasa dela azken hogei urtean, zipitzik ere ez duela aurreratu, eta zekien euskara hori fosildu zaiola esatea zilegi delakoan nago, kargudun horri gaztelaniaz ez lioketelako barkatuko. Baina ez ote da hobea euskararendako Carlos Iturgaiz Patxi Lopez baino?
Salatzea agintari batek duen euskara maila eskasa dela zilegi delakoan nago, kargudun horri gaztelaniaz ez lioketelako barkatuko
Bigarren kritikak, ostera, euskara «naturalarenak», kalte baino ez dio egiten gure hizkuntzaren normalizazioari, ia guztietan Jainkoaren graziagatik euskaldunak direnek egiten dutelako; hau da, inoiz kolpe zorririk jo ez dutenak euren euskara hobetzeko, alfabetatzeko, liburu bat euskaraz irakurtzeko, bereak ez diren euskalkiak ulertzeko... Jakingo balute zein luzea eta neketsua den beste hizkuntza bat ikastea! Zelako meritua duten «ez-natural» horiek! Balekite zein gogorra den barretxoak entzutea kostatuta ikasitako berbeta horretan jardutean?
Mutil gazte migrante beltza, Baltasarrez mozorrotuta udaletxeko balkoian dago. Mikrofonoa pasatu diote, argi dago ez dakiela ondo euskaraz, baina komunikatzen du, ederto, aditz bakarra esan barik. Igartzen zaio ez duela euskara klaserik jaso, kalean ikasi duela ezagun du, darabilen hizkerak azpeitieraren usaina duelako.
Hori bai, barre egin diote, «zuzen» ez duelako egin. Irri egin diote Gipuzkoan gehien saltzen den egunkarian. Hautsak harrotu nahi izan dituzte, gaztelaniaz, prefosta!
Egin dezatela barre, baina ez diezaiotela barre egin, dena konprenitu zaio-eta, dena. Beharbada gehiegi luzatu da, baina zenbatetan lagako diote alkatxofa eskuan? Noiz izango du hainbeste publiko aurrean? Bere momentua da.
Azpeitiko Baltasarrek belarria bizi izan du kalean entzundakotik ikasteko, eta ahoa prest dakien hori guztia ahoratzeko gertu dagoelako. Belarribizi eta ahoprest da Errege Magoa. Imajinatzen duzue horrelako Baltasarrez betetako Euskal Herria? Beste oilar batek egingo liguke kukurruku!