Garun paralisia duen 15 urteko haur bat da Markel Merino. Lezoko Arkaitz Erize Kalu-ren (Lezo, 1978) lagun batzuen semea da. Korrikazalea izaki, kirola eta jendeari laguntzeko grina uztartu ohi ditu Kaluk, eta, beste kasu batzuekin ere egin izan duen gisan, Merinoren osasunaren aldeko proba bat egingo du ekainaren 21etik 22ra. Hamabost orduko korrika saioa egingo du Lezo inguruan, jendeari haurraren gaixotasunaren gaineko kontzientziazioa pizteko asmoz. Lasterka saio hori egiteko bildutako dirua mutikoaren osasuna hobetzen laguntzera bideratuko du.
Berriz ere jendeari laguntzeko proba bat egingo duzu. Prest?
Bai, oso gogotsu nago. Betidanik izan dut besteei laguntzeko beharra, beti besteengan pentsatzen baitut, eta are gehiago egoera horretan dauden haurrak badira. Markel ezagutzen dut, maite dut, errespetatzen dut, eta estimu handia diot. Dagoeneko nire bizitzaren parte da. Harengandik ikasten dut, lehen egunetik gauza asko ikasi ditut harekin, eta laguntzea izan da erokeria hau egitera ekarri nauen arrazoia. Beharrezkoak diren erokeria guztiak egingo nituzke Markeli laguntzeko.
2017an egin zenuen azken erronka, ezta?
Bai, eta bizitzak buelta asko eman ditu ordutik: ebakuntzak izan ditut, pandemia izan da tarteko... Bizitza berriro egonkortu nuenean, Markelen guraso Javi eta Soniari eta Juneren Hegoak elkarteari galdetu nien ea banuen ezertan laguntzerik. Horrela iritsi naiz honaino. Gogo ikaragarria dut. Uste dut inoiz baino ilusio handiagoarekin nagoela. Denbora denentzat pasatzen da, orain hiru seme ditut, lanak denbora asko kentzen dit... eta horrek erronka hauek zailtzen ditu, noski. Pentsa: orain goizeko hiruretan esnatzen ari naiz entrenatzeko. Gero eta gogorragoa da, baina bizitza okertzen denean indartsuago jokatzen duten horietakoa naiz. Nafarra naiz izatez, Artaxoakoa, eta ez dago gu baino burugogorragorik... Bizitza zenbat eta krudelagoa eta gogorragoa izan, orduan eta gogo handiagoarekin erantzuten dut. Ez naiz geldirik egoteko jaio.
«Bizitza zenbat eta krudelagoa eta gogorragoa izan, orduan eta gogo handiagoarekin erantzuten dut»
Hamabost orduko saioa egin nahi duzu. Nolakoa izango dela aurreikusten duzu?
Asmo nagusia da Markelen Irria eta Juneren Hegoak bezalako elkarteek gaixotasun arraroak dituzten haurren alde egiten duten lana ezagutaraztea. Eta horretarako, hamabost orduz korrika egiteko erronka jarri diot neure buruari. Hilaren 21eko 22:00etan hasiko naiz, Lezoko plazan, eta hilaren 22ko 13:00etan bukatuko dut. Markelek 15 urte beteko ditu uztailean, eta hortik dator erronkaren izena: 15 urte amesten. Oiartzualdeko herrietatik arituko naiz korrika, oinutsik, 32 kilometroko zirkuitu batean. Azken-aurreko bueltan txaleko berezi bat jantziko dut. Izan ere, Markelen pisua duen txaleko bat egin dugu, eta soinean eramango dut. Markelek, haren gurasoek eta gertukoek pairatzen duten egoera latz hori ikusaraztea da asmoa. Jasan behar duten zama hori irudikatu nahi dut hala.
Egun handia izango da, beraz.
Ikaragarria izango da, polita eta berezia. Egun horretan sentituko dudana bizitza osoan gogoratuko dut. Erronka hauek asko laguntzen didate niri ere. Eman eta jaso egiten baitut; asko, gainera. Momentu oso-oso bereziak dira. Hitzak falta zaizkit sentitzen dudana adierazteko. Adjektibo positibo guztiak elkartu beharko nituzke sentitzen dudan hori adierazteko. Gurasoak ere oso eskertuta daude, oso gogorra baita haien borroka. Zoritxarrez, erakundeek ez diete laguntzarik ematen, euren kabuz borrokatu behar dute, gertukoekin, elkarteekin... Baina alde emozional hori ezin da diruarekin ordaindu. Markelen aitak beti esaten dit iluntasunetik atera nuela. Bi urtez etxean sartuta egon zen, haren semea besteen aldean desberdina denez, gertukoak hura saihesten ari zirelako. Beti esaten dit: «Zu bezalako tipo batek lubakitik atera nau». Eta horrekin geratzen naiz.
Nondik ateratzen duzu indarra?
Markelek berak ematen dit indarra, baita nire semeek eta nire ingurukoek ere. Bizitza konplikatua izan dut, eta horretatik ateratzeko gai izan nintzen, eta atera izanak indarra eman zidan. Asebeteta sentitu nintzenean, besteei laguntzen hasi nintzen, eta hori ikaragarria izan da. Nire eguneroko bilakatu da, azken finean.
«Markelek berak ematen dit horrelako erronkak egiteko indarra, baita nire semeek eta nire ingurukoek ere»
Bakarrik egingo duzu proba?
Deialdia egiten ari gara nirekin batera parte hartu nahi duten korrikalari guztiei. Une ahaztezinak biziko ditugu egun horretan, eta uste dut horren parte izatea merezi duela. Eta, bestela, ikusle modura joatera animatzen ditut lezoarrak eta inguruko herritar guztiak, modu batean ala bestean, euren aletxoa jar dezaten.
Noiz arte jarraituko duzu gisa horretako erronkekin?
Gorputzak irauten didan arte. 46 urte ditut, eta bizitzaren onenean nagoela sentitzen dut. Nire semeek eta senideek ematen didate jarraitzeko indarra. Berrehun kilometroko probak ez badira, laburragoak egin beharko ditugu, baina erronka hauek egiten jarraitzeko asmoa dut.