Nico Cuenca

Zuritoen asanblada

2024ko maiatzaren 17a
05:00
Entzun

Haserre daude zuritoak, asaldatuta. Diote ez dutela inoiz horrelakorik bizi izan. Asanblada deitzea erabaki dute, egoeraren larritasunaren seinale. Antza, Bilbo erdialdeko hainbat tabernak zuritoak jartzeari uztea erabaki dute. Diru gutxi irabazten ei dute horrela, eta nahiago dute kañak eta trago luzeak jartzea. 

Pandemian hasi omen zen guztia. Terrazetan baino ezin zen tragoa hartu, eta, edari bakoitzerako denbora mugatzeaz gain, zuritorik ez jartzea erabaki zuten ostalariek. Behin-behineko neurria zelakoan, zuritoak ez ziren kexatu. Okerrena gero heldu zen, zuritoen kontrako jazarpena mantendu zutenean. Beste pandemia bati leporatzen diote zuritoek errua: izugarri azkar ugaldu diren turistena. Kolkoa bete diru datozen turistekin negozio hobea egiten omen dute, eta ez dute zurito ziztrinak edaten dituzten bezerorik nahi. Asanbladara kaltetutako beste kolektibo bat ere gonbidatu dute: kafeena. Azken bolada honetan taberna askok arratsaldez kafea eramateko baino ez duelako jartzen. Horrek ingurumenean dituen ondorioekin... 

Prezioen gorakadak gogor astindu du jendearen ekonomia: dela kopurua edo kalitatea murriztuz, dela prezioak igoz, edo dela produktu garestiagoak eskatzera behartuz

Auzoetara jo dute zuritoek babes bila, haietan oraindik libre sentitzen direlako. Baina ez dira fio. Auzo batzuetara gentrifikazioa izeneko pandemia heldu omen da, bizilagunei eta betiko tabernari askori errenta igotzea ekarri duena. Askok pertsiana jaitsi behar izan dute. Garitoak moderno eta cool dira orain —hitz hori ere ikasi dute—, eta zuritoak ere desagertzen ari dira.

Zuritoen asanbladaren berri izan, eta duela gutxi irakurritako inflazioari buruzko erreportajea etorri zitzaidan burura, murrizflazioa, cheapflazioa eta antzeko kontzeptuak jorratzen zituena. Cheapflazioa produktu baten osagaiak kalitate baxuagoko beste batzuengatik ordezkatzea da, osasunaren kalterako hainbatetan, eta murrizflazioa, prezio berean kopuru txikiagoa ematea. Egunero kontsumitzen ditugun produktuen %8ri eragiten omen diote, eta Frantziako Gobernuak saltokiak legez behartuko ditu hori egin duten produktuak identifikatzera. Zuritoen asanbladan ere zerbait entzun dute horretaz, tabernetan ere igartzen delako. 

Ostiralero, lankideekin kafea eta tostada bat hartzen ditut Bilbo erdiguneko taberna historiko batean, 3,5 euroan. Goxo jartzen dute, eta gustura joaten gara. Iaz, abisatu barik, tostadaren tamaina nabarmen murriztu zuten, prezioa, sikiera, mantenduta. Aurreko astean, ordea, 4 eurora igo zuten. Prezioen gorakadak gogor astindu du jendearen ekonomia: dela kopurua edo kalitatea murriztuz, dela prezioak igoz, edo dela produktu garestiagoak eskatzera behartuz. Izen asko baina ondorio bera. Fermin Muguruza berriro hizpide dugunean, burura etorri zait Negu Gorriak-en hirugarren diskoa: Borreroak baditu milaka aurpegi. Borreroak, ez dakit, baina inflazioak, zalantzarik ez. Galdetu, bestela, zuritoen asanbladan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.