Arteak mundua eraldatzeko gaitasuna duela esan ohi da, eta, neurri batean, hori da Arteria proiektuaren nahietako bat. Dar-dar gizarte ekimeneko kooperatibak gizarte berrikuntza bermatzeko helburuarekin sortutako proiektua da Arteria, eta asmo horrekin lotutako 9.000 euroko laguntza bat sortu dute berriki. Azaroaren 20an jakinarazi zituzten diru laguntza hori jasoko duten hiru lagunen izenak: Andoni Salamero olerkaria, Marta Lopez de Gauna argazkilari eta margolaria, eta Gorka Larrañaga pintura, eskultura eta grafikoa irudiaren baliabide teknologikoekin lotzen dituen artista. Nahi gabeko bakardadeak eta buru osasuna gaia abiapuntu hartuta, artelan bateratu bat sortzea izango dute eginkizun nagusi. Artista bakoitzak bere diziplinan oinarritutako lan bat egingo du aurrena, eta, ondotik, hiru lanak uztartuko dituen proiektu bateratu bat sortu beharko dute.
Artelanok Goierriko hainbat herritan aurkeztuko dituzte datorren urteko lehen hiru hilabeteetan. «Sortzaileek eginiko lana erakutsiko dute saio horietan», esan du Asier Zinkunegi Arteriako kideak. «Lan horren sormen prozesuaren nondik norakoak eta ibilbidean zehar bizi izandakoa erakutsiko dizkiote publikoari: hasierako ideia, garapena, erabilitako teknikak, materiala, sormen prozesuaren ibilbide emozionala…». Gaineratu du Arteriaren helburuetako bat dela «herritarrak artearen inguruan heztea», eta, ondorioz, «garrantzitsua» dela sortzen diren lanen gaineko «azalpen konkretuak» ematea aurkezpenetan.
Zinkunegik azaldu duenez, 2006an otu zitzaien Arteriaren gisako proiektu bat sortzea, baina 2017an gauzatu zuten azkenean. Dar-dar gizarte ekimeneko kooperatiba arduratzen da proiektuaren kudeaketa orokorraz, finantzaketaz eta dinamizazioaz. «Giza eskubideak eta artea» ardatz hartuta, «gizarte berrikuntza» sustatzeko sortu zuten Arteria, «mundu justuago bat» eraikitzeko asmoz. Zinkunegik esan duenez, gizartean dauden erronka nagusiak detektatzea da haien xedea, eta erronka horiei erantzun kolektiboak emateko askotariko ekintzak egiten dituzte.
Urtero jasotzen dituzte zenbait proiektu egiteko diru laguntzak, eta aurten, lehenengoz, Arteriak berak hautatu du landuko duten gaia. Nahi gabeko bakardadeak eta buru osasuna da aukeratu dutena. Proiektuko kideak dio gai horrek orain lau urte egindako ikerketa bat duela jatorri. Hain justu, egoera zaurgarrian daudenek kulturan duten parte hartzea aztertu zuten EHUko eta Goierriko hainbat gizarte eta kultur eragilek. Ateratako emaitzekin, «sozializatzeko» parte-hartze prozesu bat egin zuten Goierrin, eta bost proiektu inklusibo diseinatu zituzten; horietako bat, bakardadeari buruzkoa. Gai horrexeri heldu diote orain, eta, nahiz eta urte osoan ekintza gehiago egingo dituzten, bakardadearen gaian jarri dute arreta.
Sortzaile saridunak
Azaroaren 20an egin zuten irabazleen izen-abizenak jakinarazteko ekitaldia, Legorretan, eta hiru artistak esker onez mintzatu ziren Arteriak halako «proiektu interesgarri» batean parte hartzeko aukera eman zielako. Salamero olerkariak esan zuen garrantzitsua dela gaur egungo egoera sozialari erreparatzea. Izan ere, iruditzen zaio gaurko gizartean «ohikoa» bilakatu dela «arazoak» izatea nork bere barneko emozioak askatzeko eta kezkak azaleratzeko, eta horri aurre egiteko «ederra» dela Arteriak artearen bitartez gizarteko zenbait arazo eta egoerari «irtenbide» bat emateko egiten duen ahalegina.
«Konfort zonatik aterako dituen jolas bat proposatu diegu artistei, eta uste dugu emaitza polita aterako dela»
ASIER ZINKUNEGIArteria proiektuaren antolatzailea
Larrañaga artista ere «oso pozik» agertu zen proiektuan parte hartu ahal izategatik. Adierazi zuen egin behar duten lana «polita» dela, hiru artisten artean «sinergia» bat sortuko dutelako. Gaineratu zuenez, askotan sortzaileen lana «bakarkako» eta «barrura begirako» lantzat hartzen da, eta, hain zuzen ere, aurreiritzi hori «apurtzeko» modua emango die proiektuak. Lopez de Gauna argazkilari eta margolariak ere talde lanaren garrantzia nabarmendu zuen. Bakarrik lan egitera ohituta dagoen arren, «oso gogotsu» dago beste sortzaile batzuekin lan egiteko. «Konfort zonatik aterako dituen jolas bat proposatu diegu artistei, eta uste dugu emaitza polita aterako dela», esan zuen Asier Zinkunegik.