Eneritz Artetxek (Azkoitia, 1990) orain bederatzi urte kantatu zuen azkenekoz Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan. Harrezkeroztik, Gipuzkoako Bertsozale Elkartean aritu da lanean. Aitortu du zalantzak izan zituela izena emateko garaian, eta, espero ez bazuen ere, finalean kantatuko du lehenengoz. Esan du «asko» disfrutatu duela orain arteko saioetan, bai eta prestakuntzan ere.
Zer moduz sentitzen zara lehenengoz finalaren atarian?
Gertatutakoa digeritzen ari naiz, eta, hasieran hartu nuen sustoa kenduta, pozik nago. Ardura ere sentitzen dut.
Zeren ardura?
Gutxik izaten dute finalera pasatzeko aukera, eta oraingoan niri tokatu zait. Orduan, behin hor egonda, jendeak entzun nahi duen hori emateko ardura sentitzen dut.
Nola jaso zenuen albistea?
Arrasateko saioan egon nintzen, eta, saio horretan kantatu behar zuten bertsolariei begiratuta, gerta zitekeen ni kanpoan gelditzea. Saioa bukatu zenean, frontoian geunden denok bezala, sustoa hartu nuen puntuazioarekin. Oinak lurrean jarri, burua Illunben kokatu eta Arrasateko puntuazioari buelta ematen hasi nintzen orduan. «Orain bai, benetan finalean nago, eta jarri gaitezen finalera begira», pentsatu nuen.
Zer-nolako egunak izaten ari dira ordutik honakoak?
Xelebre samarrak. Ez dakit zenbat urte diren ez nuela txapelketan parte hartzen, eta orain dena batera etorri zait. Prestakuntza aldetik, orain arte bezala landu dut. Bertso eskolan elkartu gara, finalean izango ditugun ariketak egin ditugu, egindako bertsoaldiak komentatu... Tira, orain arte bezala, ezer berezirik egin gabe.
Finalean, non jarri nahiko zenuke indarra?
Ahal bada, tenple onarekin joan nahiko nuke finalera. Behin ere ez dut kantatu halako plaza handi batean. Ea ez zaidan handi geratzen. Orain arteko saioetan erabili dudan bertsokera eraman nahiko nuke Illunbera. Ez dut gehiegi konplikatu nahi, baina arreta jarri nahi dut bertsokideak entzuten eta elkarrizketak sortzen.
Elkarrizketak sortzea bada zure bertsokeraren ezaugarrietako bat, ezta?
Lan handia egin dut bertsotan entzun-erantzun-entzun-erantzun ariketa egiten, eta horretan saiatu naiz orain arte. Illunben ere hori egitea lortzen badut, oso gustura geldituko naiz.
Altzon hasi zenuen txapelketa, maiatzean. Orduan espero al zenuen honaino iristerik?
Inondik inora ere ez. Hasieran zalantza egin nuen aurtengo txapelketan izena emateko garaian, hainbeste urteren ondoren ez nekielako nire lekua ote zen. Bertso eskolan astero hasi ginen elkartzen, eta behin bertso eskolan probatuta erabaki nuen izena ematea. Nire hasierako helburua zen udaberriko fasea pasatzea eta udazkenerako sailkatzea, baina segundo bakar batean ere ez zitzaidan burutik pasatu finalerako aukera. Noski, faseak gainditu ahala joan naiz helburuak handitzen. Behin ere ez naiz izan saioetan asko sufritzekoa, eta asko-asko disfrutatu dut, bai saioetan, baita bertso eskolako prestakuntzan ere.