Zestoan, Urola ibaiaren meandroan dago Amillubi baserria, lur emankorrez inguratuta. Baina, lurreko fruituak nola, hala ari da ernaltzen bertako lurretan beste zerbaiten hazia ere. Izan ere, Biolur elkartea agronekazaritza ardatz izango duen proiektu kolektibo bat egiteko lehen pausoak ematen ari da, Ipar Euskal Herriko Lurzaindia eredu hartuta. «Proiektuaren atzean Biolurren sare guztia dago: nekazariak, abeltzainak, okinak, frutazainak..., baita herritar kontsumitzaileak ere». Ane Aranbururen hitzak dira. Biolurreko kidea da Aranburu, eta elkarteak martxan jarri duen Amillubiko talde eragilean ere hartzen du parte. Arrautza ustiategi bat dauka Aizarnazabalen, eta Amillubi baserriaren kanpoaldean elkartu da Ioritz Aizpurugoitia eta Mirene Begiristainekin. Azpeitiko Elikaguneko langile bazkidea da Aizpuru, eta Biolurreko koordinazio taldeko kidea Begiristain. Biok ere Amillubiko talde eragilean hartzen dute parte, Aranburu eta beste hamabi lagunekin batera.
Nekazaritzari lotuta egon da Amillubi baserria beti, orain arte bertan bizi izan den familiak ere lurra landu baitu. «Biolurreko bi kidek hartu zuten baserriaren alde bat, eta harreman estua egin zuten ondoko familiarekin. Haiek jakinarazi zieten baserria saltzeko asmoa zutela. Biolurri jakinarazi zieten kide horiek, eta baloratzen hasi ginen baserria eta bertako lurrak hartzea, ezin zelako Amillubikoa bezalako lursail bat edozein eskutan utzi; blindatu egin behar zen», dio Aranburuk. Biolurrek baserriko jabeekin egin duen akordioaren arabera, familiako amonak eskubidea izango du baserrian bertan geratzeko proiektua martxan jarrita ere.
Abaguneak sortzeko
Aizpuruk nabarmendu du «estrategikoak» direla baserriko lurrak: «Balio agroekologiko handiko lurrak dira, eta Gipuzkoa mailan baserriak daukan kokapena ere oso ona da proiektu jakin batzuk gauzatu ahal izateko eta produktuen banaketarako. Horrez gain, ezin da aipatu gabe utzi Eusko Jaurlaritzako Visesa enpresa publikoaren jabetzako 26 hektareako lursail baten ondoan dagoela». Visesak etxebizitzak egiten ditu, baina, lursail horiei dagokienez, nekazaritza lur gisa kalifikatuta daude, eta, beraz, ezin du hor etxerik eraiki.
«Ezin zen horrelako Amillubikoa bezalako lursail bat edozein eskutan utzi; blindatu egin behar zen».
ANE ARANBURUAmillubiko talde eragileko kidea
Gabezia batzuei erantzuteko asmoz sortzen ari dira proiektua, Amillubiko kideek adierazi dutenez. Datuak ere eman dituzte: elikagaien %90 baino gehiago inportatutakoa da, eta, EAEn ekoizten den %10 horretatik, erabilgarri dauden lurren %4,6etan soilik ekoizten da nekazaritza ekologikoaren bidez. Besteak beste, baserritarren erreleboa da identifikatu dituzten arazoetako bat, Begiristainek adierazi duenez: «Hamar urte barru baserritarrik ez dela egongo esaten dute, eta hori lotuta dago azpiegitura berriak sortzeko dauden eragozpen guztiekin; bai traba burokratikoekin, bai oinarrizko beharrizanak betetzeko ezintasunarekin. Esaterako, lurra eskuratzeko zailtasunekin, edo elikagaien prezioarekin lotura daukan bideragarritasun ekonomikoarekin. Horri guztiari egiturazko beste elementu batzuk gehitzen zaizkio; lurraldearen artifizializazioa, adibidez».
Aizpuruk azaldu du arazo horietako batzuei aurre egiteko «baldintzak» sortu behar direla, sektorera jende gaztea erakarri, eta jada arlo horretan lan egiten dutenen egoera hobetu. Izan ere, Begiristainek adierazi du Amillubi proiektua «esperantzarako bide bat» dela testuinguru horretan: «Arazoa egiturazkoa da, baina, horri aurre egiteko, alternatiba errealak jarri behar ditugu mahai gainean, bestelako etorkizun bat eraikitzeko aukera emango dutenak».
Ostertza, argi
Begiristainek aipatutako etorkizuna eraikitzeko bidean hasiak dira lehen pausoak ematen Zestoako Amillubin; baserria erosteko bi urteko epea adostu dute jabeekin, eta jabetza eskuratzeko hainbat ildo zabaldu dituzte. Biolurkide norbanakoek zein eragileek ekarpen ekonomikoa egin dute, eta kooperatiben funts sozialetara ere bideratu dute diru eskaera. Hala ere, nabarmendu dutenez, dirua biltzeko martxan jarri duten kanpaina da baserria lortzeko 390.000 euroak biltzeko bide garrantzitsuena. Abenduaren 1ean aurkeztu zuten ekinbidea, eta lehenengo hamar egunetan 30.000 euro bildu dituzte; maiatza bitartean egongo da ekarpena egiteko aukera. «Erosketa kolektiboa izango da, baina gero, bertan garatuko diren proiektuak ere ikuspegi komunitarioa izango dute, herriarentzat eskuragarri jarriko ditugu», esan du Aranburuk.
Hark azaldu duenez, bonu laguntzak ere salduko dituzte, eta dirua biltzeko egitasmo kulturalak egingo dituzte, baina «helmuga» bistatik galdu gabe: «Badaukagu ortzi muga bat, markatutako bide bat». Alde horretatik, proiektu ugari dauzkate mahai gainean. «Udaberrian asmoa dago landaketa batzuk egiteko. Biolurreko okinen taldekoek, esaterako, interesa daukate antzinako gari motak berreskuratzeko, eta hemen frogak egin nahi dituzte. Horrez gain, landare mintegi bat egiteko proposamena dago, baratzean sartzeko landare ekologikoak lortzeko arazoak daudelako», esan du Aizpuruk. Eraldaketa gune bat edo makineria biltegi kolektibo bat egitea dira beste proposamen batzuk.
«Benetan nahi badugu tokiko sistema agroekologiko bat, kolektiboki egin behar dugu».
MIRENE BEGIRISTAINBiolurreko koordinazio taldeko kidea
Dena den, tamaina handiagoko proiektu baten «abiapuntua» da Amillubi, Aizpururen hitzetan: «Lehenengo pauso bat da Hego Euskal Herriko Lurzaindia proiektua sortzeko bidean. Haien pausoak jarraitzeko asmoa daukagu. Hau da: baliabideak eskuratu, martxan jarri nahi diren proiektuei eskaintzeko». Begiristainek baldintza horiek sortzearen garrantzia nabarmendu du: «Benetan nahi badugu tokiko sistema agroekologiko bat, kolektiboki egin behar dugu, eta, bereziki, sare bat osatuta».