Abian da Kutxa fundazioaren Inspira Gazteak sariketaren bigarren aldia

Sariketaren helburua da «talentudun» gazteen lanari balioa ematea. Martxoaren 23ra arte, 20 eta 30 urte bitarteko gazteek aukera izango dute ideiak eta proiektuak aurkezteko.

(ID_17393903564805) (/EZEZAGUNA)
Kutxa fundazioak 2023an antolatutako Inspira Gazteak sariketaren lehen aldiko irabazleak, urte hartako irailean, Donostian. KUTXA FUNDAZIOA
Miren Mujika Telleria.
2025eko otsailaren 18a
05:00
Entzun

Abian da Kutxa fundazioak antolatzen duen Inspira Gazteak sariketaren bigarren aldia, eta fundazioa hasia da «Gipuzkoarekiko konpromisoa» duten «talentudun» gazteen bila. Hain zuzen ere, horixe da sariketaren helburua: herrialdeko «gazte talentudun eta konprometituen» lana babestea eta hari balioa ematea. «Beste gazte batzuentzat erreferentzia izan daitezkeen pertsonak ezagutarazi nahi ditugu, eta lan egiten jarraitzeko aukerak eskaini», esan dute antolatzaileek. Horretarako, 15.000 euroko bost sari banatuko dituzte aurten. Parte hartzaileek 20 eta 30 urte bitartean izan behar dituzte, eta martxoaren 23a izango dute ideiak eta proiektuak aurkezteko azken eguna.

Irabazleak hautatzeko garaian, Kutxa fundazioak «askotariko konpromiso ibilbideak» hartuko ditu kontuan, hala nola gizarte kontzientzia duten gazteak, «gizarte desberdintasunak murrizteko» proiektu eta ekintzetan parte hartzen dutenak, planetaren ongizatearekin eta jasangarritasunarekin konprometitutakoak, «aktibismoarekin, salaketarekin, ikerketarekin edo boluntariotzarekin zerikusia» dutenak, edo artearen bidez «ingurune kulturalagoa eta sortzaileagoa» eraikitzen ari direnak.

«Belar hockeyko eskola sortu genuenean, argi genuen inspirazioaren bitartez hezi nahi genituela jokalariak, eta horregatik eman nuen izena sariketan»

NEREBA BELZUNEGIKutxa fundazioaren 2023ko Inspira Gazteak sariketaren irabazleetako bat

Martxoaren 23tik aurrera, parte hartzaile guztien proiektuak jaso ondotik, lehen hautaketa prozesua hasiko du epaimahaiak. Lehenik, hamabost finalista aukeratuko dituzte, eta horien artean izango dira aurtengo Inspira Gazteak sariketaren bost irabazleak. Ekainaren 26an egingo duten ekitaldi batean jakinaraziko dute irabazleak nor diren.

Sariketaren lehen aldia

Kutxa fundazioak 2023an antolatu zuen sariketa lehendabiziko aldiz. Bost irabazle izan ziren orduan ere: Aritz Gartzia, Miren Iraeta, Maialen Garmendia, Nereba Belzunegi eta Mattin Jauregi. Ekintzailetza, ezagutzaren sustapena, hezkuntza berrikuntza eta ingurumen ekimena, alor horietan saritu zituzten, hurrenez hurren.

Nereba Belzunegi hezkuntza berritzailea sustatzeaz arduratzen da Realeko belar hockeyko eskolan, «kirol minoritario» horretan duen esperientzia pertsonalean oinarrituta. Bi eginkizun nagusi ditu: erreferentziazko jokalariak etorkizuneko belaunaldien begirale bihurtzea eta belar hockeya jokalari gaztetxoenen inspirazio bilakatzea, kirol horren «balioak bizi» eta «hedatu» ditzaten.

Belzunegik belar hockeya transmititzeko duen «amets eraldatzailea» saritu zuen epaimahaiak, bai eta hezkuntza proiektu berritzaile bihurtzeko duen bokazioa ere.

(ID_14673003) (/EZEZAGUNA) inspira_gazteak_2023_1_0
Nereba Belzunegi Kutxa fundazioaren 2023ko Inspira Gazteak sariketaren irabazleetako bat, saria esku artean duela, Donostian. KUTXA FUNDAZIOA

«Lanean nengoela, Kutxa fundazioaren mezu bat iritsi zitzaidan posta elektronikora», kontatu du Belzunegik. «Mezuak zioen abian zela Inspira Gazteak sariketa. Baldintzak irakurri, eta izena ematea erabaki nuen». Izan ere, mezuan irakurri zuen Kutxa fundazioak hezkuntza berrikuntzari lotutako proiektu bati emango ziola bost sarietako bat, eta iruditu zitzaion Realeko belar hockeyko eskolaren hezkuntza proiektua irizpide horien barruan sar zitekeela. «Eskola sortu genuenean, argi genuen inspirazioaren bitartez hezi nahi genituela jokalariak, eta horregatik eman nuen izena sariketan».

Hain zuzen, proiektu hori aurkeztuta irabazi zuen Belzunegik. «Kristoren poza hartu nuen, eta harro sentitu. Oro har, kirol minoritario batek ez du oihartzun handirik izaten, eta askotan klubean egindako lanari ez zaio balio handirik ematen». Belzunegik esan du sariak «indarra» eman ziola klubari lanean jarraitzeko. «Guretzat, mugarri izan zen. Ordu hartan, bi zelai kudeatu behar genituen: Zubietako zelai berria eta Bera Berakoa. Jokalari batzuk Zubietakora eraman behar genituen, eta beste batzuk Bera Berakoan utzi. Ez zen erraza izan, baina sariak indarra eman zigun».

2023ko irabazleetakoak adierazi du «oso garrantzitsuak» direla Inspira Gazteak-en gisako sariketak. «Sortzera animatzen dituzte gazteak. Uste dut irabazi genuen bostok eta lehiaketan izena eman zuten gainerakoek gauzak sortzeko babesa sentitu genuela». Horrenbestez, Kutxa fundazioaren ahalegina eskertu du Belzunegik.

KONTUAN HARTUKO DIREN baldintzak

  • Ibilbidea. Parte hartzailearen ibilbide pertsonala.
  • Motibazioa. Norberaren helburuak bultzatzen dituen motibazioa.
  • Pentsamendu kritikoa. Gipuzkoako gizartearekiko begirada kritikoa eta arrazoitzeko gaitasuna.
  • Ekimenak eta lorpenak. Ibilbide pertsonala markatu duten mugarriak eta lorpenak.
  • Lidergoa. Beste batzuk inplikatzeko trebetasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.