Mikel Saez de Urabain: «Azken egunetan janaririk gabe geratu ginen; animaliek lapurtu ziguten»

Himalaiako Bhaguirathi mendira igo zen Saez de Urabain iazko irailean, eta igoera dokumental batean bildu dute. 22 egun egon ziren mendira igotzeko zain, eguraldiagatik.

(ID_13832101) (Gorka Rubio/@FOKU) 2024-04-29, Tolosa. Mikel Saez de Ubarainek Himalayara egindako espedizio bati buruzko dokumental...
Mikel Saez de Ubarain, astelehenean Tolosan, dokumentala aurkezten. GORKA RUBIO / FOKU
jone arruabarrena
2024ko maiatzaren 3a
05:00
Entzun

Joan den urteko irailean igo zen Mikel Saez de Urabain (Ordizia, 1968) eskalatzaile eta mendizalea lehen aldiz Indiako Himalaian dagoen Bhaguirathi mendira. Ez zuen bakarrik igo; lau lagunek egin zuten gailurra. Espediziorako prestaketetan ezagutu zituen beste hiru bidaideetatik bi, eta guztien bizipenekin osatu zuten gero Bhaguirathi III, hego mendebalde ertza ikus-entzunezkoa. Tolosako Labaien kulturgunean aurkeztu zuen astelehenean.

Zergatik aukeratu zenuten Bhaguirathi mendia dokumentalerako?

Espedizioa prestatu genuen lehenengo, eta gero sortu zen igoera grabatzeko ideia, naturaltasunez. 

Zer berezitasun dauka Bhaguirathik?

Hasteko, ingurua. Garhwal mendigunean dago, Indiako Himalaian. 1980ko hamarkadan fama handia hartu zuen mendilerro horrek. Eskalatzaileok oso gustuko genuen, eta urte horietan izan zuen mendilerroak urrezko garaia: bide asko zabaldu ziren. Denborarekin ahanzturan erori dira, baina garai hartan eskalada gustuko genuenok beti izan dugu gogoko.

Zenbat aldiz igo zara mendi horretara, zehazki?

Dokumentala grabatu genuenean igo nintzen lehen aldiz.

Nortzuk joan zineten?

Oso kosmopolita izan zen espedizioa. Gure artean oso ezberdinak ginen, eta horrek esperientziari izugarrizko aberastasuna eman zion. Mendiak eta eskaladak batzen gintuen, baina ez genuen elkar ezagutzen. Eta hori esanguratsua da. Alex [Kammerlander] ez nuen ezagutzen, adibidez. Alex Alacanten bizi den kanariar bat da, eta sare sozialen bitartez egin genuen harremana. Baghuirathira igo nahi genuela jakin zuenean, gurekin etorri nahi zuela erabaki zuen. Ino [Ruben Perez] ere ez nuen ezagutzen. Chemari [Jose Mari Andres] bai, aspalditik ezagutzen nuen. 

Zein izan zen espedizioko zailtasun nagusia?

Mendia bera, bidea. Zailtasun teknikoak ditu, eta aurten, gainera, nahiko lehor zegoen. Mendiak aldatzen ari dira; klima larrialdia bistakoa da. Leku horietan izaten diren baldintzak oso muturrekoak dira, eta aldaketak nabariagoak dira bertan. Garai batean izotzak hartzen zituen guneak orain lehor daude. Eguraldia ere aldatu egin da: lehen eskalatzeko urte sasoi onak ziren orain ez dira hainbeste. Negua jada ez da hain negua; arindu egin da. Edo hori da urteetan zehar nik ikusi dudana, behintzat. Elkarbizitza ere izan da beste erronka bat; muturreko leku horietan zaila da. Uste dut kasu honetan nabaritu dela denok oso beteranoak ginela. Batez beste 50 urte genituen, eta horrek beste patxada bat ematen dizu. Horrek berak eman zigun ziurtasuna elkar ezagutu gabe ere aurrera joateko. 

Zenbat egun behar izan zenituzten kanpalekua eta lo egiteko lekuak muntatzeko?

Kanpalekura iritsi ginenetik 22 egun igaro zirenean, oraindik eskalatzen hasi gabe geunden. Hogei egun behar izan genituen materiala, janaria eta gure gauza guztiak mendiaren pareta azpiraino ekartzeko. Gero hasi ginen, pixkanaka, paretari metroak irabazten.

«Behera gindoazen, baina azkeneko momentuan erabaki genuen gorantza jarraitzea»

Zergatik eman zenuten horrenbeste denbora?

Eguraldiarekin gorabeherak izan genituen. Baina espedizioa bukatzeko astebete falta zenean, azkenean sartu ginen paretara. Pentsatu genuen: «Hau da azken aukera». Azken zortzi egun horiek funtsezkoak izan ziren gailurra egiteko. Aukera asko zeuden buelta eman eta jaisteko, eta azkenean gure artean hitz egin genuen. Sufritzeko kapaz ikusi genuen geure burua. Behera gindoazen, baina azkeneko momentuan erabaki genuen gorantza jarraitzea. 

Gogoan duzu bidaiako momentu bereziren bat?

Asko egon ziren. Barre asko egin genuen, eta oso polita izan zen. Hala ere, momentu batekin geratuko nintzateke: gailurrean Alexen malkoak ikusi nituen unea, hunkituta baitzegoen. Hura ez zegoen ohituta horrelako mendietara igotzera. Kirol eskalatzailea da, oso ona, baina alpinismoan ez da horrenbeste ibili, eta besteok, bai. Gailurrean malkoak atera zitzaizkion, ez soilik gailurrera iristea lortu zuelako, baizik eta ikusi zuelako denon artean nola bultzatu genuen. Guk ere ikusi genuen nolako gogoa zeukan goraino iristeko. Azkenean lortu zuen, eta emozio hori gordeko dut gogoan. Asko bete ninduen haren esker ona ikusteak.

«Garai batean izotzak hartzen zituen guneak orain lehor daude, eta eguraldia ere aldatu egin da»

Zein izan zen espedizioko unerik zailena?

Gosea pasatu genuen. Azken egunetan janaririk gabe geratu ginen, bertako animaliek janaria lapurtu zigutelako. Hasieran despistatuta ibili ginen, eta, konturatu ginenerako, janari dezente falta zitzaigun. Gailurrera iristeko horrenbeste egun itxaron genuenez, denbora joan ahala janaririk gabe geratuz joan ginen, eta geratzen zitzaiguna igoerarako gorde nahi genuen. Gogorra da egun oso bat zain pasatzea, deskantsuan, eta ezin ezer jan ahal izatea, gosez eta hotzez.

Nolakoak izan dira grabaketak?

Beti izan dut mendian bizi izan dudana transmititzeko gogoa. Idatziz egin izan dut, eta baita argazkien bidez ere. Baina oraingoan berezia izan da, Ino etorri zelako. Eskalatzailea da, baina baita argazkilari ibilitakoa ere. Hark izan zuen espedizioa grabatzeko ideia, eta gu ere bultzatu gintuen bizitakoa dokumentatzera. Ikus-entzunezkoan ere ikusten da denok ematen dugula zerbait, Ino gogotsu ikusten dugulako grabatzeko. Eta hori da gustuko dudana, mendiko emozio horiek agertzen direla, eta agian ezingo genituzkeela beste modu batera irudikatu. Inok ederki irudikatu ditu ikus-entzunezko honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.