Arrazakeria, baita ikasgeletan ere

Gipuzkoako SOS Arrazakeriak hainbat eskolatan ikerketak egin ditu arrazakeriaren inguruko diagnostiko bat egiteko, eta bi gida atera ditu, eskoletan gaiaren inguruko lanketa egiteko.

WhatsApp Image 2024 04 02 at 6.18.26 PM
Abdoulaye Sarr Gipuzkoako SOS Arrazakeriako kidea, eskola batean ikasleei tailer bat ematen. SOS ARRAZAKERIA
jone arruabarrena
2024ko apirilaren 7a
05:00
Entzun

Bigarren hezkuntzako ikasleen %25,1ek adierazi dute noizbait eraso arrazistaren bat jasan dutela. %18,9k, berriz, adierazi dute noizbait ikastetxean pertsona baten aurkako eraso fisikoren bat ikusi dutela jatorri, azal kolore, kultura edo erlijioagatik, eta%19,5ek esan dute batzuetan, maiz edo oso maiz antzematen dituztela halako jokabide arrazistak. Datu horiek eman zituen argitara Gipuzkoako SOS Arrazakeriak 2022an egindako ikerketa batean. Gipuzkoako hainbat ikastetxetako 415 ikasle elkarrizketatu zituzten horretarako, eta, diagnostikoa eginda, bi gida kaleratu dituzte arrazismoa ikasgeletan lantzeko. Gipuzkoan urtero ehundaka ikasle eta irakasle formatzen dituzte, arrazismoa ikasgeletatik ateratzeko helburuz.

Itziar Gorostidi Gipuzkoako SOS Arrazakeria erakundeko Hezkuntza Saileko arduradunak esan du beharrezkoa dela arrazismoaren gaia ikastetxeetan lantzea: «Garrantzi handia dauka arrazismoa ikasgeletan eztabaidatzeak. Gizartea geroz eta pluralagoa da, eta ikasgelak ere bai, horrek dakartzan dinamikekin». Erakundeak ia 30 urte daramatza Gipuzkoan lanean, eta hasieratik izan dute hezkuntzan lanketa egiteko arlo espezifiko bat. Formakuntza tailerrak eta informazio saioak ematen dizkiete ikasle eta irakasleei, eta ikastetxeetan arrazismoaren egoera aztertzeko ikerketak ere egiten dituzte.

(ID_13754404) (/EZEZAGUNA) whatsappimage2024-04-02at6.18
Gipuzkoako SOS Arrazakeriako kide batzuk, eskola batean ikasleei tailer bat ematen. SOS ARRAZAKERIA

Hain zuzen, bi azterlan kaleratu dituzte azken urteotan. Lehenengoa 2022an egin zuten, bigarren hezkuntzako ikastetxeetan dagoen arrazismoaren inguruko diagnostiko bat egiteko asmoz, eskola publikoak, pribatuak eta kontzertatuak kontuan hartuta. «Azterlanak erakutsi zuen askotan ikasleek zein irakasleek ez daukatela tresnarik arrazakeriagatiko diskriminazioa noiz gertatzen ari den jakiteko. Batez ere, umorearekin gertatzen da: ez da bereizten noiz diren umeen gauzak eta noiz den kontu serioago bat. Ez dago horren inguruko heziketarik, eta, beraz, ez da ondo identifikatzen. Eta ez bada ondo identifikatzen, hori artatzea askoz ere zailagoa da», dio Gorostidik.

Irakasleen baldintzetan identifikatu dute bigarren arazoa: ikerketak azaleratu zuen irakasleek ez zutela denborarik klaseak behar bezala prestatzeko, eta are gutxiago arrazakeriaren gisako gaien inguruan trebatzeko. «Gai zailak dira, eta, identifikatzeko zailtasunak egoteaz gain, ez dakite beraiek zerbait egin behar duten edo ez. Normalean, arazo larri bat dagoenean identifikatzen dute, eta jotzen dute gurearen moduko elkarteetara. Baina prebentzioari begira ez da gauza askorik egiten». Hala ere, Gorostidik esan du badaudela «sentsibilizatuago» dauden irakasleak: «Esaterako, matematikako buruketak bidaltzean, buruketa horretan edo ikasleek irakurri beharreko liburuetan pertsona arrazializatu bat sartzea izan daiteke sentsibilizazio lana egiteko modu bat. Horrela, errazago barneratuko dituzte ikasleek ezaugarri ezberdinak, eta etorkinei ikasgelan harrera egiteko orduan normalizatuago izango dute».

«Ikasleek irakurri beharreko liburuetan pertsona arrazializatu bat sartzea izan daiteke sentsibilizazio lana egiteko modu bat».

ITZIAR GOROSTIDIGipuzkoako SOS Arrazakeriako Hezkuntza Saileko arduraduna

Izan ere, elkarteak prebentzio neurri gisa proposatu du eskolako curriculumean antirrazismoa «modu transbertsalean» lantzea, eta, horretarako, berritze guneetan ere egin dute lan. Gorostidik esan du, hain zuzen, eskoletan balioak landu beharra dagoela, ohiko ikasgaiak soilik emateaz gain: «Eskolek beste eduki bat ere helarazi behar dute, ez bakarrik matematikak eta ingelesa. Berritze guneetan, ordea, ikusi dugu eskoletan ez dela lantzen interkulturalitatea edo antirrazismoa ildo modura. Bizikidetza edo herritartarsuna bezalako ikasgaiak lantzen dituzte, eta pentsatzen da interkulturalitatea horren barruan lantzen dutela, baina ez dauka ildo propio bat. Eta horrek arazoak dakartza».

Lehen pausoa: gidak

Antiarrazismoa propio lantzeko bi gida prestatu ditu Gipuzkoako SOS Arrazakeriak: irakasleentzat bat, eta ikasleentzat bestea. Lehenengoak materialetan begirada interkulturala txertatzeko gakoak ematen ditu, eta harrera planaren berri ere ematen die irakasleei. «Teorian eskola guztiek eduki behar dute ikasturte erdian kanpotik datorren ikasle bati harrera egiteko plana, baina dokumentu horren berri askotan orientatzaileak soilik izan ohi du». Irakasleen artean gaiaren inguruko eztabaida zabaldu eta hausnarketa bultzatzea du helburu gidak.

Ikasleentzako liburuxkak, berriz, jolasak eta jarduerak proposatzen ditu, identitatearekin, nazionalitatearekin edo generoarekin lotutako gaiei buruz. «Estereotipoak lantzen ditu, batez ere. Gu joaten gara askotan eskoletara gida horren bidez lanketa egitera, edo irakasleek ere egin dezakete ikasleekin», esan du SOS Arrazakeriako kideak.

(ID_13754408) (/EZEZAGUNA) img-20240124-wa0006(2)
Itziar Gorostidi Gipuzkoako SOS Arrazakeriako kidea, eskola batean ikasleei tailer bat ematen. SOS ARRAZAKERIA

Arrazakeriarekin lotutako hainbat tailer eta formakuntza eskaintzen ditu erakundeak; arrazakeriaren aurkako hezkuntzari, migrazioei edo doluari buruz, besteak beste. «Ikasleen artean pentsamendu kritikoa sustatzen saiatzen gara, eta jolasen bidez egiten dugu hori, modu aktiboan eta adin bakoitzera egokituta. Ez dira gai errazak, eta jende asko mugituta ateratzen da, batzuetan konturatzen baitira dauzkaten portaera batzuek kalte egiten dietela beste batzuei, eta  teorikoki ez daudelako ados egiten duten horrekin», esan du Gorostidik. Adierazi duenez, lanketa indibidualean zentratzen dira gehienetan, bakoitzak dituen jarrerei erreparatuta.

Zenbat belaunaldi?

Beste ikerketa bat egin zuen erakundeak iaz, gazte arrazializatuen inguruan. Batik bat, guraso etorkinak dituzten gazteetan zentratu dute ikerketa, eta Gorostidik salatu du oraindik ere etorkinen bigarren belaunaldia deitzen dietela gazte horiei, hemen jaio diren arren. «Ikusi dugu esperientzia oso ezberdina dela duela gutxi heldu den norbaitentzat, edo hemengoa izan arren fenotipoarengatik kanpotartzat hartzen duten norbaitentzat».

SOS Arrazakeriako kideak azaldu du gazte horien esperientzian hainbat faktorek daukatela eragina: herri txiki batean edo hirian bizi, eskola batean edo bestean ikasteak izan, familien partaidetzak... «Beste modu batera bizi dute diskriminazio hori, hemen txertatuta dauden arren, eta harremanak egin dituzten arren».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.