Teknologia

Altxa Burua plataforma, pantailaz gaindiko bizitza baten alde

Proiektuak haur eta nerabeen pantailen «erabilera goiztiar eta desegokiari» erantzun bat ematea du helburu. Goierrin, Altxa Burua garatzen ari dira Beasainen, Urretxun, Lazkaon eta Ordizian, besteak beste.

(ID_14495504) Altxa burua
Altxa Burua proiektuaren aurkezpena, azaroaren 28an, Ordizian. A. VIERBÜCHER
Lide Egizala Urteaga.
2024ko abenduaren 14a
05:00
Entzun

Teknologia gero eta garatuago dago gizartean, eta, hori dela eta, ezinbesteko tresna bilakatu dira sakelakoa eta bestelako gailuak. Maitane Ormazabal psikoterapeutak dio teknologiak gizarteari «onura ugari» ekarri dizkiola, baina, aldi berean, «funtsezkoa» dela gailuei erabilera «egokia» ematea; bestela, eragin ditzaketen albo kalteak «oso larriak» izan daitezke. Hain justu, haurrek pantailei ematen dieten «erabilera goiztiarrak eta desegokiak» kezkatuta, iaz hausnarketa prozesu bat hasi zuten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hainbat guraso taldek. Prozesu horretatiksortu zutenAltxa Burua plataforma, eta, orain, Goierriko Altxa Burua sortzen ari dira hainbat udalerri, hala nola Ataun, Beasain, Idiazabal, Itsasondo, Lazkao, Legazpi, Legorreta, Ordizia, Segura, Urretxu, Zumarraga, Zaldibia eta Zegama.

Gaia modu desberdinean ari dira lantzen, eta zenbait egitasmo jarri dituzte martxan dagoeneko; Gurea erabil dezakezu, kasu baterako. Proiektu horren helburua da haurrek sakelakoa eduki behar ez izateko «alternatiba bat» sortzea. Horrenbestez, haurrek etxekoei hots egiteko beharra izanez gero, herriko saltoki eta eraikin publikoetako telefonoa erabiltzeko aukera izango dute. Kanpainarekin bat egin duten establezimenduek ekimenaren leloa daraman pegatina bat dute atarian, gaztetxoek erraz identifikatu eta deitzeko aukera izan dezaten. Oraingoz, Beasain, Urretxu, Zumarraga, Ataun, Lazkao eta Ordizia dira kanpaina garatzen ari diren herriak.

Lan kolektiboa

Ordizian azaroaren 28an egin zuten aurkezpena. Josune Ormazabal taldeko kideak esan du «oso saretuta» dagoen proiektu bat dela Altxa Burua. «Gipuzkoako Altxa Burua proiektuan sartuta gaude, eta bailaran Goierriko Altxa Buruasortzen ari gara. Babes handia ematen du beste herri batzuetan egin dutena ikusteak».

Josune Ormazabalek esplikatu du «sentsibilizazioa, hausnarketa eta herri mailan saretzea» dela euren asmoa. Saretzeko, ikastetxeekin eta udalekin elkartu dira. «Ikastetxeen bitartez, gurasoei galdetegi bat bidali eta hausnarketarako kanpaina bat zabaldu diegu», esan du. «Jaso ditugun erantzunen arabera, sakelakoak erabiltzearen gaineko kezka orokorra da. Arazo sozial bat izateaz gain, osasun arloko arazo handi bat ere bada. Azkenean, denon ardura da gure haurrak eta nerabeak babestea».

«Sakelakoak erabiltzearen gaineko kezka orokorra da. Arazo sozial bat izateaz gain, osasun arloko arazo handi bat ere bada»

JOSUNE ORMAZABAL Altxa Burua proiektuko kidea

Maitane Ormazabal psikoterapeuta Urretxuko eta Zumarragako Altxa Burua taldeko kidea da, eta pantailen gehiegizko erabileraren gaian aditua. Are, iaz, Nerabeen garrasia: osasun mentala aldaketa garaian liburua idatzi zuen, Telmo Lazkano irakasle eta dibulgatzailearekin batera. Psikoterapeutak dio kolektiboki lan egiteak «bakarrik lortu ezin diren helburuak» lortzeko balio duela. «Gaur egun oso indibidualistak bihurtu gara, baina gauza asko egiteko besteen beharra daukagu», azaldu du. «Gainera, arazo hau gizarte osoan dagoen zerbait da; beraz, denon artean lantzea ezinbestekoa da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.