leire narbaiza arizmendi
Iritzia

Amamak irakatsitakoak

2024ko ekainaren 21a
05:00
Entzun

Gero eta gehiago estimatzen ditut edukazioa, kortesia eta manera onak. Agurtzea leku baten sartzean, ezezagunak badira ere barruan dauden pertsonak. Ateetan elkarri pasatzen lagatzea, baina ez emakumea izategatik, pertsona garelako baizik. Irribarrea ahoan hastea eguneroko elkarrizketa hutsal horiek. Horri gure amama Maria Angelesek urbanitatea zeritzon; gizalegea eta adeitasuna, alegia.

Solstizio honetan, gaur, betetzen dira hogei urte hil zela, eta beharbada gero eta presenteago daukat berak irakatsitakoa, gaztetan ―eta batez ere sasoi hartan― demodé zeuden ergelkeriak begitantzen zitzaizkidan arren. Zahartzaroa ere izango da, ez daukat dudarik, beti itzultzen garelako gazte denboran ikasitako kontuetara.

Amamaren izpirituak batzuetan inbaditzen banau ere, aitatutako estimazio hori berez sortzen zait, egunero leku publikoetan bizi ditugun kontuek eragiten dute gizabide min hori. Garraio publikoan, kalean… Iruditzen zait pertsona gehienak adeitsuak direla, baina, era berean, ikusten nabil gizalegez jokatzen ez dutenek gero eta ozenago egiten dutela, edo indar handiagoarekin dihardutela. 

Esan dudan moduan, garraio publikoan ibiltzen garenok egunero ikusten ditugu errespetu galtzeak. Tira, ikusi ez ezik, entzun ere egiten ditugu. Musika, Tiktok, Instagram… aurikular barik erabiltzen dituztenean, esate baterako. Bagoi osoak entzuteko moduan. Edo esku libreko deiak eginda, boz goraz. Nekagarri eta astuna. Jasangaitza askotan.

Beharbada kontu zaharrunoak dira, baina amamak irakatsitakoak praktikan jartzeak gizarte hobea ekarriko ligukeela konbentzituta nago.

Beste kontu batzuk ere ikusten dira. Aurreko baten, bizikleta handi bat zegoen irteera bat erdi blokeatzen. Euskotrenen badaude lekuak bizikletak jartzeko, baina pasatzeko tokian egonda, gizon nagusi bat bere geltokian irten ezinda ibili zen. Inork ez zion bizikleta mugitu, ezta lagundu ere. Inguruan zeudenei esan nien mesedez beste leku baten jartzeko gurpil bikoa. Inork ez zuen ezer esan, begiratu ere ez zidaten egin. Bizikletak bertan segitu zuen. 

Edo geltokiko eskailerak jaisten nenbilela, atzetik nerabe batzuk antxintxika, bultza egin zidaten. Ez indar handiarekin, baina barandari oratuta ibili izan ez banintz, eskaileretan behera jausiko nintzatekeen. Inor barkamenik eskatu zidan? Ez! Atso marmartia bihurtu nintzen, besterik ezin nuen egin.

Horrelako kontuak komentatzen genbintzala, mahaian zelan jokatu behar den ere aitatu genuen lagun artean. Gurekin zegoen gazte batek jatean manera onak izatea aberaskumeen gauzak direla bota zuen, berdin dela murtxikatzean zarata egitea, zopa hartzean zurrupatzea, kubiertoak edozelan oratzea, edota ahoa zabalik jatea. Guk ezetz, mahaikideenganako errespetua dela hori, edukazioa, higuingarria delako besteen janari-bola ikustea edota sumatzea. Gure amamak irakatsitako kontuak direla erantzun nion, justu pobre jaio, nerabezaroan beharrean hasi, eta bizitza guztian etenbarik lanean jardundako emakumeari ikasi genizkiola arau horiek guztioriek. Ez dakit sinistu zidan, baina ez nion gezurrik esan.

Edukazio ona errespetuan oinarritzen da, ez da lausengukeria. Aurrean dugun pertsona gu lakoa dela aitortzea, biok kide garela, hain zuzen. Otzan jokatzea ere ez da, askok hala uste badute ere. Gizartea hobetzen laguntzen duelakoan nago.

Beharbada kontu zaharrunoak dira, baina amamak irakatsitakoak praktikan jartzeak gizarte hobea ekarriko ligukeela konbentzituta nago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.