Berdintasuna

Bazterrekoek hartu dute erdigunea

Ordiziako Udalak ‘Udaberria transloratzen, Ordizia transformatzen’ zikloaren laugarren aldia abiatu du. Egitasmoak «gizartearen aniztasuna» erakutsaraztea du helburu.

(ID_13860267) (/EZEZAGUNA) udaberria_transloratzen_2(1)
Ordiziako Udaleko kideak, Ordizian, apirilaren 30ean, 'Udaberria transloratzen, Ordizia transformatzen' zikloaren aurkezpenean. HITZA
Kerman Garralda
Ordizia
2024ko maiatzaren 14a
05:00
Entzun

Ainhoa Jimenez Ordiziako Udaleko Berdintasun eta Aniztasun zinegotziaren hitzetan, «gizarteko normatik ateratzen diren biziei lekua eman» nahi diete herrian, eta, modu horretan, «erdigunean» jarri nahi dituzte horiek guztiak. Horretako, Udaberria transloratzen, Ordizia transformatzen izeneko zikloa abiatu zuten maiatzaren 3an, eta askotariko ekintzak antolatu ditu udalak ekainaren 13ra bitartean egiteko. Jimenezek azaldu du «gizartearen aniztasuna» erakutsarazi nahi duela egitasmoak, «oraindik ere beharrezkoa» dela uste baitute. Esan du askotariko jarduerez osatu dutela aurtengo egitaraua; film emanaldiak, hitzaldiak, erakusketak eta antzerkiak izango dira, besteak beste. «Gogoa edukiz gero, egitaraua osatzea erraza da, potentzialtasun handia duen gaia baita».

Zinegoak LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiarekin hasi zuten zikloa, maiatzaren 3an, herri antzokian, eta emakume sortzaileak izan ziren hizpide jaialdian. Maiatzaren 8an, Gazteak eta pornografia, nola eragin alarmismoaz harago mahai ingurua egin zuten, udaletxeko areto nagusian, Josebe Iturriozek eta Ibai Fresnedok gidatuta. Ostiral honetan, LGTBfobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean, euskal trabestiek ikuskizun bat egingo dute Plaza Nagusian, 20:00etan.

Maiatzaren 29tik zikloaren azken egunera bitarte, Ni naiz naizena erakusketa zabalduko dute.Izaskun Arandiak zuzendutako hamar pertsona transen esperientziei buruzko dokumental batean oinarritutako erakusketa bat da. Hain zuzen ere, dokumentalaren grabaketetan egindako irudiak jasotzen ditu erakusketak, eta Barrena jauregia izango da horien erakusleiho.

«Gizartean eragiteko gaiak txertatuz joan gara. Garrantzitsua da bere lekua izatea, instituzio eta aretoak hartzea».

AINHOA JIMENEZ Ordiziako Udaleko Berdintasun zinegotzia

Ekainaren 5ean, bi liburu aurkeztuko dituzte: Julen Gorosabelen Maitemina, eta Mikel Uribelarrearen Gorputz txiki batean jaio nintzen. 18:00etan izango dira aurkezpenok, udaletxeko batzar aretoan.Hurrengo egunean, ordu berean, Naizen elkarteko kideek hitzaldi bat emango dute, Barrenan. Zikloaren azken egunean, Erreka Mari antzezlana izango da ikusgai, 19:30ean, antzokian.

Badute eskarmentua zikloaren egitaraua prestatzen. Izan ere, laugarren aldia du egitasmoak. «Ez dakit Udaberria transloratzen, Ordizia transformatzen zikloa egiteari utziko diogun inoiz, baina nahiko nuke etorkizunean egiteko beharrik ez izatea», dio Jimenezek. Gizartea aldatzeko bidean, euren aletxoa jarri nahi dutela azaldu du Berdintasun eta Aniztasun zinegotziak. «Kuadrillaren batean gai honen gaineko elkarrizketa bat sortzen dugunean, aurrerapauso bat ematen dugu. Ume batek bere sexu orientazioa adierazteko beldurrik sentitzen ez duenean, beste pauso bat emango dugu. Urratsez urrats, bidea egingo dugu». Nolanahi ere, azpimarratu du zikloa antolatu zuten aurreneko alditik hona «handiagoa» dela kontzientzia.

Jendez lepo

Herritarren parte hartzea «ona» izaten ari dela esan du Jimenezek. Haren hitzetan, kalean egin dituzten ekintzek izaten dute parte hartzerik handiena. «Aretoak betetzea zailagoa da». Halere, Gazteak eta pornografia, nola eragin alarmismoaz harago hitzaldian bete egin zen udaletxeko batzar aretoa.

Gaineratu du kopuruak baino garrantzi handiagoa duela edukiak: «Trans errealitateari ikusgaitasuna emateko helburu nagusia finkatu genuen orain lau urte. Bidean, gizartean eragiteko gaiak txertatuz joan gara zikloaren barruan. Garrantzitsua da trans pertsonek beren lekua izatea, instituzio eta aretoak hartzea, eta, finean, gure agendak ere betetzea halako ekintzez». Orain arte egindakotik atera duten ondorioa da zisheteroarautik kanpo kokatzen direnentzat Ordizia ez dela «abegikorra». Horren aurrean, Jimenezek esan du udalaren «ardura eta eginbeharra» dela «gizartea transformatzen jarraitzeko baliabideak» eskaintzen jarraitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.