Urretxuko Udalak Aniztasun eta Bizikidetza plan berria aurkeztu zuen irail hasieran. 2008. urtean sortu zuen udalak lehen plana, eta orain, hamasei urteren ondotik sortu dute plan berria. Sei urteko epealdi baterako eratu dute. Maialen Fidalgo UrretxukoUdaleko Herritarrak Batzordeko zinegotziak azaldu du txostena sortu ahal izateko diagnostiko bat egin zutela herrian, eta norbanako eta erakunde askok parte hartu dutela bertan.
Fidalgok esan du lehen plana sortu zutenean, aniztasuna migrazioarekin «oso lotuta» zegoela, eta konturatu direla hamasei urte hauetan gizartea aldatu egin dela, bai eta haren konposizioa eta beharrak ere. «Aniztasuna ez da soilik herriarekin edo kulturarekin lotutako zerbait; aniztasun mota desberdinak daude. Aniztasuna izan daiteke zerbait fisikoa: gorra izatea, Asperger sindromea izatea edo beste mila gauza, eta horiei erantzuten jakin behar dugu». Zinegotziak dioenez, «kultur aniztasunetik aniztasunaren kulturara» igaro dira plan berriarekin. «Aniztasuna gure kulturan integratu dugu».
Sare bat osatu dute
Aniztasun mota guztiak aintzat hartuta lan egin dute prozesuan zehar, hala nola aniztasun kulturala, gorputz aniztasuna, aniztasun etnikoa, sexu aniztasuna eta elbarritasun askotarikoak. Fidalgoren arabera, plan berriak oinarrizko hiru printzipio betetzen ditu: eskubide berdintasuna eta aniztasuna erdigunean jartzea, diskriminaziorik eza eta ikuspegi komunitarioa. Gaineratu du planak badituela «zeharkako» beste hiru printzipio: euskara, genero ikuspegia eta 2030 Agenda.
Urretxuko Aniztasun eta Bizikidetza Planak herrian bizi den pertsona ororen artean tratu berdintasuna eta diskriminaziorik eza sustatzea du helburu, baita komunitatean elkar topaketa, hausnarketa, sinergiak eta elkarlanerako espazioak sortzea eta erraztea ere. Eta, horretarako, aniztasun mota guztiei erantzun egokia emateko baliabideak sortu nahi dituzte.
Xede horiek kontuan hartuta, bost ekintza jaso dituzte plan berrian: erreferentzialtasuna indartzea, sentsibilizatzea, lan bateratua garatzea, bizikidetza eraikitzea eta parte hartzea sustatzea.
«Aniztasuna izan daiteke zerbait fisikoa: gorra izatea, Aspergerren sindromea izatea edo beste milaka gauza, eta horiei erantzuten jakin behar dugu»
MAIALEN FIDALGOUrretxuko Udaleko zinegotzia
2008ko plana diseinatzeko ere, diagnostiko bat egin zuten, baita lanketa bat ere. «Esan daiteke urte hartan sortu genuen plana momentuan sortutako dokumentu bat zela», esan du Fidalgok. Haren esanetan, denbora igaro ahala, taldea «egonkortzen eta sistematizatzen» aritu dira. Berriki argitaratu duten egitasmoa ere dokumentu bat da, baina egun badituzte dokumentu hori aurrera eramateko langileak, baliabideak eta sistema bat. «Lehen aniztasuna zegoen hor, geldirik. Lau orduz egoten zen emakume bat bulegoan. Orain, ordea, aniztasuna gai transbertsala da, eta gizarte saileko departamentuan mahai propioa duen teknikari bat daukagu. Udalarekin formalki integratu da».
Herritarrak ardatz
Herritarrak Batzordeko zinegotziak adierazi du urretxuarrak direla plan berriaren «osagai nagusia», eta haiek sentsibilizatzeko, sare sozialetako profilak sortu, agenda egin eta komunikazio estrategia bat garatuko dutela. «Herri inklusiboago bat» sortu nahi dutela dio, eta hori lantzeko harrera protokoloa egingo dute, bai eta formakuntza saioak eta aholkularitza zerbitzua eskaini eta zenbait elkarteren sorrera sustatu ere.
Herritarrak komunitatean parte hartzera bultzatu nahi dituzte. Horretarako, baliabideak indartuko dituztela azaldu zuten plan berriaren jendaurreko aurkezpenean. Hain zuzen, Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiaren dinamikak garatu eta kudeatuko dituzte.
Ez da aniztasunaren eta bizikidetzaren alde egin duten lehendabiziko ahalegina. Izan ere, hainbat ekinaldi egin dituzte: Sukaldanitzak, Giza Liburutegia, Aniztasun Jaia, zurrumurruen kontrako hezkuntza proiektua, zurrumurruak desegiteko aisialdi eskaintza, irakurketa Errazteko Kluba eta Film Laburren Zikloa. Fidalgok esan du ekintza horiek egiten jarraitzeko asmoa dutela etorkizunean.
Behin plana aurkeztuta, horren barruan egiten dituzten ekintza guztien ebaluazioa eta jarraipena egitea izango da Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiaren zeregina. Bilkura horietan parte hartzeko zenbait bide zabaldu dituzte orain: 693-90 05 68 zenbakira deitzea, [email protected] helbidera idaztea edo Urretxu.eus webgunean arakatzea.