Ez du goizeko zortzietan jotzen Sergio Portaren iratzargailuak. Ez zuen ordu horretan jotzen haren aitarenak, ezta haren aitonarenak ere. Guztiek berandu bukatzen zuten lana. «Oso berandu bukatzen dugu; batzuetan, gaueko ordu txikietan. Gorputzak ez luke jasango goiz esnatu beharko bagina», esan du Portak. Barraken erritmoa darama haren bizitzak ere. «Ezin dizut esan lan arrunt baten gisakoa den ala ez, inoiz ez baitut lan arrunt bat izan. Hemen egon naiz nire bizitza guztian. 16 urterekin bukatu nuen Derrigorrezko Hezkuntza, eta orduz geroztik ferian nabil». 42 urte ditu orain, eta Iruñean hartu dio telefonoa Gipuzkoako Hitza-ri. Atzealdean entzuten dira atrakzioan gora eta behera dabiltzanen oihuak. Mega Kanguro barraka izan du Portak Iruñeko sanferminetan. Dena dela, udan normalean Gipuzkoan ibiltzen da. Juan Manuel Ortega ere bai.
Portak beste hiruzpalau barraka ditu: «Familiako enpresa handi bat gara. Bi kanguru ditugu, bi igel zoro, bi Alcatraz eta urezko mendi bat». Ez da «ohiko» lan bat, hark dioenez: «Mundu honetan hazi ez den jendearentzat konplikatua da. Ordutegiak ez dira errazak; berandu bukatzeaz gain, egunero ordutegi ezberdina izaten dugu. Festen bezpera bada, ordutegi bat daukagu; egun handia bada, beste bat...». Lehenengo eguzki printzekin esnatzen ez diren arren, izaten da lanik ferian goizetan ere. Batzuetan atrakzioak eguerdi inguruan zabaltzen dituzte, baina zabaldu aurretik guztia garbitu eta txukundu behar izaten dute.
«Gure familian, ferian lan egin dugun lau belaunaldi gara: nire gurasoak, aitona-amonak, birraitonak eta geu», esan du. «Dena den, azken urteetan berrikuntzak ere izan ditu ofizioak; batik bat, ordutegiei eta baldintzei dagokionez. Orain langile gehiago kontratatzen dira, baina zaila da sektore honetarako langileak aurkitzea».
«Gure familian, ferian lan egin dugun lau belaunaldi gara: nire gurasoak, aitona-amonak, birraitonak eta geu»
SERGIO PORTAKangurua barrakaren jabea eta AFADEko Gipuzkoako arduraduna
Portak adierazi du ohi baino «gehiago» mugitzen direla. Gipuzkoako jaietan ibiltzen dira udan, eta Bizkaiako herriren batera ere joaten dira, Iruñeko sanferminetara joateaz gain. Neguan, berriz, Andaluzia, Zaragoza, Valladolid (Espainia) zein Bartzelonara joan ohi dira.
35 urtean
Juan Manuel Ortega Legazpin, Donostian zein Bergaran ibili ohi da. Antojitos tonbolaren jabea da, eta gurasoengandik jaso zuen ofizioaren lekukoa. 13 urte zituela hasi zen ferian, eta 68 urte ditu egun. «Bumper izeneko makina zeukaten gurasoek. Pilota bat zulo batean sartu behar zenuen, eta pilotak zeukan zenbakiaren arabera, puntuazioa handiagoa edo txikiagoa zen. Orduko sariak sagardo botila bat, koko bat edo tximino dantzari bat izaten ziren».
Ortegak negozioa hartu zuenean, makina hura saldu, eta Arratoiaren jokoa izeneko atrakzioa erosi zuen. Horren ondoren, Gameluen lasterketen jokoa ere izan zuen, eta, gero, Antojitos tonbola erosi zuen. Azken horrekin azken 35 urteak daramatza. Udan Gipuzkoako zirkuitua eta Iruñeko sanferminak egin ondoren, Tenerifera (Espainia) joan ohi da. «Beti umore onez egon behar duzu lan hau egiteko. Umore txarra etxean utzi behar da, negozioan hori ere transmititzen delako».
Orain, semeak egiten du lan Ortegarekin. «Alaba ere hasi zen etortzen, baina ez zitzaion feria gustatzen, eta beste lan bat bilatu zuen azkenean». Semea eta biak alde batetik bestera ibili ohi dira urte osoan. «Etxebizitza gisa egokituta dagoen trailer batean mugitzen gara, eta bertan bizi gara urteko parterik handienean. Etxera heltzean, askotan ez dakigu armairuan zer daukagun ere. Etxean hilabete bat pasatxo soilik egoten gara urte osoan».
Semeak erreleboa hartuko dio laster: «Hark jarraituko du negozioarekin, baina, egia esan behar badut, nahiagoko nuke hemen jarraituko ez balu. Lan baldintzak oso gogorrak dira». Porta bat dator Ortegarekin: «Jairen batean gaudenean, gogorra izaten da, ordu asko dira. Baina feria batetik bestera bospasei egun izaten ditugu. Egun horietan barrakak desmuntatu eta muntatu egiten ditugu, baina lan hori ordutegi normal baten barruan egiten dugu».
Ortegak Antojitos tonbola, esaterako 11:00etan zabaltzen du, eta 03:00ak arte izan ohi du zabalik. «Geratzen zaigun denbora apurra lo egiteko baliatzen dugu, deskantsatzeko. Ordu gehiegi dira. Baina honetan horrenbeste denbora daramazunean, ohitu egiten zara eta onartu egiten duzu», dio Ortegak. Gehitu du hamar egunetik behin lekua aldatzea ere «nekeza» dela, eta askotan «burokrazia arazoak» izaten dituztela: «Kontuan hartu behar da gu hiru trailerrekin mugitzen garela: etxe gisa erabiltzen duguna, tonbola daukana eta merkantzia eramateko beste bat. Leku batzuetan dokumentazio espezifiko bat behar izaten dugu hirurak eramateko».
«Beti umore onez egon behar duzu lan hau egiteko. Umore txarra etxean utzi behar da, negozioan hori ere transmititzen delako»
JUAN MANUEL ORTEGAAntojitos tonbolaren jabea
AFADE EAEko ferialari autonomoen elkarteko Gipuzkoako arduraduna da Porta. Elkartea udalek barraken eremuekin egiten zituzten enkanteak bukatzeko sortu zen, Portak esan duenez: «Udalek ferietako lekuak enkantean ateratzen zituzten, eta horiek bukatzeko bildu ziren ferietan ibiltzen ziren langile batzuk. Gaur egun, elkarteak negoziatzen du udalekin plazen prezioa, baita bezeroek ordaindu beharrekoa ere». Orain, barraken prezioak igo egin dira, baina Portak adierazi du bizitzaren garestitzearen beste ondorio bat dela hori: «Gure gastuak ere dezente igo dira. Esaterako, gasolinaren igoerak asko eragin digu».
AFADE arduratzen da feria bakoitzean jarriko diren atrakzioak proposatzeaz ere. «Berrikuntzak ekartzen saiatzen gara. Adibidez, baten batek barraka berri bat erosi badu, udalari proposatzen diogu hura egoteko, urtero atrakzio berk izan ez daitezen», adierazi du Portak.
Euskara eta inklusioa, baita barraketan ere
Udalek ere, ferialariez gain, barraketan badute zeresanik. Haiek negoziatzen dituzte prezioak barraken jabeekin, atrakzioak jarri ahal izateko eremuak ezartzen dizkiete eta errenta bat kobratzen diete horiek erabiltzeagatik. Gipuzkoako udalerri batzuetan, gainera, barrakak herritar guztientzako espazio bat izateko ahalegina egiten ari dira. Azpeitian, esaterako, jaietan barraken eguna egoten da, eta egun horretan prezio merkeagoak ordaindu behar izaten dira, udalaren ekimenez. Bestalde, Azpeitian bertan, bi egunetan, ordubetez, elbarritasunen bat duten pertsonentzat bakarrik irekitzen dituzte barrakak, eta musikarik gabeko orduak ere izaten dira, pertsona batzuentzat ez delako atsegina bertan izaten den zarata.
Euskara ere bultzatu nahi izan du Azpeitiko Udalak espazio horietan; hala, Zaparraie euskara taldearekin batera, euskal musika jartzeko eskatzen diete atrakzioen jabeei; euskal abestien zerrenda bat ematen diete. Horrez gain, udalak aurten itzulpen zerbitzua eskainiko die ferialariei, prezioak eta afixak euskaraz jartzeko.