Argazkilaria

Camille Chopin: «Kulturaren etorkizuna bermatzen duen jendea argazkitan hartu nahi nuen»

'Bai ala bai' erakusketa estreinatu zuen Camille Chopin argazkilariak azaroaren 28an Baionako Atalante zinemako saloian. Altxalili queer kolektiboari atera zizkion argazkiak ikusgai egonen dira urtarrilaren 14ra arte.

Camille Chopin argazkilaria, Hendaian, abenduaren 18an. GUILLAUME FAUVEAU
Camille Chopin argazkilaria, Hendaian, abenduaren 18an. GUILLAUME FAUVEAU
Xalbat Alzugaray
Baiona
2025eko urtarrilaren 10a
05:05
Entzun

Baionako Atalante zinemako eskaileretan ur pitxer bat daraman emazte baserritarra ikus daiteke karta postal batean, XX. mende hastapeneko jantziekin, zut. Alta, begirada ondoan duen kolorezko argazki batek erakartzen du. Hartan, berriz, Altxalili kolektiboko kide bat ageri da, XX. mendeko zaia luze batekin eta tutula ontsa loturik, begirada argazki kamerari zuzen eta segur zuzendua. Hain zuzen, Camille Chopin argazkilariak (Baigorri, 1997) Altxalili kabareteko kideak argazkitan hartu ditu, eta Bai ala bai deituriko erakusketa plantan eman du Atalante zinemako gaineko saloian. Chopin 11 urterekin sartu zen zirku eskolan, eta 2019an Ikuskizunen Artean diplomatu zen. Ondotik, 2023an, EFET argazkilaritza eskolan sartu zen urtebeteko ikasketa intentsiboa egiteko. Chopinen obrak identitatearen irudikapenean oinarritzen diren heinean, argazkietan hartu Altxaliliko kideen hamahiru argazkiren bilduma aurkeztu zuen azaroaren 28an, eta urtarrilaren 14ra arte iraunen du.

Altxalili queer kolektiboari argazkiak ateratzeko ideia nondik datorkizu?

Altxalili kolektiboa sare sozialetan segitzen nuen. Iazko EHZ festibalean eman zuten kabareta, eta orduan parada ukan nuen han ikusteko. Segidan harritu nintzen: bisualki biziki azkarra da euskal identitatea eta queer identitatea elkartzea eta nahastea, begiak zapartatzen dizkizu. Segidan pentsatu nuen argazkiak egitea, eta ideia proposatu nien. Banazka elkar ikusi genuen haien drag pertsonaia ulertzeko eta herriarekin zuten harremana ulertzeko. Hortik, duela urte bat eta erdi, argazki saioa egitea erabaki genuen, haien sorterrietan.

Zergatik atera zenituen sorterrietan argazkiak?

Barnealdekoak dira denak. Oholtza gainean barnealdeko identitatea aldarrikatzen dute. Biziki lotuak dira haien borrokari, LGBTQI+ izanik hautatu baitute beren herrian bizitzea eta ez ihes egitea. Orduan, ni biziki naturalki aldarrikatzen zutenaren oinarrira joan nintzen, eta haien aldarrikapen nagusia argazkietara egokitu nuen. Haien borroka iruditan kontatu nahi nuen.

Iruditan kontatu ahal izateko, bakoitzaren ingurunean murgildu dituzu?

Bakoitzak hautatu du non egin nahi zuen argazki saioa. Adibidez, Oihan Indart bere amatxiren baratzean da. Oihanek leku hori hautatu zuen beretzat biziki garrantzitsua delako eta leku horrek beretzat erranahi handia duelako. Poline Texierrek, berriz, etxaldea hautatu zuen, bere drag pertsonaia bere lanari lotua baita. Haien etxea, gurasoen etxea, etxaldea eta mendia ateratzen dira nagusiki hautatu zituzten lekuen artean.

«Biziki lotuak dira haien borrokari, LGBTQI+ izanik hautatu baitute beren herrian bizitzea eta ez ihes egitea. Orduan, ni biziki naturalki aldarrikatzen zutenaren oinarrira joan nintzen»

Zer erakutsi nahi izan duzu argazkien bidez?

Nik, argazkia hartu baino lehen, badakit zer nahi dudan, baina zehazki ez dakit sekula zer emaitza aterako den. Faktore anitz badira: eguraldia, argia eta abar. Argazki saio guzietan aro txarra ukan dugu, baina hau Euskal Herria da, eta jokoaren parte da! Nik nahi nuen oholtza gainean duten harrotasuna argazkietan islatu. Oholtza gainean beren burua onartzen dutenez, nahi nuen argazkietan ere toki bera har zezaten, beren herrietan tokia hartzen duten bezalaxe. Energia hori nahi nuen transmititu.

Kaiet Lapeyrade Altxalili kolektiboko kidea. CAMILLE CHOPIN
Kaiet Lapeyrade Altxalili kolektiboko kidea, Larla mendian, Arrosan, iaz. CAMILLE CHOPIN
Altxalili zabaltzeko balio dute zure argazkiek?

Nik erran nahi nuke Altxalilirekin egin dudan lana garrantzitsua dela. Parisen ohartu nintzen biziki garrantzitsua dela euskal kultura denborarekin eboluziona dadin. Ezinbestekoa da euskal kultura gurekin batera aldatzea eta, batez ere, gazteriak ematen duen bidea segitzea eta bizitzea, kultura zaharkitu ez dadin. Euskal kulturak egungoa izan behar du. Kultura tradizioan eta norman egoten bada, folklorea bihurtzen da. Altxalili bezalakoei esker, kulturak bizirik irauten du eta denboran zehar iraunarazten dute. Nik argazkiak hartu nahi nizkion kulturaren etorkizuna bermatzen duen jendeari.

Argazkia egitetik estreinaldia antolatzeraino zenbat denbora pasatu da?

Lehen argazki saioa apiril hastapenean izan zen, Dom Campistronekin. Lehenik, argazkiak aurkeztu nituen, ene diplomaren karietara eginiko urteko azken lan gisa. Ondotik, uda pasatu zen eta edizio prozesua abiatu nuen. Parisen egin nuen estreinaldia, azaroan. Pauso anitz dira, eta niretzat errazena argazkiak hartzea izan zen. Gero, argazkiak hautatu behar dira, eta hori biziki zaila da. Ez da ahantzi behar argazkiak landu behar direla: kolorea, argia eta abar. Zailena izan da argazki saioetako orotariko tokiak ikusita argazki guzien arteko oreka atzematea.

«Oholtza gainean beren burua onartzen dutenez, nahi nuen argazkietan ere toki bera har zezaten, beren herrietan tokia hartzen duten bezalaxe. Energia hori nahi nuen transmititu»

Lan gehien ematen duena zer da, argazkiak atera ondoko prozesua?

Bai, enetzat zailena argazkien hautatzea izan da. Inprimatzera bidaltzea ez da lan errazena ere, hautatu behar baituzu zer paper mota erabili eta abar. Azken pausoa eta zailena enetzat eszenografia pentsatzea izan da. Gainera, ez da bortxaz gure lana.

Zuk egiten duzu edo lagundua izan zara?

Atalanteko eszenografia Parisko estreinaldirako pentsatu nuen. Han, banuen sei metroko pareta bat, eta bloke bakar batean bakarrik ziren argazkiak. Baionan, berriz, argazkiak lekura egokitu ditut. Euskarri desberdinak badira. Batzuk koadroak dira, beste batzuk dibond panelak dira, eta eguzki oihal bat ere bada. Bestalde, Altxaliliko kideen argazkien ondoan karta postalak eman ditut dilindan. Erakusketan ez dut bereziki eszenografia sakonki landu.

Karta postalak aipatu dituzu. Zergatik eman dituzu karta postal zaharrak argazkien ondoan?

Karta postalak prozesuan sartu dira, Oihani esker. Karta postalak inspirazio iturri izan dira, hark biziki maite zituen klixeak baitziren. Ondorioz, nik xerkatu ditut eta landu ditut Oihanen ideia ulertzeko. Anitz baztertu ditut, eta, irailean dosierra berriz irekitzean, karta postalen eta argazkien artean lotura anitz zirela ohartu nintzen. Azkenean, artxiboetako karta postaletako leku beretan agertzen dira Altxaliliko kideak. Enetako, lotura horrek zerbait erran nahi zuen euskal identitateari buruz. Uste dut euskaldunak leku berei identifikatzen garela. Nahiz eta ehun urteko desberdintasuna izan, leku beretan agertzen gara.

Euskal Herrira ekarri duzu erakusketa. Zer sortu dizu Baionako estreinaldiak?

Biziki garrantzitsua izan da enetzat erakusketa Euskal Herrian izatea. Hemengo jendearekin eta hemengo jendearentzat pentsatu nuen proiektua. Altxaliliko kideek argazkiak lehen aldiko inprimaturik ezagutu dituzte; haiekin egotea biziki maitatu dut, eta emaitzaz bereziki kontent naiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.