Nerea Mendizabal: «Batzuetan kostatu egiten zaigu haurrei eskatzen dieguna betetzea»

Seme-alaben eta gurasoen arteko harremanak lantzen ditu Nerea Mendizabal psikopedagogoak. Komunikazio ez-bortitzaren ereduaren bidez begiratzen die lotura horiei.

Nerea Mendizabal
Nerea Mendizabal psikopedagogoa. NEREA MENDIZABAL
jone arruabarrena
2024ko urtarrilaren 28a
05:00
Entzun

Pertsonen arteko harremanen bideratzailea da Nerea Mendizabal psikopedagogoa (Zestoa, 1976). Komunikazio ez-bortitzean aditua da, baita gizarte hezkuntzan diplomatua ere, besteak beste. Kantuaren bidez ere landu izan du harremanen gaia, eta Elkarrekin hazi izeneko liburua eta Zu eta ni jolasa ere sortu ditu, haurren eta gurasoen arteko komunikazioan sakontzeko. Harreman osasungarriak lagun artean hitzaldia emango du Ordiziako Barrena kultur etxean, astelehenean, 18:00etan, haurren lagun arteko harremanak gurasoekin lantzeko.
 

Zer garrantzi dauka laguntasunak?

Bizitzako lehen urteetan garrantzia dauka, eta ondoren ere bai. Baina lehenengo urte horietan gauza asko ikasten dira. Berdinekiko harremanak funtsezkoak dira haurren eta nerabeen garapen integralerako, haien garapen sozial, emozional eta kognitiboari eta bizitzako erronkei aurre egiteko gaitasunari eragiten baitiete. Harreman horiek oso lagungarriak dira haurtzaroan eta nerabezaroan nortasuna eraikitzeko eta ongizate orokorra lortzeko. Norbere segurtasuna eraikitzea ere garrantzitsua da, gero kanpoko munduarekin ere konfiantza horrekin izateko harremana.

Zeintzuk dira laguntasun harreman osasuntsu baten oinarriak?

Askotan, lehenengo etortzen zaigun ideia errespetua da. Baina errespetuari norberak bere esanahia eman diezaioke. Niretzat, tratu atsegin bat izatea da, elkar babestea eta onarpena izatea, ni izateko aukera izatea, eta horregatik epaitua ez izatea. Lekua edukitzea harreman horretan, eta baita behar dudanean laguntza eskatzeko aukera izatea ere. Nik esateko daukadanari balioa ematea. Funtsean, bidea elkarrekin egingo dugula sentitzea da niretzat laguntasuna. 

«Garrantzitsua da norbere segurtasuna eraikitzea, gero kanpoko munduarekin harremana izateko»

 

Helduek haurrekin batera ikasi behar dute harremanen inguruan?

Normalean, hitzaldietan galdetzen dut ea zer den guretzat harreman osasuntsuak izatea. Eta hor hainbat ideia irten ohi dira: elkar errespetatzea, beldurrik ez izatea norberak pentsatzen duena esateko... Horren inguruan hausnartzen dugunean, askotan ikusten dugu nerabeei edo haurrei eskatzen diegula beren arteko harremanak errespetuzkoak izateko, berdinen arteko harremanetan hezten ditugula, baina guri ere batzuetan kostatu egiten zaigu haurrei eskatzen diegun hori betetzea. Seme-alabei esaten diegu: «Zerbaitek molestatzen badizu, esan». Eta guk, esaten dugu? Horren inguruan kontzientzia hartzea gustatzen zait, eta ikustea guri kostatzen zaigun era berean gure haurrei ere kostatu egiten zaiela. Kontzientzia hartze horrekin konturatzen gara umeekin ere ikas dezakegula, guk ere ikasten dugula, eta geure buruari ez diogula txapel bat jarri behar, ez esateko: «Nik badakit zer dagoen ondo eta zer gaizki».

Zer pauso eman behar da kontzientzia hori hartu ostean?

Ikus dezakegu, agian, gure seme-alabek jarrera traketsak edo mingarriak izan ditzaketela beste batzuekin. Beste batzuek, berriz, zera mingarri hori jasoko dute, eta beste batzuk konplize izango dira. Hori guztia bullying kasuetara iritsi gabe. Eta rol horiek mugikorrak dira: batzuetan gure seme-alaba ibil daiteke gauza mingarriak jasotzen, eta, beste batzuetan, egiten edo konplize izaten. Kasu bakoitzean nola lagundu guraso moduan? Enpatia izanez, autoestimua landuz, gurea defendatu edo babesteko estrategiak topatuz edo erreparazio lanak egiten ikasiz, esate baterako.

«Ikus dezakegu, agian, gure seme-alabek jarrera traketsak edo mingarriak izan ditzaketela beste batzuekin»

 

Zer da komunikazio ez-bortitza?

Marshall Rosenbergek sortutako harremanetarako eta komunikaziorako eredu bat da. Nire egunerokoan, maila pertsonal zein profesionalean, ikuspuntu hori erabiltzen dut. Eredu horren arabera, bortizkeria ez da bakarrik jotzea edo iraintzea: mina, molestia edo distantzia pixka bat sortzen digun edozein elementutik hasita, min edo distantzia handi bat sor dezakeenera doan guztia izan daiteke bortizkeria. Leuntasun handiz eduki daitezke jarrera bortitzak, eta ez gara jabetzen.

Zer bilatzen du komunikazio ez-bortitzak?

Harremanetan urrutiratzea edo gerturatzea eragingo duten zer elementu jartzen ditugun jabetzen laguntzen digu. Eta, esaterako, konturatzen garenean elementu batek beste pertsona urrutiratzea eragin duela, tresnak ematen dizkigu horri irtenbideak bilatzeko. Gure harremanetan konexio edo bat egite hori eragiten duten elementuak bilatzen ditu.

Zer tresna proposatzen ditu ereduak horretarako?

Batetik, asertibitatea. Esan nahi dudana esatea, baina bestea epaitu gabe edo errudun sentiarazi gabe. Eta, bestetik, enpatia. Hori gure seme-alabei oso ondo etortzen zaie, askotan ez direlako ausartzen pentsatzen dutena esatera, eta, beste batzuk, aldiz, ez direlako ohartzen egiten dituzten gauzek inpaktu bat dutela besteengan. 

Zer kasutan dira erabilgarriak, adibidez?

Gure seme-alabek lagun artean gatazkaren bat dutenean, behar duten lehenengo gauza enpatia da, ulertzea zer pasatzen ari zaion. Kontatu nahi ez digunean ere, begiratu dezakegu zerk eraman dezakeen ez kontatu nahi izatera, normalean exijitzen diegulako guregan konfiantza izateko, gauzak kontatzeko. Eta orduan ez gara asertibitate edo enpatia aplikatzen ari. Beraz, komunikazio ez-bortitzak dauzkan tresnak oso ondo etortzen zaizkigu gurasooi seme-alabekin komunikatzeko, eta, bestetik, gure seme alabentzako ere oso baliagarriak izan daitezke, beren harremanetan esperimentatuz joan daitezen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.