leire narbaiza arizmendi
Iritzia

Arbasoak eta etorkizuneko gerrak

2024ko martxoaren 15a
05:00
Entzun

Jaio nintzenetik 23 urte izan arte gure aititaren tailerraren gainean bizi izan ginen. Espazio bariko herrian oso kontu normala, bestalde. Zarata ugari egunean zehar, asteburuetan isiltasun harrigarria. Horrelakoa izan zen gure bizitza. 

Taladrina usaina dut gustuko, umetako usain sarkor eta arrunta zelako. Etxetik eskolara bidean, esnezko bideak isurtzen ziren espaloi bako errepidean. Izan ere, taladrina (makinek erabiltzen duten olioa) zuria da. 

Gure aititaren tailerrak eskopetak egiten zituen, baina, gerra aurretik, pistolak. Ez nuen aitita Segundo ezagutu, gazte hil zelako, eta amamak kontatzen zigun gerra aurretik tailerreko bulegoan aleman itzultzaile bat zegoela. Gure amamak entzundakoa baino ez zekien, berak ere ez zuelako ezagutu garai hura.

Aleman itzultzailea Alemaniara asko esportatzen zutelako. Alemaniara, gerren aurretik. Uf! Txikitan datu horri ez nion erreparatzen, gure amamak tailerraren fama ona adierazi nahi zigulako. Baina nagusitu ahala, datu horrek egonezina eragin zidan. Ez Alemaniara esportatzen zutelako, eta orduan sasoian nazismoa zegoelako gobernuan. Ez, ikusarazi zidalako pistola ikusezin horiek (urte askoren ondoren pare bat ikusi genuen) jendea hil zutela. Alegia, gure arbasoek produzitutako produktuak heriotzaren, zaurien eta desgrazien eragileak zirela. Ez da gustuko pentsamendua.

Antza denez, gure birraitona aberastu egin zen, baina guregana semaikorik ere ez zen iritsi. Horrek lasaitu ez ezik, libratu ere egiten gaituela uste dut; hau da, zuzenean ez dugula negozioaren etekinik jaso. Dena den, aurrekoek egindakoek beti zipriztintzen gaituzte. Nahiago nuke arbasoek 1929ko depresio handiaren ondorioz tailerrean birmoldaketa egin, eta bizikletak ekoizten hasi izan balira!

Armek tristezia dakarte, heriotza, beldurra eta gerra. Itxura baten, dirutza ere ematen dute.

Ez dakit fabriketako beharginek halako pentsamenduak izaten dituzten: eurek egindako gauzak noren eskuetara helduko diren eta zertarako erabiliko diren. Jakina, torlojuak eginez gero, gaitza da asmatzea, baina beste objektu batzuekin buruak egin lezake bidaia luzea, eta istorioak asmatu. XXI. mendeko talaia honetatik esan genezake arma industria industria kriminala dela. Zilegitasuna emango lidake, gainera, negozio zikin horretan ibilitako familiakoa izateak. Armek tristezia dakarte, heriotza, beldurra eta gerra. Itxura baten, dirutza ere ematen dute.

Dirua. Hor dago gakoa. Europako Batzordeak proposatu zuen aurrekoan Europako industria militarra sustatzea 1.500 milioi eurorekin, arlo estrategiko gisa tratatzea. Era berean, gerrarako presta gaitezen gaztigatu zigun Ursula von der Leyenek. Jendea ohartarazi gerla etor litekeela, inork sorpresarik har ez dezan. Bitartean, negozio kriminal bat elikatu, batzuek berriro ere dirua egin dezaten. 

Gerra piztuko balute, argi dago diru hutsagatik izango litzatekeela. Hori gutxi balitz bezala, negozio kriminala bultzatzen dutenak oso ziur daude eurek ez dutela gerlaren ondorio txarrik jasango, baina kaleko pertsona arruntok badakigu gu ―edo gure ondorengoak― izango garela kanoi bazka. 

Negozioa edozerekin egitea ez da zilegi. Dagoeneko ez ote dago nahikoa gerra gehiago sortzeko eta indartzeko? Zergatik ez erabili dirutza hori inguruan ditugun gerrak amaitzeko? Zaintzan inbertitzeko? Hezkuntzan? Kulturan? 

Bakean laga gaitzatela!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.