Bertsolaritza

Azken «errematea», Illunben

Bihar jokatuko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala, Donostiako Illunben. Aner Peritz, Andoni Rekondo eta Eneritz Artetxe lehen aldiz izango dira finalean.

(ID_14503545) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-12-10, Donostia. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa
Beñat Gaztelumendi, Aner Peritz, Ane Labaka, Alaia Martin, Eneritz Artetxe, Andoni Rekondo, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran, asteartean, Donostiako Illunben. JON URBE / FOKU
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2024ko abenduaren 13a
05:00
Entzun

Bihar jokatuko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala, Donostiako Illunben. Udaberrian jokatu zen Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea kontuan hartuta, 35 saio izan dira denera, eta laurogei bertsolarik baino gehiagok hartu dute parte. Illunbeko oholtzak zortzi aulki ditu, ordea, eta aulki horiek badute nor eseriko: Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Oihana Iguaran, Ane Labaka, Nerea Elustondo, Eneritz Artetxe, Andoni Rekondo eta Aner Peritz. Ane Ezenarro eta Iker Iriarte arituko dira aurkezle eta gai emaile, hurrenez hurren, eta Arantzazu Loidik jantziko dio txapela irabazleari. 17:00etan hasiko da saioa.

Gaztelumendiri, Martini eta Iguarani finalaurreko saio bana irabazteak eman die finalean kantatzeko aukera, eta gainerako bost bertsolariei, berriz, puntuazioak.

Finalean kantari arituko direnetatik bostek —Gaztelumendik, Martinek, Iguaranek, Labakak eta Elustondok— badute eskarmentua Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean. Gainerakoentzat, berriz, aurreneko aldia izango da. Are, Rekondo eta Peritz estreinakoz aritu dira txapelketan, eta debutean lortu dute punta-puntaraino iristea. Bestelakoa da Artetxeren egoera, bederatzi urte eman baititu txapelketan izena eman gabe, eta orain lortu du finalerako sailkatzea.

Asteartean egin zuten finalaren aurkezpena, Illunben, eta bihar aurkezle lanetan arituko den Ane Ezenarrok esan zuen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa «bide polita, oso aberasgarria, eta denek elkarrekin egindakoa» izan dela, eta biharko saioa ibilbide horren «erremate» gisa definitu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.