Zaintza «duina» bermatzeko, lanean eta mobilizatzen hasiko direla adierazi zuten apirilean Errenteriako hainbat eragilek, Sanmarkosene eta Jesusen Bihotza zahar etxeetako langileen eta egoiliarren baldintza kaskarrak agerian gelditu zirenean. Auzo elkarteak, jubilatuen elkarteak, Oreretako Mugimendu Feministak, Oreretako Bilgune Feministak eta Duintasuna pentsiodunen elkarteak bat egin zuten langileekin eta erabiltzaileen senideekin.
Arazoa bera da bi zahar etxeetan: langile falta. Pribatua da Sanmarkosene, baina lekuen %95 Gipuzkoako Foru Aldundiarekin itunduak dituzte. Jesusen Bihotza zahar etxea, berriz, Kabia aldundiaren organismo autonomoaren barruan dago. Bi egoitzen artean, 300 herritar artatzen dituzte.
Hilabete eta erdiko borrokaldia eginda, orain arte lortutakoarekin baikor azaldu da Javier Sanz Duintasuna elkarteko kidea: «Astero ari gara mobilizazioak egiten, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako zuzendaritzarekin lehen bilera egin dugu. Esan digute zahar etxeak lehentasuna direla, eta badakigu aldundia bi egoitzetan izan dela egoeraren berri izateko».
Afaritik gosarira, hamalau ordu
Oraingoz, ezer gutxi aldatu da bi zahar etxeetan. Langile faltak «zaildu» egiten du egunerokoa, eta horrek eragina du egoiliarrengan. Zahar etxeen alde lanean ari den eragile sarearen arabera, «oso larria» da bi egoitzetako egoera. Sareak aurkeztutako mozioa aztertu zuen Errenteriako udalbatzak asteartean, eta langileek izaten duten egunerokoaren berri eman zuen bertan Feli Velazquez Sanmarkoseneko langileak: «Egoiliarrek afaltzen dutenetik gosaltzen duten arte hamalau ordu pasatu daitezke, garbitzea lehentasun dugulako. Ez gara iristen. Jaikitzen ditugunetik oheratu arte, askok gurpil aulkian eserita ematen dute eguna».
«Egoiliarrek afaltzen dutenetik gosaltzen duten arte hamalau ordu pasa daitezke, garbitzea lehentasun dugulako. Ez gara iristen».
FELI VELAZQUEZErrenteriako Sanmarkosene egoitzako langilea
Beste datu bat ere eman zuen Velazquezek: aldundiak ezarria du egoiliarrak gutxienez astean bi aldiz dutxatzeko irizpidea, eta, langilearen hitzetan, «gutxieneko hori ere ez da betetzen». Gainera, egoiliarrek batzuetan kartoizko platerekin eta plastikozko mahai tresna eta edalontziekin egiten dituzte otorduak, «horretan ari diren langileen eskasiagatik» edota «langileak bestelako egitekoetara bideratu dituztelako».
Jesusen Bihotza zahar etxean goiz ematen diete gosaria, garbitu eta fardelak aldatu aurretik; langileek gosariaren ostean egiten behar izaten dituzte egoiliarren garbitasun lanak. «Gizagabea da bi egoitzetan dagoen egoera», esan du Sanzek.
Plantillaren %40, bajan
Langileak «esplotatuta» daudela salatu dute eragileek, eta egoera «eramanezina» zaiela baieztatzen duten datuak ere eman ditu Duintasuna elkarteko kideak: «Bi zahar etxeetako langileen %30 eta %40 artean laneko baja hartuta daude». Esan du, halaber, lortu dutela hobekuntzarik mobilizazioen bidez: «Sanmarkosenen bajarekin dauden langileak ordezkatzen hasi da enpresa orain, eta horrek arnasa apur bat eman die langileei. Hala ere, beste urratsik ez dute egin, oraingoz, eta aldundiaren zain gara bigarren bilera bat egiteko».
«Soilik herriak salba dezake herria, eta ezinbestekoa da zaintza publiko unibertsal duina».
JAVIER SANZErrenteriako Duintasuna elkarteko kidea
Datorren astelehenean amaituko da egoitzen inguruko lanketaren lehen fasea, Duintasuna elkartearen manifestazioarekin: «Bide instituzionala hasi dugu. Asteartean, mozioa onartu zuten Errenteriako Udalean, eta aldundiari berehalako konponbidea eman dezala eskatu diogu», esan du Sanzek. «Espero dugu udalaren esku hartzea bultzada izango dela egoera konpontzeko». Ezinbestekotzat jo du herritarrek orain arte egoitzen egoera salatzeko eman duten erantzuna: «Soilik herriak salba dezake herria, eta ezinbestekoa da zaintza publiko unibertsal duina».
Bide instituzionala zabaldu duten arren, Sanzek azaldu du ez dutela mobilizazioen atea behin betiko itxi. «Aterabide bat emateko denbora emango diogu aldundiari, baina, konpondu ezean, mobilizazioen aldeko bideari ekingo diogu berriro».