Azken urteetan bolo-bolo dabilen gaia da zaintzarena. Nola erantzun zahartzen ari den gizarte baten behar berriei? Noren ardura da hori? Zer egin herrietako adinekoen ongizatea bermatzeko? Galdera horiek eta gehiago erantzuteko asmoz ari dira lanean Gipuzkoako hainbat eragile eta erakunde, eta, hain zuzen ere, norabide horretan ekarpena egin nahi dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren Adinberri-Hariak diru laguntzek. Aldundiaren asmoa da «nahi ez diren bakardadeak prebenitzeko» eta horiei erantzuteko ekimenak bultzatzea. Aurten, herrialdeko hamabi proiektu lagunduko ditu diruz.
Diputazioak 800.000 euro jarriko ditu Adinberri-Hariak egitasmorako. Hiru arlotan banatu dituzte aurtengo proiektu onuradunak: esplorazioa, esperimentazioa eta bultzada. Esplorazioaren ildoko hiru proiektu lagundu dituzte: Azpeitiko Udalarena, Urretxukoarena eta Arrasatekoarena. Esperimentazioaren ildoan, lau egitasmo lagunduko dituzte: Donostiako Udalak Osakidetzarekin batera ondu duena, Errenteriako Udalarena, Beasaingoarena eta Astigarragakoarena. Bultzadaren arloan, bost proiektuk jasoko dute laguntza: Zestoako Udalarenak, Antzuola, Arrasate, Aretxabaleta, Bergara, Elgeta, Eskoriatza eta Leintz Gatzagako udalek elkarrekin ondutakoak, Hondarribiko Udalarenak, Usurbilgoarenak eta Beasaingoarenak. Otsailean jakinarazi zuten zein ziren hautatutako proiektuak, eta denek dute helburu zaintza kolektiboa eta komunitarioa, helduen bakardadeari aurre egiteko.
«Helburua da laguntza integrala eskaintzea: pertsonen ezaugarri jakin batzuk soilik kontuan hartu beharrean, haien beharrek erdigunean egon behar dute»
LEIRE GOENAGAAzpeitiako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako batzordeburua
Urola Kosta eskualdean, Azpeitian, esplorazio arloko Zaintza emozionaleko eredu berritzaileak Azpeitiko toki administrazioen ikuspegitik proiektua garatuko dute, eta horretarako 20.000 euroko diru saila jaso du udalak. Dena den, Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak azaldu duenez, aipatutakoa ez da «une jakin baterako» proiektua, baizik eta Azpeitiko Udalak azken urteetan «prebentzio ikuspegitik» martxan jarritako proiektuak «egonkortzekoa». Zehazki, laguntza psikologikoa eskaintzeko programa eta etxez etxeko laguntza programa «indartzera» bideratuko dute laguntza. Goenaga zinegotziak esan du gizartea «aldatzen» eta «atomizatzen» ari den neurrian herritarren beharrak ere «aldatzen» ari direla, eta behar horiei erantzun nahi diete. «Helburua da laguntza integrala eskaintzea: pertsonen ezaugarri jakin batzuk soilik kontuan hartu beharrean, haien beharrek erdigunean egon behar dute; batez ere, adinekoek 24 orduko babesa dutela senti dezaten».
Erabiltzaileek eta profesionalek begi onez jo dituzte zerbitzuek, eta Goenagak jakinarazi du «eskaera handia» dutela. «Adinekoen eta gainerako herritarren zaintza beharrak asetzea ezin da pribilegioa izan». Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak gaineratu du udalentzat finantzaketa publikoa «beharrezkoa» dela zerbitzu «ahalik eta duinenak eta zabalenak» eskaintzeko. Horregatik, ezinbestekotzat dauzka Adinberri-Hariak eta halako egitasmoak. Sostengu ekonomikoaz gain, Goenagari iruditzen zaio halako programek aukera eskaintzen dutela Gipuzkoako udalerriek elkarren berri izateko.
Herri txikietan ere erronkak
Zestoan, berriz, 120.000 euroko laguntza jasoko dute Adinberri-Hariak laguntzari esker, eta Kaixo adiskide! proiektua garatuko dute hala. Herri txikia da Zestoa, eta, Gipuzkoako beste hainbat eskualdetan bezala, herriaren ezaugarriak, zailtasunak eta onurak kontuan hartuz ari dira zaintzaren auzia lantzen. Iaz aurkeztu zuten herriko Zaintza Sarea, baina 2019an hasi ziren bidea urratzen, Zaintza Mahaia sortuta. Gaur egun, 21 eragilek osatzen dute Zaintza Sarea, tartean zenbait jubilatu, gazte asanbladakoak, parrokia, udala, auzoetako bizilagunak eta bi zahar etxe.
«Zaintza Sarea herritarrez osatuta dago; erakunde independentea da, enpresen esku hartzetik kanpokoa»
JOSEBA ILLARRAMENDIZestoako San Juan fundazioko zuzendaria
Joseba Illarramendi San Juan fundazioko zuzendaria arduratzen da sarea koordinatzeaz, eta gertutik ezagutzen du zaintza ekosistemak Zestoan izan duen garapena, San Juan egoitzako zuzendaria ere bai baita. Fundazioak kudeatzen du San Juan egoitza, irabazi asmorik gabeko erakunde pribatua da, eta izaera publikoa du. Illarramendik azaldu duenez, 2019an egindako hausnarketa batzuetatik abiatuta eta «zaintza sistema komunitarioa» xede, proiektu integrala garatzen ari dira 2025-2030eko plan estrategikoaren barruan. Hain zuzen ere, horretarako erabiliko dute aldundiaren diru laguntza. Kaixo Adiskide! egitasmoaren barruan, sei lan ildo jaso dituzte —laborategia, komunitatearen eraketa, azpiegiturak, zaurgarritasuna, zerbitzuak eta bideragarritasuna—, eta hamabost proiektu.
Illarremendik nabarmendu du Zaintza Sarea «herritarrez osatuta» dagoela, eta, horrenbestez, «erakunde independentea» dela, enpresen esku hartzetik kanpokoa. Sareak zaintza profesionala eta ez-profesionala uztartzen ditu, eta, hain justu, hori da Zestoako proiektuaren gakoetako bat. «Adiskideak boluntarioak ere badira, ez soilik profesionalak». Ekinaldia herrigunean hasi zuten, baina orain auzoetara eta baserrietara zabaldu dute.