Historia

Arditurri III, erromatarrek egindako meatze galeria

Oiartzungo Arditurri parketxeko Arditurri III galerian erromatarren garaiko zenbait aztarna daude ikusgai. Egun jakin batzuetan irekitzen dute, gehiagotan irekitzeak galeria zaintzea zailduko lukeelako. Igandean bi bisita gidatu antolatu zituzten.

Oiartzungo Arditurri parketxeko langile bat bisitariei azalpenak ematen, iaz, Arditurri III galerian. HITZA
Oiartzungo Arditurri parketxeko langile bat bisitariei azalpenak ematen, iaz, Arditurri III galerian. HITZA
urko iridoy alzelai
Oiartzun
2025eko urtarrilaren 24a
05:00
Entzun

Erromatarren garaiko aztarnak ugariak dira Euskal Herrian, eta ukaezina da zibilizazio hark euskal lurretan izan zuen eragina. Lehengaiak ustiatu ahal izateko, bi zatitan banatu zuten Euskal Herria: Ager eta Saltus. Nafarroako eta Arabako hegoaldeko lurraldeek osatzen zuten Ager, eta uzta ereiteko erabiltzen zuten. Saltus, berriz, iparraldeko eremua zen, kantauriar kostaldekoa, eta abeltzaintza eta meatzaritza ziren bertan nagusi. Meatzariak Aiako Harrian aritzen ziren orduan lanean, eta Oiassoko portua erabiltzen zuten mineralak esportatzeko. Gaur egun, orduko meatzari erromatarren aztarnak ikus daitezke Aiako Harrian dagoen Arditurri parketxean, Oiartzunen. Aztarna horiek ikusi ahal izateko, Arditurri III galeria dago bertan. Nolanahi ere, antolatzaileek gutxitan irekitzen dute galeria hori. Igandean, esaterako, bi bisita gidatu antolatu zituzten, eta bisitariek aurrez eman behar izan zuten izena.

Euskal Herrian erromatarrek eginiko galerietako bat da Arditurri III. Arkeolan fundazioko hainbat kidek aurkitu zuten, 2009. urtean. Erromatar garaiko hainbat elementu arkeologiko ere aurkitu zituzten inguru horretan. Meatzaritzak 1984ra arte iraun zuen Arditurrin, Asturiasko Meatzeen Konpainiak (Espainia) lan hori eten zuen arte. «Konpainiaren jarduna bukatu baino lehen hasi zen Arkeolanen lana. Erromatarren galeriak eta aztarnak bilatzen hasi ziren, eta, gaur egun, erromatarrak bertan izan zirela erakusten duten hirurogei adibide baino gehiago daude Arditurrin», esan du Jon Ander Saiz Arditurri parketxeko langileak.

Galeria data seinalatuetan ireki ohi dutela esplikatu du Saizek. «Azkenaldian, soilik urtean behin irekitzen dugu galeria: uztailean, Arditurri egunean». Halere, Arditurriko langileak esan du gehiagotan irekiko dutela aurrerantzean: «Hemendik aurrera, galeria Arditurri egunean irekitzeaz gain, neguko astebururen batean ere ireki nahiko genuke». Haren hitzetan, «ezinezkoa» da galeriako bisita gidatuak maizago egitea, horrek eremua zaintzea zailduko luke eta. 2015ean, bisitarientzat propio egokitu zuten galeria, baina urteak aurrera joan ahala, sarrerak murriztuz joan dira, meategiaren tamaina dela eta. Horrenbestez, zazpi laguneko taldetan antolatzen dituzte bisitak. Joan den igandean bi bisita egin zituzten: bat euskaraz, eta bestea gazteleraz.

«Hemendik aurrera, galeria Arditurri egunean irekitzeaz gain, neguko astebururen batean ere ireki nahiko genuke»

JON ANDER SAIZOiartzungo Arditurri parketxeko langilea

Galeria hiru zatitan dago banatuta. Lehendabizikoa «lubaki baten modukoa» dela dio Saizek: «Kanpoaldetik ikusten da lehendabiziko zatia. Lubakia mineralaren zaina aurkitu arte luzatzen zuten». Bigarren zatia «jaitsiera handi bat» da, eskaileraz osatuta dagoena. Hirugarren zatia, berriz, erabat laua da, eta ehun metro inguruko sakonera du. Hirugarren zati horretako igarobidea «txikia» da: 1,75 metroda luze, eta metro erdi zabal. «Arditurri III galeria, gure beste meategi irekiak ez bezala, ez dago parketxean. 20 edo 25 minutu inguruko ibilaldi bat dago lubakiaren sarreraraino». Hara iritsi ahal izateko, argibide panelak jarri zituzten orain hamar urte, baita bideak egokitu ere.

Saizen ustetan, «ikuspuntu historiko» batetik begiratuta, Euskal Herrian «oso eremu gutxi» daude Arditurriren parekoak: «Arditurri eta, bereziki, Arditurri III galeria gauza arraroak dira. Berezia da sekula ukitu gabeko halako leku bat aurkitzea».

Mineralak Tarrakora

Erromatarrek, Arditurrin ez ezik, Aiako Harriaren inguruan ere egin zituzten meategiak, Kristo aurreko 10. urtetik aurrera. Gehienbat, burdina eta galena ateratzen zuten handik. «Irun —garai hartan Oiasso zen— portu natural bat zen, estuario bat. Horrek merkataritza errazten zuen. Halere, jakin dugu inguruko mineralak Tarrakora bidaltzen zituztela —egungo Tarragona [Herrialde Katalanak]—, Oiassotik abiatzen zen galtzada baten bidez». esan du Saizek. «Galenatik beruna eta zilarra erauzten zuten, ondoren txanponak edota medikamentuak egiteko, besteak beste. Burdina armak egiteko bideratzen zuten, nagusiki». 

(ID_17374794503415) (/EZEZAGUNA)
Arditurri parketxean dagoen Arditurri III galeria, iaz. HITZA

Dena den, erromatarrak iritsi baino lehen ere baziren meategiak Aiako Harrian. Saizek kontatu du euskal lurraldeak tribuetan banatzen ziren garaietan baskoiak aritu zirela bertako meatzeak ustiatzen. «Egindako ikerketen arabera, erromatarrenak ez diren galeriak aurkitu dituzte Euskal Herrian, baina ez dakigu zehazki zer urtetakoak diren». Izan ere, ikerlariek ez ez dute elementu arkeologikorik topatu gune horietan, eta, beraz, ezinezkoa da jakitea orain 2.500 edo 3.000 urtekoak diren. «Baiezta dezakeguna da erromatarrak baino lehenago mugimendua egon zela».

Urte osoan milaka bisitari sartzen dira Arditurriko meategietara. Aurreko urtean, esate baterako, 7.000 bisitari baino gehiago izan ziren. «Bi bisita desberdin eskaintzen ditugu, normalean. Alde batetik, oinarrizkoa, 25 laguneko talde handientzat prestatutakoa». Bisita horretan, meategi modernoko solairu bat besterik ez dute bisitatzen taldeek. «Sakontasunean egiten den bisita, berriz, hamabost lagunentzat prestatuta dago, eta bigarren solairura jaisteko aukera izaten da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.