Anorexia sendatzeko, sistema pribatuen menpe

Baliabide «faltagatik», anorexia sendatzeko Bartzelonara joan behar izan dute Eider Leatxek eta Irati Hernandezek, zentro pribatuetara. Haien senideek esan dute tratamendu «garestiak» direla eta ez dutela laguntza publikorik jaso.

BERRIA
BERRIA
Xalbat Alzugaray
2025eko otsailaren 23a
05:05
Entzun

Gipuzkoan zortzi ohe baino ez daude buru gaixotasunak sendatzeko: Donostia ospitaleko Haur eta Gazteen Osasun Mentaleko Unitatean. Hori nabarmendu du Erika Hernandezek, anorexia daukan Irati Hernandezen izebak. Iloba Bartzelonako zentro pribatu batean sartu behar izan dute, Gipuzkoan eta Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen baliabide faltagatik. 2018an gauza bera bizi izan zuen Eider Leachek. Haren ahizpa Alazne Leatxek eta Erika Hernandezek Gipuzkoako Hitza-ri kontatu diote Bartzelonako zentro pribatuetara jo beharra zaila izan dela.

Hernandezen hitzetan, bere iloba Irati COVID-19aren garaian hasi zen elikadurarekin harreman gatazkatsua edukitzen. «Jaten zuen guztiarekin hasi zen obsesionatzen, eta, aldi berean, kirol asko eta asko egiten». Eider Leatxen kasuan, berriz, haren ahizpak esan du otorduero mahaitik altxatzen hasi zela komunera joateko, eta kirol ugari egiten zuela; gainera, gogoratzen du eskubaloi entrenamenduak gaizki iragaten zituela. «Batzuetan entrenatzaileak etxera deitzen zigun, esateko Eider mareatu egin zela entrenamenduan», adierazi du Alazne Leatxek.

Donostia ospitalera joateko erabakia hartu zuten Iratiren eta Eiderren senideek. Hernandezen arabera, Irati iloba, lehenik, Haur eta Gazteen Osasun Mentaleko Unitatean sartu zuten, eta, ondoren, digestio aparatuko zerbitzuetara bidali zuten. «Harrigarria eta desegokia» zela iruditu zitzaion Erika Hernandezi. «Egoera ezin ulertuta gelditu nintzen. Iratiri ez zioten inolako jarraipen psikologikorik egin. Zunda bat sartu zioten, eta hortik elikatzen zuten. Pisu pixka bat hartzen zuenean, etxera bidaltzen zuten, arreta psikologikorik eskaini gabe». Alazne Leatxek kontatu du pisu «asko» galdu ondotik Donostia ospitalera eraman zutela Eider ahizpa. Ospitaleratze luzea izan zela oroitzen du, ahizpari botikak eman zizkiotela, eta salatu du kasu hartan ere ez zela izan lanketa psikologikorik.

«Egoera ezin ulertuta gelditu nintzen. Iratiri ez zioten inolako jarraipen psikologikorik egin. Zunda bat sartu zioten, eta hortik elikatzen zuten. Pisu pixka bat hartzen zuenean, etxera bidaltzen zuten, arreta psikologikorik eskaini gabe» ERIKA HERNANDEZIrati Hernandezen izeba

Bartzelonara joateko erabakia euren kabuz hartu zutela jakinarazi du Hernandezek: «Ikusten genuen Irati oso gaizki zegoela, ia-ia hiltzear zegoela eta laguntza eskatzen zigula. Orduan, erabaki genuen Bartzelonara joatea eta zentro pribatu batean sartzea». Eiderri, berriz, Donostia ospitaleak eman zion Bartzelonako zentrora joateko aholkua, Alazne Leatxek azaldu duenez: «Medikuek esan ziguten aterabide bakarra Bartzelonako zentro pribatura jotzea zela».

Kostua eta baldintzak

Bartzelonako zentro pribatu horietako tratamenduaren kostua ikaragarria da. «Dirua edo bizitza aukeratu» behar izan dutela esan du Hernandezek. Iratik zazpi hilabete daramatza Bartzelonan, eta egonaldia hilean 7.000 euro inguru dira. «Lotsagarria da hain garestia izatea. Mailegu bat hartu dugu, eta familiako aurrezkietatik tiraka ari gara Iratiren tratamendua eta egonaldia pagatzeko». Leatxek gehitu du Eider ahizpa aseguruaren bidez joan zela Bartzelonara anorexiaren kontrako arta jasotzeko; hala ere, agerian eman du aseguruak egonaldia baino ez ziola ordaindu, eta gurasoen gain geratu zen botiken kostua. «Botiketako batek 1.500 euro balio zuen».

Leatxek ez du oroitzapen «onik» Bartzelonako zentroaz. Gaixoak hiru solairutan banatuta zeuden. «Zero faseko, lehen faseko eta bigarren faseko solairuak ziren. Gaixotasuna hobetuz zihoan heinean, pazientea beste solairu batera pasatzen zuten».

Sistema «autoritarioa» dela salatu du Alazne Leatxek. Haren esanetan, pazienteak dieta zorrotz baten menpe eta etengabeko zaintzapean zituzten. «Dutxa kronometratua dago: bost minutu dituzte. Komuneko ponpari ez diote haiek tiratzen, zaindariek baizik. Kamerekin zaintzen dituzte, etengabe. Gainera, ahizpak esaten zidan jangelan zentzugabezko arauak zituztela; adibidez, galletak ezin zituzten esnetan sartuta hartu».

«Sistema autoritarioa dute Bartzelonako zentroan: dutxa kronometratua dute, komuneko ponpari ez diote haiek tiratzen, kamerekin zaintzen dituzte...» ALAZNE LEATXEEider Leatxeren ahizpa

Horrez gain, Eider Leatxeren ahizpak salatu du familiei bisitak ezeztatzen zizkietela. Kasurako, asteburuetako bisitak prestatu arren, bi egun lehenago ukatu ahal zizkioten. «Behin, ostegun batez, zentroak deitu eta esan zigun ezin ginela Eider ikustera joan. Asteburuko bidaia gastuak eta egonaldia pagatuak genituen jada... Orduan, Bartzelonara asteburu-pasa joaten ginen, jakinik ahizpa ezin genuela bisitatu; bestela, etxean gelditzen ginen, jakinik dirua galdu genuela».

Baliabide eske

Tratamenduak garestiak izanik, Iratiren eta Eiderren senideek diru laguntzak eskatu zituzten. Hernandezek esan duenez, instituzio publikoengandik ezezkoak baizik ez dituzte jaso Bartzelonako egonaldia diruztatzeko. Erakundeek erantzuten zieten Irati Bartzelonara eramatea familiaren erabakia izan zela. Kexu mintzatu da Erika Hernandez. «Ez da kapritxo bat izan Irati Bartzelonara eramatea. Badirudi aberatsak bagina bezala aukeratu dugula han ospitaleratzea, baina ez da hala izan: hil ala biziko egoeran zegoen!».

Elikadura nahasmenduari loturiko gaixotasunak sendatzeko baliabide publikoak behar direla aldarrikatu dute Hernandezek eta Leatxek. Osasun profesional gehiagoren beharra aipatu du Hernandezek. «Baliabide gutxiegi ditugu. Profesional kualifikatu askoz gehiago beharko genituzke anorexia eta buru osasunari lotutako gaixotasunak sendatzeko; ezin dugu orain arte bezala segitu».

Buru gaixotasunak artatzeko baliabide gehiagoren beharra ez ezik, sentsibilizaziorako tresna eraginkorrak ere behar direla erantsi du Leatxek. «Pantailetan zabaldutako edertasun kanonak sarraskiak eragiten ditu. Gaur egun, 11 edo 12 urteko gaztetxoek pantailak kontrolik gabe erabiltzen dituzte». Hain zuzen ere, Hernandezek eta Leatxek tabuak apurtu nahi dituzte, eta elikadura nahasmenduaren erroan dauden arazoez «normaltasunez» hitz egin nahi dute. Leatxeren iritziz, harrigarria da gizarteak buru osasunaren gaia oraindik ezkutuan eta tratatu gabe izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.