Sagardotegi denboraldia

Arduran dago gakoa

Larunbatero Hernanira iristen diren sagardozaleek eragin nabarmena dute herriko giroan. Egungo parranda eredua ezbaian jartzen dute hernaniar askok, eta kanpotik datozenei arduratsuak izateko eskatzen diete.

(ID_13583709) (Jon Urbe/@FOKU) 2023-01-11, Astigarraga. Sagardoaren Lurraldeak antolatuta, XXX
Pertsona bat, basoa sagardoz betetzen, 2023ko urtarrilean, Astigarragan. JON URBE/FOKU
Hernani
2024ko otsailaren 18a
05:00
Entzun

Urtarrilaren 16an hasi zen txotx garaia, eta pixkanaka iristen ari da jende uholdea Hernanira eta inguruko herrietara. Azken urteetan larunbat eguerdiek hartu dute ospea, eta bazkari baten bueltan elkartzea izaten da gehienen nahia. Horrek, ezinbestean, eragin nabarmena du bazkalosteko giroan, arratsaldeko 19:00etan jai giro betean murgiltzen baita Hernaniko parte zaharra, eta horrek zeharo aldatzen du bertakoen ohiko bizi erritmoa.

Aurtengo txotx garaiak «kezka puntu bat» sortzen dio Xabier Lertxundi Hernaniko alkateari: «Oraindik jasangarria da, baina lehenengo asteburutik nabaritu dugu gorakada. Iaz jende asko etorri zen, eta berriz hori gertatzeak kezkatzen nau». Gaineratu du iaz 87 autobus zituztela martxoko larunbat batean. «Horri gehitu behar zaio autobus antolatuetan ez datorren jendea. Milaka pertsona dira guztira», nabarmendu du Lertxundik.

Pertsona horiek guztiak Hernaniko tabernetara joan ohi dira bazkalostean. Axel Tranche (Hernani, 1989) Ekos tabernako nagusiak, ordutegian ez ezik, sortzen den giroan nabaritzen du aldaketa: «Ordu batetik bestera aldatzen da, dagoen jende motaren arabera. Egia da ohiko larunbatekin alderatuta jendea mozkorrago egoten dela, baina gehienak ondo portatzen dira». Lertxundi bat dator horrekin: ez du «orokortu nahi». Hala ere, «elkarbizitzaren kontrako jokabideak» izaten dituztenak «nahi baino gehiago» direla dio.

Trancheren tabernan ere horixe izan da joera; iskanbila handiak baretu diren modura, ohikoagoak dira bertakoenganako errespetu faltak: «Larunbat normaletan ehunetik bi izaten badira modu egokian ez daudenak, txotx garaian hogei dira. Azkenean, ezagutzen ez duten herri batean batzuei gutxiago inporta zaie nola tratatzen duten ondokoa».

Errespetu falta horiek tarteko txotx garaiko parrandaz nazkatu diren herritarrak ere badaude. Hori da Uxue Yusteren eta Amaiur Velezen kasua. Hernaniko parranda «oso masiboa eta maskulinoa» dela diote. «Jende askok ez du ulertzen hau herri bat dela, eta herritarrak bertako partaideak garela. Kanpotik datozenentzat parranda egun bat dena guretzat larunbateroko kontua da», azaldu du Yustek.

«Oraindik jasangarria da, baina lehenengo asteburutik nabaritu dugu gorakada. Iaz jende asko etorri zen, eta hori berriz gertatzeak kezkatzen nau». XABIER LERTXUNDI Hernaniko alkatea

«Herritik kanporatuta» sentitu izan dira Yuste eta Velez, beti egoten diren lekuetatik «ateratzera behartuak». Horregatik, egoera hori aldatzeko, Hernaniko Ostiral Alternatiboak dinamika sortu dute. «Txotx garaiko parranda ereduan gustura ez daudenei alternatiba bat eskaini nahi genien, eta horregatik sortu genuen taldea. Bi ostiraletik behin antolatuko ditugu jarduerak». Esaterako, jolasak prestatu zituzten orain dela bi aste, eta Aiert Alberdiren kontzertua ere izan zen ostiralean: «Askotariko aisialdi ereduak probatzea da asmoa, herriko edozein pertsona gustura egon dadin».

Lertxundik gertutik erreparatu dio dinamikaren sorrerari, eta ondo ulertzen du zergatia. «Larunbatetan, kanpotik parrandara datorren jendeari zerbitzua emateko gune bat bihurtzen da parte zaharra. Orduan, herriko ohiko jarduerak egin nahi dituena desplazatuta sentitzen da». Hain zuzen ere, arazo horri konponbidea emateko, zenbait kultur jarduera antolatzeko asmoa du Hernaniko Udalak. «Probak egin eta datuak bildu» nahi ditu horretarako, ondoren «aurrera begirako erabakiak hartzeko». Lertxundik dio «txotx ereduaren aldaketa» egitea dela asmoa: «Luzera begirako kontua da, baina eredu aldaketa gauzatzeko oraingo arazoei heldu behar diegu».

Eredua aldatzearen zailtasunak

Txotx eredua eraldatzeko asmoa adierazi du behin baino gehiagotan Hernaniko Udalak, eta larunbatetako masifikazioa apaltzearekin lotuta dago Lertxundik duen ideia. Egindako ikerketetatik ondorioztatu dute Hernanin ez dagoela «segurtasun arazorik»; bai, ordea, «elkarbizitzarekin lotutako arazoak». Beraz, hortik abiatzea dute helburu. «Gizalege kontua da, parranda ereduarekin zerikusia izan dezakeena», dio alkateak. «Horri gehitzen zaio jende kopurua handia dela, eta horrela zaila da eredu jasangarria izatea». Yustek ere argi dauka gizalegea dela garrantzitsuena, baina «zaila» iruditzen zaio mezua kanpotik datozenengana helaraztea: «Ideala izango litzateke pertsona bakoitzak jakitea nora datorren eta zertara. Kontzientzia pixka bat izatea, alegia».

Gai honi buruz eztabaidatzeko, mahai baten bueltan elkartzen dira txotx garaiarekin zerikusia duten eragile guztiak: udaleko kideak, sagardogileak, tabernariak, merkatariak eta bizilagunak. Elkarlanean gauzatu nahi dituzte aldaketak, eta Lertxundik argi du zer lortu nahi duen Hernaniko Udalak. «Ulertarazi nahi dugu sagardoa ez dela bakarrik lau hilabeteko kontua; urte guztian gozatu daiteke, eta nahiko genuke etortzen diren horiek sagarraren eta sagardoaren kultura ezagutzea. Parrandako plana baino harago joatea da helburua». Sagardoaren Mahaian sintonia ona dagoela nabarmentzen dute, nahiz eta bakoitzak bere erara bizi duen egoera.

«Ideala izango litzateke pertsona bakoitzak jakitea nora datorren eta zertara; kontzientzia pixka bat izatea, alegia». UXUE YUSTE Hernaniko bizilaguna

Guztien arteko bizikidetza hobetzeko, garbiketa eta udaltzainen zerbitzua areagotzeaz gain, indarkeria matxistaren eta arrazistaren aurkako protokoloak jarri ditu martxan Hernaniko Udalak. Gainera, eragileekin adostutako zenbait neurri ere jarri ditu abian. Horien artean esanguratsuena edalontzi berrerabilgarriak jartzea izan dela azaldu du Lertxundik: «Aspaldiko ideia da hori. Bere garaian kristalezko basoetan ez zerbitzatzeko eskatu genien tabernariei, eta bat egin zuten proposamenarekin. Oraingoan ere harrera oso ona izan du, haiek ere problematikaz oso kontziente baitira».

Hondakin kopurua murriztea da edalontzi berrerabilgarriak jartzearen helburu nagusia, eta Hernaniko hamabost tabernatan baino gehiagotan topatu ahal izango dira edalontzi berrerabilgarriak. Tranche «gustura» dago hartutako erabakiarekin. «Hasieratik nengoen alde. Azkenean, gu ohituta gaude kristalezko basoak erabili eta une oro garbitzera. Honek lan gehixeago ematen du, baina merezi du».

Tabernentzat, beharrezkoa

Txotx garaian Hernanira iristen den pertsona kopuruak badu bestelako ondorio bat. Trancherentzat, urte bukaerara iristeko ezinbesteko sostengua da sagardotegi garaia: «Gaur egun asko apaldu da gaueko giroa. Ez bagenu sagardotegi garairik, ez dakit Hernanin zenbat taberna egongo liratekeen irekita». Horri lotuta, alkateak azaldu du joera aldaketa bat izan dela herriko tabernetan: «Ez da hainbeste denbora Hernaniko tabernariek ostegunetik igandera egiten zutela lan. Hori dena galdu egin da». Hori ikusita, herriko tabernak «defendatu» behar dituztela nabarmendu du: «Badakigu txotx garaia garrantzitsua dela ostalariek aurrera egiteko, eta guk argi daukagu gure ostalaritza eta tabernak mantendu nahi ditugula. Oreka bilatu nahi dugu, baina badakigu zaila dela».

Trancheri «astuna eta deserosoa» egin izan zaio txotx garaian lan egitea, baina argi dauka bere «lanaren parte» dela: «Ohiko asteburuekin konparatuta, desatseginagoa da giroa, baina ez naiz nire lanaz kexatuko, guretzat ezinbestekoa baita urteko balantzea positiboa izateko». Hala ere, ondo daki herriko jendearen pentsaera zergatik izan daitekeen bestelakoa. «Ulertzen dut herriko jendea kexatzea, etortzen diren batzuen jarrerak ez baitira onargarriak».

Ondorio modura, gizalegean eta bakoitzaren arduran jarri dute azpimarra denek. «Errespetua eskatzen dugu, gutxieneko batzuk betetzea. Logikoa dirudi, baina ezin da plazaren erdian pixa egiten hasi. Arduraz jokatu behar du bakoitzak, kontziente izanda zenbat jende datorren eta zein den horren eragina», dio Yustek. Lertxundik ere antzeko mezua helarazi nahi izan die Hernanira joatekoak direnei: «Herri honek bere dinamika dauka, eta horretara egokitu behar dute. Parranda egin bai, noski, inork ez du parrandaren aurkako ezer, baina jakinda herri batean daudela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.