Alazne Gurrutxaga: «Argi daukagu lagunduko ditugun elkarteen kide izan nahi dugula»

Ordiziako Orkli kooperatibak Orklidea ekinbidea martxan jarri du egitasmo sozialak garatzeko diru laguntzak emateko, hango kide Gurrutxagak esan duenez.

(ID_13989270) (Andoni Canellada/@FOKU) 2024-06-17, Ordizia. Orkli kooperatibako kidea.
Alazne Gurrutxaga, astelehenean, Orkliren Ordiziako egoitzan. ANDONI CANELLADA / FOKU
jone arruabarrena
2024ko ekainaren 22a
05:00
Entzun

Ordiziako Orkli kooperatibak teknologiaren bidez lantzen du jasangarritasuna, eta aurten 50 urte bete ditu. Orklidea aurkeztu dute aste honetan: gizarte ekintzailetzarako egitasmo bat. Proiektu sozialak egiteko dirua behar duten elkarte eta taldeentzako deialdi bat da Orklidea, eta irabazleek 35.000 eurorainoko diru laguntza jasoko dute. Kooperatibako Kontseilu Sozialeko Alazne Gurrutxagak (Villabona-Amasa, 1986) azaldu du langileak bultzatu nahi dituztela Orklik inguruan daukan eragina zuzenean bizitzera.

Nola sortu zen Orkli kooperatiba?

Kooperatibak 50 urte egingo ditu aurten. Berez, Copreci kooperatibaren adar bat da. Bere garaian Coprecin egiten ziren produktu batzuk Ordiziara ekarri ziren, Ordiziako eta eskualdeko emakumeei lana emateko. 1982an, izena aldatu, eta Orkli izenarekin sortu zen, Ordizia eta klima hitzak lotuta, eta beste izaera bat hartu zuen, kooperatiba bera izaten jarraitu arren.

Ingurunean eragina izateko asmoa duzue?

Kooperatiba bat garen heinean, legalki derrigortuta gaude gure irabazien %10 hemen inguruko ekimen sozial eta bestelakoetan inbertitzera. Hortik abiatuta, Orklik urtero diru dezente banatzen du inguruan; gehienbat, Goierriko talde txiki askori iristen zaie laguntza: kirol taldeei, zaharrekin lan egiten duten taldeei, inklusioa bultzatzen dutenei, ikastetxeei... Horiez gain, badauzkagu urtero ematen ditugun diru laguntzak ere: Goierri eskolari edo Mundukide proiektuari, esaterako. Gero, Goierriko taldeei ematen dizkiegun IPDK diru laguntzak ditugu.

Nondik sortu zen Orklidea?

Ohartu ginen urtero talde askori laguntzen genien arren enpresako langileek ez zeukatela inguruari laguntzen ari ziren sentsazioa, edo ez zutela bizipen hori zuzenean bizi. Beraz, duela zazpi bat urte, Orkliko Kontseilu Soziala gaiari bueltaka hasi zen, bizipen hori lortu nahian. Egia da pauso txiki batzuk eman zirela, baina, gehienbat, azken urtebetean aritu gara ideia horri forma emateko lanean. Bide honetan eredu izan ditugu Danobat taldeak martxan daukan Elkarrekin Eragin ekimena eta Fagor taldeak martxan daukan Fagor Herrigintza. Hala ere, kontziente gara enpresa handiak direla haiek, eta guk gure txikitasunetik eta beste eskala batean abiatu dugu Orklidea ekimena. 

«Orkliko langileek kooperatibak ingurunean sortzen duen inpaktua bizi dezaten nahi dugu».

Zein da egitasmoaren helburua?

Orkliko langileek kanpoan sortzen dugun inpaktua bizi dezaten nahi dugu, eta laguntzen ditugun proiektu horiekin zuzeneko kontaktua izatea. 

Denera, zenbatekoa izango da saria?

50.000 euro banatuko ditugu urtero, bi kategoriatan: A kategorian, 15.000 euroraino, eta B kategorian, 35.000 euroraino. Kategoria batean edo bestean parte hartzeko, proiektuaren tamainari eta behar duten diru kopuruari begiratu beharko diete aurkeztu nahi duten elkarte edo taldeek. 

Hitz joko bat dago Orklidean...

Oihana Iguaran Barandiaran bertsolariarengana jo genuen izena erabakitzeko. Ideia asko geneuzkan buruan, baina ez genuen asmatzen zer hitz aukeratu. Orklideak Orkli eta kide hitzak batzen ditu; oso argi daukagu lagunduko ditugun elkarte horien kide izan nahi dugula eta haiek ere bidelagun bezala ikusi gaitzaten nahi dugula. Idea hitza ere badago izenaren barruan, eta horrekin adierazi nahi dugu Orklik dirua jarri arren ideiak dauzkaten elkarte edo taldeak behar ditugula elkarrekin bide hori egiteko. Bukatzeko, keinu bat egiten dio orkidea hitzari, ideia hori hazi bat baita guretzat, elkarrekin ernalduko den proiektu bat. 

Zer fase izango ditu egitasmoak?

Irekita dago izena emateko epea, eta abuztuaren 31ra arte zabalik egongo da. Hiru hilabete hauetan jasoko ditugu proposamenak, Orkliren webguneko ekintza sozialeko atalaren bidez. Gero, Orkliko gizarte eraldatzaile batzordeak proposamenak aztertuko ditu. Proiektuen lan ildoek balio batzuekin bat egitea hartuko dute kontuan: euskara, aukera berdintasuna, integrazioa, berrikuntza... Orkliko bazkideek proiektu horietan parte hartzeko aukera izatea ere baloratuko dugu. 

«Proiektuek irabazi asmorik gabeko erakunde edo elkarteenak izan beharko dute»

Noiz sartzen da jokoan Orkliko langileen partaidetza?

Batzordeak kategoria bakoitzean aukeratutako hiru finalistak Orklira etorriko dira, langileen aurrean euren proiektua aurkeztera, eta, horren ondoren, langile bakoitzak proiektu baten alde bozkatu beharko du; horrela erabakiko da irabazlea. Ondoren, irabazlea den proiektuan boluntarioren bat beharko balitz, Orkliko bazkideak boluntario gisa aurkeztea izango litzateke asmoa. 

Zer baldintza bete beharko dira parte hartzeko? 

Euskal Herri guztiko proiektuentzat zabalik dago ekimena, baina proiektuak irabazi asmorik gabeko erakunde edo elkarteenak izan beharko dute. Orklik, gehienez, proiektuaren aurrekontuaren %80 emango du.

Era honetako esperientziarik izan duzue lehenago?

Bai. Duela urte batzuk, Zure irrifarra gure indarra izeneko taldea etorri zen Orklira laguntza eskatzera, bertako partaide bat bazkide zelako. Talde horrek aulki bereziak behar zituen, gurpil aulkian dabiltzanek lasterketetan eta herri krosetan parte hartu ahal izateko. Orklik diruz lagundu zuen elkartea, eta hamar gurpil aulki berezi erosi zituzten. Orkliko bazkide askok parte hartu zuten, elkarteko kamiseta jantzi eta lasterketetan haiekin parte hartuz. Bizipen hori oso polita izan zen, eta oraingoan ere era horretako lankidetza bat sortzea gustatuko litzaiguke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.