Donostiako Orfeoiak 127 urte ditu, baina ez zaio zimurrik atera. Gazte mantentzen lagundu diote Orfeoi Txikiak eta Orfeoi Gazteak. Urte askoan eman diote arnasa gazte taldeek, eta lagundu diote freskotasunari eusten. COVID-19aren pandemiak, ordea, eragina izan zuen orfeoian ere: haur eta gazteen taldeak desagertu egin ziren, eta horiek biziberritzeko lanetan dabil orain abesbatza.
Lutxi Manzisidorrek Donostiako Orfeoian 90ko hamarkadaren hasieran jarri zuen martxan haurren jarduera, orfeoiaren musika tailerra zabalduta. «Tailer horietan 4 urtetik gorako umeekin egiten zuen lan, eta gero kantu eskola ere sortu zuen», dio Eli Arabaolaza (Donostia, 1986) orfeoiko zuzendaritza batzordeko kideak. Geroz eta ume gehiago batu ziren tailerretara, eta Orfeoi Txikia jarri zuten martxan.
«Momentu batean ehundaka ume egon ziren. Orfeoiaren azpiegitura oso handia zen, eta adinka banatzen genituen taldeak: Orfeoi Txiki-txikia, Orfeoi Txikia eta Orfeoi Gaztea. Horrez gain, eskola askotan koruak zeuden. Gauza asko elkarrekin egiten zituzten, baina beste asko, banatuta», esan du Arabaolazak. Oso talde «aktiboak» zirela erantsi du.
Arabaolaza bera 9 urterekin hasi zen Orfeoi Txikian. «Haur kanta pila bat ikasi genituen, eta gure kabuz egiten genituen kontzertuak. Baina, horrez gain, Donostiako Orfeoiak haur ahotsak behar zituenean, haiekin batera abesten genuen. Badaude obra sinfoniko koral batzuk espresuki heldu eta haurrentzako idatziak daudenak». Unicefekin batera abenduaren 28an egin ohi zuten kontzertua du gogoan Arabaolazak, besteak beste. Baita San Sebastian eguneko mezan ematen zuten kontzertua ere. «Ekitaldi horietan urtero parte hartzen zuen umeen koruak. Gero, urteak betetzen joan nintzen, eta gure garaian oraindik Orfeoi Gaztea ez zegoenez, helduen korura pasatu nintzen zuzenean, 14 urterekin. 24 urte daramatzat bertan».
«Bizitzarako ezinbestekoak diren balio asko ikasten dira, beste leku batzuetan ikasi ezin direnak»
ELI ARABAOLAZADonostiako Orfeoiko zuzendaritza batzordeko kidea
Orfeoia haurrentzat abestea baino «zerbait gehiago» dela azpimarratu du Arabaolazak: «Bizitzarako ezinbestekoak diren balio asko ikasten dira, beste leku batzuetan ikasi ezin direnak: autonomia pertsonala, ondokoa errespetu eta entzutea, taldeko lana... Zeharkako gauzak dira, baina ezinbestekoak».
Orfeoi Txikia, pandemiak jota
Pandemian, ordea, taldeak ahuldu egin ziren, eta 2023-2024 ikasturtean ez dute lortu gazte edo haurren talderik ateratzea. Izan ere, Arabaolazak nabarmendu du haurren aisialdirako eskaintza «asko» ugaritu dela, eta gazte zein haurren agendak «mugak» dituela. «Gaur egun familiek lehentasuna ematen diete eskolaz kanpoko beste jarduera batzuei. Kirola egitea garrantzitsua da, eta ingelesez jakitea denoi komeni zaigu, baina, horrela, haurren agendak betez doaz, eta beste gauza batzuetarako geroz eta denbora gutxiago dute».
Orfeoi Txikia berpizteko helburua finkatu zuen orfeoiak udaberrian. «Haurrak eta gazteak hurbiltzeko kanpaina bat jarri dugu martxan. Donostiako ikastetxe batzuetan ere izan gara, eskolaz kanpoko jardueretan koruak antola ditzaten. Baten bat sortu da, talde txikiak badira ere. Jakintza ikastolan eta Aldapeta Maria ikastetxeetan, adibidez. Eskolen egituren barruan daude koru horiek, baina, aldi berean, orfeoiarenak dira».
«Gaur egun familiek lehentasuna ematen diete eskolaz kanpoko beste jarduera batzuei»
ELI ARABAOLAZADonostiako Orfeoiko zuzendaritza batzordeko kidea
Kanpainak eman ditu fruituak: joan den ostiralean 8 eta 16 urte bitarteko hogei lagun bildu zituen orfeoiak, aurreneko saiorako. «Lehenengo, argazki orokor bat ikusi nahi dugu. Ikusi taldea nola dagoen eta zenbat gauden, gero azpitaldeak egin edo ez erabakitzeko. Baina nerabe taldetxo bat badago, gazte korua ere sortu nahiko genuke», adierazi du Arabaolazak. Ezinbestekotzat jo du haur eta gazteak abesbatzan hastea: «Orfeoiaren harrobia dira. Orfeoiak jendea behar du aurrera jarraitzeko. 120 urte baino gehiagoko ibilbidean jende asko pasatu da hemendik. Beste batzuk gaude orain, eta beste asko etorriko dira. Beraz, su hori ezin da itzali».
Donostiako Orfeoia: 127 urteko ibilbide oparoa
Donostiako Orfeoiak 125 urte bete zituen 2022an. 1897an sortu zen, eta ehun obra sinfoniko koral baino gehiago eta opera eta zarzuelako 50 obratik gora interpretatu ditu orain arte. Jose Antonio Sainz Alfaro izan zen abesbatzaren zuzendaria hasieran, eta gero Secundino Esnaolak, Juan Gorostidik eta Antxon Aiestaranek hartu dute lekukoa. Ez da orfeoi profesional bat; afizioz aritzen dira abeslariak. Hala ere, berrogei kontzertu inguru ematen dituzte urtero. Mundu osoko musika emanaldietara gonbidatu dute abesbatza; besteak beste, Salzburgon (Austria), Wiesbadengo (Alemania) Rhin jaialdian, Parisen edo Londresen abestu dute.