«Donostian dago Espainiako zinema aretorik zaharrena, luxuzko apartamentu turistiko bihurtzear dagoen Arte Ederrak eraikina». Hala esan zuen Andreu Buenafuentek Donostiako Zinemaldiaren aurkezpen galan, irailaren 20an. 1914an eraiki zuten eraikina, Amara auzoko Urbieta eta Prim kaleen artean. Zinema areto izateaz gain, Donostiako Orfeoiaren egoitza izan zen, 1977ra arte. Handik bost urtera proiektatu zuten azken filma eraikin horretan, eta Euskadiko Orkestrak hartu zuen egoitzatzat, 1989ra arte. Eraikina itxita egon da ordutik, eta 2013an abiarazi zuten Arte Ederrak eraikina eraitsi eta luxuzko hotel bilakatzeko plana. Eraikina eraistetik salbatzeko sortu zen Donostiako Ancora herritarren elkartea, eta 11 urte daramatza ondare horren alde borrokan. Hain justu, eraikinaren lanak «berehala eteteko» eskatu du asteon.
Ancora elkarteak salatu du Arte Ederrak eraikinaren lanetan jatorrizko fatxada «suntsitzen» ari direla, eta, hori frogatzeko, bideo bat zabaldu du bere sare sozialetan: «Hori ez da eraikinaren berrantolaketa kontrolatu bat, jatorrizko hiru fatxadak erabat suntsitzea baizik, eta Donostiako Udalaren Eraikitako Hirigintza Ondarea Babesteko Plan Bereziaren [EHOBPB] fitxak espresuki debekatzen du hori».
«Arte Ederrak eraikinaren fatxada suntsitzen ari dira, hotel bat eraikitzeko, eta hori, gure ustez, ondarearen aurkako delitu bat da; horregatik salatu dugu»
ENEKO ORONOZDonostiako Ancora elkarteko kidea
Eneko Oronoz Ancorako kideak azaldu du egun C babes mailan dagoela hiriko Arte Ederrak eraikina, eta babes maila horrek «debekatzen» duela fatxadak suntsitzea. «Barrualdea eraitsi zuten, eta, berez, fatxada mantendu behar zuten. Zein izan da gure azken ezustekoa? Fatxada bera ere suntsitzen ari direla, hotel bat eraikitzeko, eta hori, gure ustez, ondarearen aurkako delitu bat da. Horregatik salatu dugu». Oronozek zehaztu du ez dutela udalaren «inolako erantzunik» jaso.
Ancorako kideak esan du «sinesgaitzak» zaizkiola eraikinari buruz egon diren hainbat tirabira. «Arte Ederrak eraikina kultura ondasun izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak 2014an, eta ondoren kendu egin zioten aitortza hori. Guztiz sinesgaitza da hori: nola izenda daiteke eraikin bat kultura ondasun eta gero atzerapauso hori eman?». Oronozek dio elkarteak ahaleginak eta bi egin dituela Arte Ederrak eraikina eraistetik salbatzeko, baina ez dutela babesik jaso: «Handia da udalak eta eraikinaren jabe den Sade enpresak hotela eraikitzeko eginiko presioa, eta instituzioek beste alde batera begiratzen dute. Azkenerako, galdu egingo dugu zoragarria zen eraikin hura».
Ancoraren nahia
Oronozek esan du eraikina zinema areto gisa mantentzea dela elkartearen nahia. «Zinema areto bat zen lehen, eta onena litzateke areto kultural gisa mantentzea». Sade enpresa da eraikinaren jabea, baina Oronozek dio eraikin publiko bat izan beharko lukeela, euskal gizartearen zerbitzura jarri ahal izateko. Izan ere, haren ustez, hiriak ez zuen «beste luxuzko hotel baten» beharrik: «Zer da beharrezkoagoa: luxuzko hotel bat eraikitzea edo estatuko zinema aretorik zaharrenaren eraikinari eustea? Guk argi dugu, eta askotariko protestak egin ditugu, baina badirudi ez duela ezertarako balio izan».
Eneko Goia Donostiako alkateak 2022an adierazi zuen Arte Ederrak eraikina EHOBPBan dagoela babestuta, eta «hirugarren sektoreko eraikina» dela. «Aurreko legegintzaldian bizileku bihurtzeko saiakera bat egon zen, baina ez zen aurrera atera, ez zegoelako gehiengorik Plan Orokorraren aldaketa hori egiteko. Beraz, hirugarren sektoreko eraikina denez, jabearen erabakia da eraikin horrekin zer egin», esan zuen Goiak.